Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2024ko Abenduaren 12a
Oroitzapen - Obrak bideetan - Auzo batzordeen berri - Pilota - Eskuz Eskuren ateraldia - Kantaldi - Olentzero
Oroitzapen
Duela 70 urte hasi zen Ipar Afrikako eta bereziki Aljeriako guduan, Frantzian 25.000 gerlarik bizia galdu zuten. Frantses gobernuak 2003an erabaki zuen abenduaren 5a ofizialki ezagutzea hil horien oroimenez. Uztaritzen ere ospatu da egun hori joan den astean ekitaldi sinple batekin. Jean Tanneau gerlari ohien lehendakariak oroitarazi du nola iragan zen gudu hori eta izendatu Uztaritzetik bizia galdu duten bi soldaduen izenak, Jean Louis Lalande d'Olce eta Beñat Cazaubon. Ondotik Mixel Sarratiak, auzapeza ordezkatzen zuela, lore azau bat pausatu du eta entzun dira ohizko musikak ospakizuna bukatzeko.
Obrak bideetan
Oraikoan Hiribehere karrikaren bigarren lan sailak osoki bukatu dira. Errepieta bidea eta Leihorrondo bide juntaraino ziren lan horiek. Denak ongi moldatuak dira erdi bidea bera, abiadurentzat moldatu goizelaiak eta xikanak, bai eta ere espaloiak eta aparkalekuak. Abiaduran, karrika osoa 30etan mugatua da. Jendea hor ibiliko da lasaiago. Super U eta Bazterkarrika bidearen juntako biribilgunea, departamenduarenganik ere aitzinatua da ongi eta erran bezala hemendik hiru aste barne bukatua izan behar litaike. Zirgabidea aldiz oraino hetsia geldituko da. ''Nive Maritime'' sindikatuaren, Euskal Elkargoaren eta Herriko Etxearen artean dute erabakiko zer obra egin bide hori segurtatzeko.
Auzo batzordeen berri
Bi auzo batzordeen bilkurak iragan dira joan den astean, lehenik ortzegunean Etxehasiarena Haitzekobordan eta biharamunean Heraitze Astobizkar auzoarena Auzo Baita gelan. Bietan lehenik Erik Mailharancin axuantak agertu du nolakoa izanen den datorren urteko herritarren aurrekontu partehartzailea. Kaseta huntan berean aipatuak ziren araudiak iragan astean. Etxehasian gogoa dute aurkezteko berriz baratze partekatuen proiektua. Ondotik betiko arrangurak azaldu dira, partikulazki bide hertsi horietan autoen abiadura handiegiak, arrabotsak, bertan bizi diren zonbaiten axola eskasa. Heraitzeko biltzarrean agertu dira zehazkiago Astobizkarren egin lanak: autobus geltokiko aterbea bere zakarruntziarekin eta abiadurak mugatzeko egin tindaketak. Aldiz Internet sarearekin badituzte arazoak. Arkia ateka motzaren berrantolaketa beti hein berean dago, eraikuntza batzu baitira lehenik egin beharrak, nahiz aipatu den 2025ean lanak hastea oinezkoen segurtamenarentzat bederen. Heraitzeko plazaren antolaketa ere ez da berehala abiatuko ez jakinez oraino eskola nun jarriko den. Hiru ikusmolde dira agertzen: oraikoa berritu eta emendatu, eraikuntza berri bat egin ondoko lur eremu batean edo UGECAM erakundearen eraikuntzetan ezarri. Azken hau da hobekienik Herriko Etxeak ikusten duena. Bainan UGECAM erakundearen proiektuek luzatzen dute, beren eraikuntza berriak ez dira oraino hasiak. Plaza horrek baditu ere euri uren biltze saretan arazo larriak; lan hori orai Euskal Elkargoaren gain dago, bainan zaila da berextea publikoak eta pribatuak zoin diren. Arriskua bada oraino zonbait denboraz plaza hori orain den bezala ikustea.
Pilota
Joan den asteburuan hiru partida nagusi, helduen mailan, jokatu dira Uztaritzeko Kiroletan joko garbin. Emaitzak hauek izan dira: A1ekoen artean: Kapito Harri 28 Hardoitarrak 40; A2koen artean: Kapito Harri 40 Zaharrer Segi 27; B taldekoen artean: Kapito Harri 39 Senpere 40. Ondoko partidak asteburu huntan.
Eskuz Eskuren ateraldia
Aurtengo azken elgarretaratzea egin du Eskuz Esku elkarteak joan den larunbatean 104 bazkaltiar bilduz Eskulari Milafrangako trinketean. Giro ezin hobean iragan da bazkaria. Ondotik ohidura den bezala loteria egina izan da. Guti ikusten da loteria batean presuna berak sei aldiz irabaztea. Suerte hori gertatu zaio uztariztar ezagun bati, oso pozik gelditzen zela. Jakiten zen gero elkartearen biltzar nagusia iraganen dela urtarrilean.
Kantaldi
Urte guziz ohidura duen bezala Lapurtarrak abesbatzak eskainiko du Eguberriko kantaldia Uztaritzeko elizan heldu den igandean (17:00). Eguberriko kantu, eta beste kantu batzuekin osatua da egitaraua Sayonara Chhim andereak zuzendurik. Sartzea libroa izanen da.
Olentzero
Uztaritzeko ikastolak, Jondoni Bixintxo eskolak eta Kuttun elkarteak partzuergoan antolatzen dute Olentzero abenduaren 20an (18:30) Lota jauregitik abiatuko dena Purguko plazara heltzeko gisan. Sei kanturekin osatu da egitaraua, eta Pierra Etchecopar-ek kudeatuko du agerraldi hori. Jendeari galdegina da garai hortako beztiez apaindurik etortzea.










