Herriz Herri - Senpere (L) | 2024ko Abenduaren 12a
Suhiltzaileen besta eguna - Musika Larrekon larunbatean - Azaroko sortze eta heriotzak - Maddi Ane Txoperena - Jean Sauvairen azken obra - Grafoterapia tailerra
Suhiltzaileen besta eguna
Santa Barbara ongi ospatua izan da Ainhoako Ur-Hegian ostatuan abenduaren 1ean. Eguna goizeko mezarekin abiatu zen, handik landa 85 kidek parte hartu dute bazkari gozagarriaren inguruan. Hastapenean, minutu baten isiltasuna egin da, Pierre Bereau suhiltzaile ohiaren oroitzapenez. Jean Claude Errandonea zuzendariak, lehen lehenik parte-hartzaile guziak eskertu ditu bereziki Ainhoako herria, harrera ezin hobea eskaintzeagatik. Orotara 700 ateraldi eramanak izan dira, Zugarramurdi, Urdazubi, Ainhoa, Zuraide, Sara eta Senperek osatzen dituzten 13.500 biztanleko lurraldean. Azpimarratu dira klima aldaketagatik, urriaren 8an eta hazilaren 24an herriak jasan dituen ekaitzak, zorionez kalte arinekin. Bi ardatz nagusi nabarituak izan dira, kohesioa eta transmisioa, hala nola 3 suhiltzaile berrik ordezkatu dituzten erretretadunak, halere iduri du gazteetan suhiltzaile bokazioa apaltzen ari dela. Eskerrak suhiltzaile talde indartsu huni, segi dezatela sendoki herritarrei sokorrien ekartzen. Harrera ona egin diezaiegun egutegiak banatuko dituztelarik.
Musika Larrekon larunbatean
"Back to 80's" tituluarekin aurkeztuak izanen dira 80. hamarkadak sortu zituen kantu eta dantza ezagunenak, Frantzia mailan. Kantari eta dantzariek ikuskizun koloretsua eskaini beharko lukete Larreko kulturgunean, abenduaren 14an (20:00). Erreserba turismo bulegoetan baita sarreran bertan, prezioa 18€, murriztua 13€.
Azaroko sortze eta heriotzak
Horra zer seinalatua izan zaukun.
Sortze bat: Darboure Iban, hunen bizitza zoriontsua izan dadila.
Heriotzetan: Cerles Hervé 69 urte, Sendrez Michel 92 urte eta Métayer Marie-Louise sortzez Fournier 99 urterekin. Dolumin bizienak hauen senide eta adixkideeri.
Maddi Ane Txoperena
Xabier sainduaren eta euskararen besta egunean, topaketa zinez interesgarria izan da mediatekan, Maddi Anek idatzitako bi liburu desberdinen aurkezpenekin:"Ene baitan bizi da" eta "Ez erran inori". Harreman sakonak eta aberasgarriak sortu dira publikoarekin.
Jean Sauvairen azken obra
Senperen ongi ezagutzen dugun idazle eta kultur zaleak, bere azken liburua argitaratu du "Le château des étoiles". Bertzeak bertze, Abbadiako jauregia ongi nabaritua da eleberrian. Prezio ertainean salgai 10€, eskura daiteke liburutegietan baita publications@editionsdelarhune.com helbidean. Larunbat goiz huntan (10:00-12:00), idazleakliburu izenpetzea eginen du Leku-Ona liburutegian. Urte hondarrari buruzko oparitxo baten egiteko parada polita.
Grafoterapia tailerra mediatekan
Hitz bitxi horren gibelean, ikasketa bat proposatu da deneri itzulia, haurren laguntzeko eskuz idazten ahalik eta hobekienik. Carole Lascombe grafologoak, kontseilu tekniko sinpleak azalduko dizkigu, abenduaren 17an (17:30).











