Gure Hitza | 2024ko Abenduaren 12a
Emazte izateagatik
Ainhoa Etchenique
Laken Riley 22 urteko amerikarra zen. Georgia unibertsitatean erizain ikasketak segitzen zituen. Korrika egitera joan aitzin prekozioneak hartzen zituen. Egun hartan, 9tan amari elkar deitzeko libre ote zen mezu bat bidali zion, baina maluruski ez zion segidan erantzun. Amak 9:24tan alaba deitu zuenean berantegi zen. Gizon batek Laken Georgiako unibertsitatearen campusean erasotu zuen korrika egiten ari zela, eta bortxatua izaten ez baitzen utzi, gizonak neskatxa erail zuen. Haren gorpua hostoen azpian atzemana izan da, aurpegian zauri ugarirekin eta buru hezurra hautsirik.
Ez da baitezpada urrun joan behar holako istorio beldurgarriak entzuteko. Gure auzo herria den Urruñan adibidez, ekainaren 21etik Laure Zacchello biztanlea desagertu da. Nehork ez daki nun den, nehork ez du ikusi, haren senarrarengandik nahitarako giza hilketa izan dela susmatzen bada ere, frogarik ez da. Gaur egun, Laure bizirik atzematea esperantzarik ez da.
Emazte hunek 43 urte ditu, 5, 7 eta 9 urteko hiru haurren ama da. Haren senarrarekin dibortziatzen ari zirela badakigu. Laure beldurrean bizi zen, prekozioneak hartu zituen haren senarrak bere ordenagailuan sarbidea ukan ez zezan.
Hori dea gaur egungo mundua? Kanpoan eta etxean lanjerean izatea? Etxeko ataria alde batean edo bestean pasatzen dugun bakoitzean bizirik egoteko prekozioneak hartu behar izatea normala dea?
Nehon ez gira babestuak. Nehork eta deusek ez gaitu babesten ahal. Egoerak ikaratzen nau.
Gizon sortu den pertsona orok ez du irudikatzen ahal zer den emazte izatea.
Gizon batek korrika egitera joaten denean aitzinetik sekulan ez du pentsatu beharko zein bide hartu beharko duen segurtatzeko beti jendea izanen dela bere inguruan. Sekulan ez da beldurtuko gauaz gibeletik auto bat helduko zaionean. Sekulan ez da beldurtuko bakarrik izatea. Sekulan ez du erregularki gibelera begiratu beharko segurtatzeko nehork ez duela segitzen. Sekulan ez du gizonen begiradei, komentarioei ala jestu desegokiei aurre egin beharko. Sekulan ez du pentsatuko zein kiroleko jantzi eman beharko duen nardatua ez izateko.
Gizon batek galdera guzi horiek sekulan ez dizkio bere buruari galdetuko, irreala iduri baitu. Baina gaur egungo egoera hala da, eta ez atzerrian soilik.
Azkenean, gure bizia gizonek sortzen diguten beldurrari egokitu behar dugu. Emazte guziak ez gira segurean. Ez etxean, ez kanpoan, ez kirolean, ez lanean, ez eskolan,... Nehon ez. Mundu huntan, emazte izateagatik hiltzen ahal gaituzte.
Emazteei gure burua defenditzen irakasten digute, prekozioneak hartzen eta kasu egiten, baina egiazko arazoa gu ote gira?










