Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2024ko Abenduaren 12a

Espekulazioari lotu tindaketa nahasgarriak - Denen Etxeko gela mukuru betea - Kantu afaria Gozategian - Kontzertua

Kantaldira jina zen publikoa
Kantaldira%20jina%20zen%20publikoa

Espekulazioari lotu tindaketa nahasgarriak

Nor ez da harritu azaroaren 30etik abenduaren 1erako gauean egin diren tindaketa basak ikustean, hogeita hamar bat, herri eraikinetan baita etxe partikular baten murru paretan ere, denak herri barnean. Ekintza ezin konprenituzkoa, herritar anitzentzat haserrea sortu duena. Alta bai, espekulazioaren kontra lan anitz egiten duen talde bat badago gure herrian (Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektiboa), Etxexuriaren saltzeko prezio burtxoragarria salatu zuen besteak beste. Herriko Etxeak ere bere aldetik, espekulatzaileen kontrako borrokan jarrera arduratsua dauka, mozioak bozkatuz, lur eraikigarrien erosketak eginez, lurren prezioa apalaraziz eta abar. Tindaketak bi egunen buruan garbituak eta arratindatuak izan dira. Gisa bereko tindaketak deia izan ziren Aiherran, joan den herriko bestetan.

Ez dugu komentariorik eginen, galdeak baizik: zer da ekintza honen helburua? Zertako Aiherran? Herriko Etxeak gertakari hau gaitzetsi du, eta salaketa jarri jendarmerian.

Denen Etxeko gela mukuru betea

Joan den abenduaren 1ean, igande arratsaldean, bekan baizik ikusten ez den jendaldea hurbildu zen Hazparneko Ezkia ikastolak Denen Etxeko gelan antolatua zuen kantaldira. Gela 400 bat ikuslez (ikastolako haur kantariak barne) tanpez bete zen, antolatzaileen eta kantarien plazera eginez.

Kantaldia manera ezin hobean iragan zen: denak ados dira erraiteko Ikastolako 134 haurrek ongi kantatu dutela, apuñatik emanez Otxalderen kantu alaiak, irakasle eta buraso musikariez lagundurik. Goresmenak hauen trebatzen arizan diren Mikele Duhalde, Maialen Elosegi eta Pantxika Ibarrari. Plazer bat zen ere haur horiek beren artean euskaraz mintzatzen entzutea.

Duela 49 urte sortu zen Otxalde taldeak bere publikoa badu, eta mereximendu anitz hainbertze urtez euskal kantua garaturik eta maitarazirik, bertsolari, kantu idazle batzuen eta berdin taldean idatzi hitzak ederki musikaturik. Otxalde taldeari esker haurrak, baita familiak euskaldunak izan ala ez izan, manera goxoan euskal giroan murgildu dira, eta ez da guti. Beskoitze eta Aiherrako lurretan abiatu zen talde mitiko honek euskal kantua biziarazten eta arraberritzen jarraikitzen du. Horrela segi dezala luzaz!

Ikastolako buraso antolatzaileek eskertu zituzten Aiherrako Herriko Etxea bai eta 48 enpresaburuak (hauen zerrenda ikusliar bakoitzari banatu liburuxkan dago) kantaldiaren antolaketa errazturik. Horrelako arratsalde kausituaren ondotik, pentsatzekoa da kantaldi hunek biharamunik izanen duela.

Kantu afaria Gozategian

Beltzuntze elkarteak oroitarazten dauku heldu den ostiralean proposatzen duen kantu afarian (19:30), nornahik parte har lezakeela, herritarrak ala beste. Afaria (Piemontetar entsalada eta mortadela, oilaskoki bilkari lursagar frijituekin, muselina fruitu gorriekin, bixkotx koilara, sagar errea banillarekin, arno eta kafea) 20€tan izanen da.

Haatik, tokia aitzinetik erreserbatzea galdatzen zuten, ostatua (05-59-45-91-63) edo antolatzailea (06-84-23-54-58) deituz edo beltzuntzeelkartea@gmail.com helbidera idatziz. Izenak abenduaren 10a aitzin eman behar baldin baziren, pentsatzekoa da azken mementoan ere hartuko dituztela. Herri auzoko esku soinulari edo akordeoilari ezagun batek kantariak lagunduko ditu. Zatozte zuen kantu liburuekin, eta ongi etorri deneri!

Abenduaren 21eko kontzertuan SUTAGAR

Arberoa ikastolak Aiherran antolatzen duen gaualdi honentzat (Istaklok, SUTAGAR etaDj elepunto), txartelak oraindanik salgai dira(15€)Helloasson edo Hazparneko Lurra Bio saltegian. Xehetasunak heldu den astean.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3765. zbk

Gure Hitza | 2024/12/12

Emazte izateagatik

Ainhoa Etchenique

Laken Riley 22 urteko amerikarra zen. Georgia unibertsitatean erizain ikasketak segitzen zituen. Korrika egitera joan aitzin prekozioneak hartzen zituen. Egun hartan, 9tan amari elkar deitzeko libre ote zen mezu bat bidali zion, baina maluruski ez zion segidan erantzun. Amak 9:24tan alaba deitu zuenean berantegi zen. Gizon batek Laken Georgiako unibertsitatearen campusean erasotu zuen korrika egiten ari zela, eta bortxatua izaten ez baitzen utzi, gizonak neskatxa erail zuen. Haren gorpua hostoen azpian atzemana izan da, aurpegian zauri ugarirekin eta buru hezurra hautsirik.

Ez da baitezpada urrun joan behar holako istorio beldurgarriak entzuteko. Gure auzo herria den Urruñan adibidez, ekainaren 21etik Laure Zacchello biztanlea desagertu da. Nehork ez daki nun den, nehork ez du ikusi, haren senarrarengandik nahitarako giza hilketa izan dela susmatzen bada ere, frogarik ez da. Gaur egun, Laure bizirik atzematea esperantzarik ez...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016