Han eta Hemen | 2026ko Azaroaren 26a
7.500 lagunek euskararen koofizialtasunaren alde aldarrikatu dute Baionan
Irati Esparza Guimon
Joaldunen joare hotsean abiatu da azaroaren 21eko manifestaldia Laugatik. “Euskararen garaia da” lelopean, 7.500 lagun bildu dira Baionako karriketan, Euskal Konfederazioaren arabera. Pirinio Atlantikoetako prefeturak 7.000 zenbatu ditu. Euria hasi du bidean, eta Jacques Portes plazaraino joan dira manifestariak, Ipar Euskal Herrian euskaraz bizitzeko eskubidea legez berma dadin eskatzeko.
“Euskara koofiziala orain!” zioen buruko banderola Euskal Konfederazioko ordezkariek eta Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak eraman dute. Haien gibeletik, bigarren banderolaren inguruan bildu dira auzapezak eta parlamentariak, tartean Alain Iriart Euskal Elkargoko lehendakaria, Maider Behoteguy Euskararen Erakunde Publikoko lehendakaria eta Peio Dufau, Inaki Echaniz eta Colette Capdevielle diputatuak. Herritarrek osatu dute segidaren hirugarren zatia.
Baionako Jacques Portes plazan, Ihintz Oliden Euskal Konfederazioko bozeramaileak gogorarazi du zergatik eskatzen duten euskararen koofizialtasuna Ipar Euskal Herrian. “Euskarak koofizialtasuna behar du, euskaldunek frantsesek dituzten eskubide berak izan ditzaten, ez gehiago, ez guttiago”.
Euskaraz aritzeko traben adibide bat Hendaian ikusi da berriki. Herriko kontseiluko bilkuretan, zenbait hautetsik euskaraz hartzen dute hitza eta ondotik frantsesera itzultzen dute errandakoa. Irailaren 30ean, herriko kontseiluak barne araudian jaso zuen hautetsiek hala egiteko aukera. Baionako suprefetak xedapen hori kentzeko eskatu zion Herriko Etxeari, eta azaroaren 18an, manifestaldia baino hiru egun lehenago, kontseiluak arauditik kendu zuen. Hendaia Biltzen taldeko hautetsiek adierazi dute bilkuretan euskaraz egiten segituko dutela.
Sébastien Castet Jauregi bozeramaileak Frantziako Konstituzioaren 2. artikuluak ezartzen duen oztopoa aipatu du. Euskal Konfederazioak sustengua agertu dio Peio Dufau eta Paul Molac diputatuek aurkeztu duten Konstituzioa aldatzeko proposamenari. Hizkuntzen aldeko lege orokor bat ere galdegin du, hiztunek zer eskubide dituzten eta horien bermatzeko erakunde publikoek nahiz eragile pribatuek zer betebehar dituzten finkatzeko.
Oliden Euskararen Erakunde Publikoko partaideei zuzendu zaie, 2050ean Ipar Euskal Herriko biztanleen %30 euskaldun izan daitezen. Helburu horretara heltzeko, euskalduntze plan zabala eskatu du, irakaskuntzan urrats handiagoak egiteko eta horretarako behar diren diru baliabideak emateko. Ondoko hilabeteetan, Euskal Konfederazioak eragile politiko, sozial eta sindikalei proposatuko die euskararen biziberritzeko gutieneko baldintzak elkarrekin adostea, Parisen aitzinean eskakizun berak defenda ditzaten.





.250203.jpg)
