Herriz Herri - Arberatze-Zilhekoa (NB) | 2024ko Abenduaren 12a
MFA lantegiaren 15 urteak
Duela bi aste, azaroaren 23an, jende multxo pollita bildu da Arberatzen kokatua den MFA lantegian (Matériel Ferroviaire d'Arberats). Bere 15 urteak ospatzeko, enpresaburuak Arberatze-Zilhekoako eta Aiziritze-Gamue-Zohaztiko biztanleak gomitatuak zituen lantegiaren bisitatzera goizeko 10:30tarik goiti. 300 bat herritar eta langile hurbildu dira. Lantegi huntan trenbideetan erabiltzen diren altzairuzko materialak egiten dira.
Arberatzeko lantegian 110 langile dira eta aferak untsa doazela errana izan da. Lantegiaren hedatzea ere aipatu dute. Laburbiltzeko, MFA lantegia, Araba Laudioko JEZ enpresak eraiki zuen 2009an. Orduko buruak,Urtza Errastik erran du bere familia Espainiako gerla zibila denboran Ipar Euskal Herrira ihes egin zuela eta alde huntan untsa babestua izan zela. Geroztik zerbait zor ziola Iparraldeari erran du eta hola ulertu behar zela Arberatzen egina izan den eraikuntza duela 15 urte.
Gaur egun, MFA lantegia Austriako Voestalpine enpresaren barne da. Talde hau munduan zehar 38 herrialdetan hedatua da eta 55.000 langile kondatzen ditu.
MFAren bisita eguerditan bururatu da baso baten inguruan.











