Orotarik | 2024ko Abenduaren 12a

Kukumarro

Xarles Videgain

Harpea eta leizea

Galdegina izan zait ea harpea eta leizea gauza bera ote den eta deblauki ezetz erraiten dut. Ez, ontsalaz harpea eta lezea bi gauza dira.

Otsozelaiko harpeak ezagutzen ditugu, ez dira leizeak. Errozateko harpea guziz ezaguna da; bere itxura berezia duelako. Min zonbaiten sendatzera joaiten balin bagara Bidarraira Harpeko sainduarengana, harpea da, ez da leizea. Lurden Massabielle harperaino joaten ziren eta joaten dira beilari euskaldunak.

Arbe hitza ageri da jadanik 1025ean. Harpea da izenak adierazten duen bezala, harri pean dagoena. Ez da baitezpada biziki barna joan behar lurrean. Beraz aterbe, gerizaleku izan daiteke eta ez da beheiti joaten, horizontala izaten da gehienik. Zuberotarrez "harri" erran gabe, "khar" hitza begiratu dute eta "harpea" erran gabe "kharbea" diote, hala nola Etxeberri kharbea Game-Zihigan "Sources de la Bidouze" erran gabe Uhauko kharbea deitzen da erreka horren urbegia Eltzarre baino beherago delarik.

Bestaldean, harpe erran gabe askotan "koba" eta "kobazulo" aipatzen dute eta "coba" hortan gaztelerazko "cueva" ezagun da. Baina Bizkaian izanik ere Urribasoko Lezandi ezaguna da, leze eta ez koba.

Harpea eta koba utzirik goazen ikus leizea zer den. Itheko oihanean, Arbailletan han badaude leize anitz, mila baino gehiago, espeleologian dabiltzanek kurritzen dituztenak. Bereziki Mendibe aldean bada Aphanizeko leize handia. 500 metro baino gehiago barna egiten duena. Ez dira ttipiak auzoan dauden Bexankako edo Oxalatzeko leizeak. Edota Behia lezea, Xipi Joseteko Leze handia.

Ikusten dugu espeleologoek egiten dituzten marrazkietan harpea eta leizea ez direla ber maneran agertzen; plan horietan garbi da leizeak daukan barnatasuna beheiti buruz dela, bertikala, eta aldiz harpe batean ez dela biziki jautsi behar. Erran gabe doa harpe baten zolan has daitekeela leize handia.

Harpea hitzak baino gehiago leize hitzak badu beste erabiltzerik, mendiz kanpo. Konparazione, gizonen eta animalienartean dagoen leizea aipatuko da, ez harpea, edo bi ideien artean dagokeen leizea. Edota leize hitza burura heldu da norbait gaixotasunaren lezean bizi delarik, hots, gaitzetik ezin jalgiz.

Beste hitz batzu badaude, beste behin aipatzekoak, urarekin lotuak gehienak, osin, gorga, losko, lamin-zilo eta luro. Hobia ere agertzen da toponimian hala nola Landanobiko lezea, hobia ez delako bakarrik hilerrietan izaten. Zilo handi bat izan daiteke beste xehetasunik gabe. Azken hitz bat Zuberotik. Norbaitek boza erlastua badu, eta leize baten azpitik atera balitz bezala entzuten dugularik, erran behar da boz hori lütho dela, luto. Lur azpitik jin baledi bezala.

Bego beraz diferentzia harpearen eta leizearen artean.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

Orotarik | 2024/12/12

Haziak mintzo

Donibane Lohizuneko Urkijo eskola

Haziak%20mintzo

Ikasleak Puy-du-Fou eta Futuroscopera!

Ekainaren 10etik 14ra eskolako 50 CE2/CM1/CM2 elebidunak Puy-du-Foura eta Futuroscopera joan ziren. Parke bakoitzean bi egunez egon zirenez, astia ukan zuten animazio eta ikusgarri anitz deskubritzeko. Bidaia pagatzeko haurrek antolatuak izan diren ekintzetan aktiboki parte hartu zuten: bixkotx salmenta Donibane Lohizuneko karriketan, ganer hustea eskolan, t-shirt eta pin's-en salmenta... Bi parke famatu horiek bisitatzeaz gain, haurrak elkarrekin bizi ziren 5 egunez. Mementu zoragarri eta ahaztezinak pasatu zituzten. Leher eginak baina pozez beterik sartu ziren etxera. Segur 10 urteren buruan segituko dutela haien artean abentura horretaz hitz egiten!

...

Irakurri segida

Orotarik | 2024/12/12

Itsas bazterretik

Piarres Larzabal Kolegioa

Itsas%20bazterretik

Comète sarea dokumentala XXIV Ficaben aurkeztua

Azaroaren 13an asteazken goizez, Irungo Mendibil zinemetan izan ginen 3.eko 12 neska-mutil Oiasso museoak urtero antolatzen duen Bidasoako Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoan.

Zinemaldi honetan, lehiaketan parte hartzen duten sail ofizialeko dokumentalez gain, Hezkuntza Sailean, ikastegi ezberdinek gure inguruko ondare arkeologiko, material edo memoria historikoa aurkezten duten bost minutuko laburmetraiak erakusten dira.

Guk, aurten, emakumeek Comète sarean ukan zuten isilpeko eta ausardia handiko lana omendu eta plazaratu nahi ukan dugu aurkeztutako laburmetraian: "Emakumeak erresistentzian: Comète ihesbide sarea". Horretarako gidoia, musika ezberdinak eta argazki sorta bat baliatzeaz gain, bi elkarrizketa grabatu ditugu; lehena, ikastegiko historiako irakaslea den Xan Berasategiri testuinguru historikoan barneratzen laguntzeko; bigarrena, Maddalen Sorhouet 95...

Irakurri segida

3765. zbk

Gure Hitza | 2024/12/12

Emazte izateagatik

Ainhoa Etchenique

Laken Riley 22 urteko amerikarra zen. Georgia unibertsitatean erizain ikasketak segitzen zituen. Korrika egitera joan aitzin prekozioneak hartzen zituen. Egun hartan, 9tan amari elkar deitzeko libre ote zen mezu bat bidali zion, baina maluruski ez zion segidan erantzun. Amak 9:24tan alaba deitu zuenean berantegi zen. Gizon batek Laken Georgiako unibertsitatearen campusean erasotu zuen korrika egiten ari zela, eta bortxatua izaten ez baitzen utzi, gizonak neskatxa erail zuen. Haren gorpua hostoen azpian atzemana izan da, aurpegian zauri ugarirekin eta buru hezurra hautsirik.

Ez da baitezpada urrun joan behar holako istorio beldurgarriak entzuteko. Gure auzo herria den Urruñan adibidez, ekainaren 21etik Laure Zacchello biztanlea desagertu da. Nehork ez daki nun den, nehork ez du ikusi, haren senarrarengandik nahitarako giza hilketa izan dela susmatzen bada ere, frogarik ez da. Gaur egun, Laure bizirik atzematea esperantzarik ez...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016