Ba ote dakixu? | 2026ko Azaroaren 26a
San Frantzisko Asiskoa (3⁄4)
Gilen Bacho
1210eko hamarkada hasieran, gero eta jende gehiago, usu gazteak, Frantziskoren komunitateari hurbildu ziren, anaitasunean sartzeko nahiarekin. Garai horretako testigu zenbaitek laiko lagun berri horiek ez zirela aski gidatuak deitoratzen zuten, egoera horrek ondorio txarrak zituela erranez.
Jainkoaren inspirazioa
Halere, Frantziskok lagun berrieri bere ibilbidearen adibidea segitzea eskatzen zuen. Lagun berriek azterketa mota zenbait pasatu behar zituzten. Lepradunen zerbitzuan, gohainduraren gainditzea eta beren buruaren ahanztea ikasten zuten. Eskean ibiltzean, partikulazki haien sorterrian, lagun berriek, usu burgesiatik edo nobleziatik etorriak zirenak, ahalkea gainditzea ikasten zuten. Frantziskok ez zuen bere larderia inposatu nahi bere anaieri. Bere biziak, ekintzak eta ibilbideak lagun eta anaia berriak inspiratu behar zituzten. Anaia berriak ez ziren Frantziskoren eta anaidiko arduradunen zerbitzariak izan behar. Gilles anaiari errezibitzen zuen inspirazioa (Jainkoaren inspirazioa) segitzea eskatu zion eta beste anaia guziei ber gauza eskatzen zuen. Arrazoi horregatik, anaidiaren urteroko biltzar orokorra beti Mendekostez antolatua zen, izpiritu saindua apostoluaren gainera jaitsi zen egunean. Izpiritu sainduak zituen anaiak gidatu behar.
Sultanarekin elkarretaratzea
1213ko udan, Frantzisko, Bernard anaiarekin, Konpostelako beila egitea entseatu zen baina ez zen bururaino heldu, bidean, Sahaguneko inguruetan, nekaduraz erori baitzen. Bi urte lehenago, Jerusalemera joaitea entseatu zen (memento batean zeinean giristinoek hiri sainduraino joaiteko baimena bazuten), Ancona portutik abiatuz, baina tenpestak bere bidaia gelditu zuen eta Dalmaziako kostaldean lehorreratu zen, Split hiriko inguruetan. 1219ko Mendekostez, bosgarren gurutzadako tropekin bateratzea erabaki zuelarik, Jerusalemeraino heltzea ez zen gehiago posible, berriz piztu zen gerlagatik. Bere nahia ez zen gerla justifikatzea, alderantziz, bere anaieri erran zuen bezala, “etsaien maitasuna” zuen defendatu nahi. Izpiritu horrekin zuen espedizio horretan parte hartu, Egipto arte. Bere esperantza zen Egiptoko sultana (Al-Malik al-Kamil), musulmana zena, giristinotasunera konbertitzea. Sultanarekin elkarretaratzea Damietta hiriko setioaren testuinguruan iragan zen (gurutzatuek zuten egiptoar hiria setiatzen). Setio gogor eta luze horrek gosetea eta eritasuna hedatu zuen egiptoar hirian. Horregatik, Frantzisko eta sultanaren arteko elkarretaratzea hiritik kanpo, kanpamendu batean, iragan zen. Sultanak ongi errezibitu zuen (giristino anitz bizi ziren Egipton) baina ez zuen erlisionez kanbiatu nahi. Frantzisko gurutzatuen enbaxadore bezala ikusten zuen eta bake eskaintza egin zion, gurutzatueri transmititu behar zuena (Damietta Jerusalemen kontra). Baina, Pelagio legatuak eskaintza errefusatu zuen eta gurutzatuek hiria indarrez hartu zuten. Hiriko okupazioaren baldintzak gatazkak sortu zituen gurutzatuen artean, italiarren eta frantziarren artean, Frantziskoren atsekabe handirako. Horregatik, gurutzada utzi zuen, Palestinara buruz abiatu zen eta, hilabete zenbaitez, Saint Jean d’Acre hirian egon zen, eri baitzen (malaria bildu zuen Egipton), Italiara itzuli aitzin.





