Euskal diaspora | 2024ko Abenduaren 12a
Jean-Leon Oçafrain, Johnny Curutchet eta Francisco haurra gogoan
Joseba Etxarri
GOGOAN BEUDE
Estatu Batuetako euskal diasporari eta bereziki San Frantziskoko euskal komunitateari lotuak diren Euskal Herriko lagunek bi elizkizun eta oroitzapen-ekitaldi ukanen dituzte aste huntan Behe Nafarroan, Ipar Kaliforniako Badiako hiri hartan zendu diren bi pertsona zinez ezagutu eta maitatu gogoan. Asteartean egina dute Ortzaizen Jean-Leon Oçafrainen aldeko elizkizuna. Bankarra sortzez, San Frantziskon pasatu zuen bizia, familia Mayte emaztearekin bertan sorturik. Duela 20 urte pasa etxea zuen Ortzaizen, eta Mayte emaztea, Isabelle eta Xabi seme-alabak, familia eta lagunak bildu dira Ortzaizen hura ohoratzeko hitzordura. Pertsona zinez atxikia zen, pilotazale, muslari, kantaria eta SFko Basque Club-eko (BC) eta Gure Euskal Etxeko (BCC) kide eta buruzagi, EEari emana, bere familia osoa bezala. Azaroaren 10ean zendu zen, 81 urtetan, eta familia eta lagunek Euskal Herrian ere egin nahi izan diote azken omenaldia.
Hala zen baita ere À¢'€'"euskaltzale atxikia, muslaria, pilotari, kantari, dantzari eta, bereziki pertsulariaÀ¢'€'" Johnny Curutchet (euskaraz Kurutxet ere idaztea maite zuen). San Frantziskon sortua, bi urte zituelarik familiarekin itzuli zen Euskal Herrira eta Ezterenzubin hazi, gero, 20 urtetan, gibelera San Frantziskora emigratzeko. Pertsularitzaren suia fier atxiki zuen zendu artio San Frantziskoko euskal besta, elgarretaratze, meza eta bestelako hitzordu guzietan. Pertsulari gisa "National Endowment for the Humanities" saria jaso zuen Washington hiriburuan, eta sari gehiago. Euskal Etxeko ekitaldiek bere gabezia sentituko dute. 78 urterekin zendua da azaroaren 26an, eta EHko familiak, ilobek eta lagunek elizkizuna antolatu dute bere oroimenez heldu den ebiakoitzean Ezterenzubiko elizan 11etan, pertsulariak ere partaide.
Gaurko kronika beltza beste heriotza batekin bururatuko dugu, kasu huntan are lazgarriagoa, zendu denak 9 urte besterik ez baitzituen. Duela urte et'erdi diagnostikatu zioten DIPG, garuneko minbizi sendaezin bat, Francisco Fredrickson Lizarzaburu haurrari, eta abenduaren 5ean hil da, doi-doi 9 urteak beteta, aitzineko astean bete baitzituen, zinez beheitua eta bere eskolako lagunez despeditzeko izan zuen urtebetetze-besta bat eginik. Francisco mutiko maitagarria zen, beti irria ezpainetan, munduaz interesatua, beti galdegiten, espazioa, astronautak eta espazio-ontziak maite zituena, pianoa jotzen ikasten ari zena, baita euskarazko hitzak ere. 2015ean Perun sortua, 2018tik Estatu Batuetara pasatua zen burasoekin. Bere aitatxi Wilfredo Lizarzaburu, Peruko Trujilloko Euskal Etxeko fundatzaile eta egun presidentea da, eta ardura bisitatzen zuen. "Gerlari bat izan zen hondarreraino", erran digu. "Ilusioa zuen heldu den urtean Idahoko Jaialdin izateko, baina...".
Goian beude.











