Euskal diaspora | 2026ko Azaroaren 26a
Euskararen Eguna, Ateak Ireki, Patxaranga, Sarriugarte Mexikon, SPMeko trinketea, Anaiki eta Neskatxena…
Joseba Etxarri
EUSKARAREN EGUNA. Berez heldu den asteko asteazkenean da ENE, Euskararen Nazioarteko Eguna —gure diasporan arras ospatua den urteko egun berezia—baina aurten aste erdiko egun bat delarik abenduaren 3a, ez dira guti ospakizuna aitzinatu eta heldu den asteburura ekarri duten munduko euskal etxe eta komunitateak. Hala bildu ditugu Valentzia, Saladillo, General Rodríguez, Palma... eta andana bat euskal etxe herrialdetako deialdiak. Haatik, leku batzuetan Nafarroako Egunarekin bat eginik ospatuko dute, egun hori bera San Frantses Xabierren Eguna baita, saindu nafarra zendu zen eguna, eta besta egun ofiziala Nafarroan. Beraz, zorionak munduko euskaldun guzieri, nafarrei bereziki eta Xabier, Xavier edo Javier deitzen diren guzieri!
GAZTEMUNDUri ATEAK Ireki du izena Eusko Jaurlaritzak eta Batzen Elkarteak elkarrekin antolatzen duten diasporako gazteendako ekimenak. Xedea? Diaspora osoko berrogeitik goiti gazteeri Euskal Herria bisitatzeko eta hiru astez hemengo jendarte, hizkuntza eta kulturan murgiltzeko xantza ematea, familia euskaldunetan biziz, eta egun guziz aktibitatez beteriko programa bat segitzea euskal historia, lekuak, jendea eta lekukotasunen zuzeneko kontaktuan: euskara eta euskal kultura manera atxikian bizi dituen Euskal Herriko eskualde batean murgiltzea. Heiek bidaia eta asegurua behar dituzte pagatu, eta hemengo gastuak programaren kontu dira. Aukera izigarri polita eta bakarra da, bizi osoan atxikiko dutena, lagun berriak eginik mundu osotik jinak diren partaideen artean, eta anitz ikasiz egun guti horietan heien erroez, baina baita ere egungo Euskal Herriaz eta iragan aberatsaren jabe izanik geroa ere halakoa, aberatsa, emankorra eta bizi-bizia nahi duen herri honetaz. 18 eta 25 urte arteko gazterik ezagutzen baduzu, pasa otoi informazioa, ahantziko ez duten aukera baita. Ez da ezinbestean euskal etxe kide bateko kide izan behar. 2027ko ekainaren 26tik uztailaren 18ra izanen da, eta izena emateko epea abenduaren 20an bururatuko da. Argibide guziak Ateakireki.eus webgunean. Pasa hitza!
BOISE, IDAHO. Segitzen du Boiseko euskal komunitateko jende multzo batek 'Patxaranga' deitu duten txaranga bat aitzinarazi nahirik. 2025eko Jaialdin estreinatu ziren eta aurten ere Chinon, NABO Convention eta bertako Southern California Euskal Etxearen 80. urteurreneko bestetan ari izan dira. Baina gehiago nahi dute eta deialdi berria egin dute instrumenturen bat jotzen duen (edo gaztetan institutuan jo izan zuen, aspaldi jotzen ez badu ere) nornahiri taldera biltzeko gomita eginez, umore ona eta bestazaletasuna lagun, karriketara Euskal Herriko moldeko besta giroa eta urostasuna ekarri nahi duen orori zuzendurik. Ez dute fitsik galdegiten, ezta jotzea ere, nahikaria baizik, eta errepikekin engaiatzea. Norbait ezagutzen baduzu, idatz dezala alex.wray61@gmail.com helbidera.
MEXIKO HIRIA. Asteburu honetan hasiko du Danele Sarriugarte euskal idazleak bidaia Mexikoko Euskal Etxean eta literatura gune batzuetan parte hartzeko, baita Guadalajarako Liburu Azokan ere. Saint Pierre eta Mikelunen, Trinketeko txapelketa heldu den ebiakoitzean. Bestenaz, hasiak dira munduan Eguberri besta eta kontzertuak. Asteburu honetan, igandean, Pariseko Anaiki gizon-koralak, bere 'Noël Basque' kontzertua emanen du hiriko Saint Louis en L'ile elizan, Euskal Herriko Neskatxena koralarekin…





