Ba ote dakixu? | 2024ko Abenduaren 12a

Pariseko Notre-Dame katedrala (3/3)

Gilen Bacho

Viollet-le-Duc-ek asmatu duen ametsetako lukainketarik bat
Viollet-le-Duc-ek%20asmatu%20duen%20ametsetako%20lukainketarik%20bat

1789ko Iraultzarekin, katedrala, ordu arte artzapezpikutegiaren jabetza zena, nazioaren eskura jarri zen, elizaren ontasun guziak bezala. Orduz geroztik, Estatua katedralaren jabe egon da.

Katedrala abandonatua

1790ean, Apezeriaren Konstituzio Zibilaren dekretuaren ondotik, katedralaren kapitulua desegina izan zen. De Juigné artzapezpikuak konstituzio zibilari zin egitea errefusatu zuen eta emigratu zen. Jean Baptiste Gobelek ordezkatu zuen. Konstituzio zibila onartu zuen baina Iraultza erradikalizatu zelarik kargua utzi zuen eta, azkenean, burua moztua izan zitzaion. Iraultza denboran, katedraleko obra zenbait suntsituak izan ziren, errege galeriako Judeako erregeak bezala, iraultzaile zenbaitek Frantziako erregeak irudikatzen zituztela pentsatzen baitzuten. Adimenaren kultua finkatua izan zen 1793ko azaroan, Libertatearen bestarekin. Dekretu bidez, katedrala Adimenaren tenplu bilakatu zen. Memento batez, katedrala arno biltegi bezala erabilia izan zen ere! Izialduraren eta Robespierre iraultzailearen erortzearen ondotik, Notre-Dame berriz kultu katolikoaren leku bilakatu zen, lehen ofizio batekin 1795eko agorrilaren 15ean. Katedrala estatu txarrean zen. Fededunak koruan biltzen ziren mezaren segitzeko, garbitua izan zen leku bakarra baitzen. Halere, 1797an eta 1801ean, bi kontzilio bildu ziren katedralean. 1801eko kontzilioan zuen Napoleon Bonapartek Konkordatua negoziatu aita sainduarekin. Lan zenbait eginak izan ziren gertakari horri buruz eta sustut beste gertakari historiko batentzat, 1804ko abenduan, Napoleonen sagaratzea enperadore bezala, Pio VII aita sainduaren presentziarekin. Baina monarkia berriz finkatua izan eta, katedrala kasik abandonatua izan zen. Monumentua andeatu zen eta, estatu horretan ikusiz, hiriko arduradun zenbaitek katedralaren suntsitzea pentsatu zuten.


Katedrala berriz biziarazi

Katedralaren memento ilun horretan zuen Victor Hugok Notre-Dame de Paris eleberria idatzi (1832an). Idazlea edifizio horren mireslea zen eta publiko zabalari bere balorea erakutsi nahi izan zuen. Helburua lortu zuen, liburuak arrakasta handia ukan baitzuen eta mobilizazio azkarra sortu baitzen katedrala salbatzearen alde. Ber mementoan, Erromantizismo mugimenduak Erdi Aroko irudia berriz hobetu zuen. Orduan, 1844an, kultuen ministroak berritze plan handi bat erabaki zuen eta Jean-Baptiste Antoine Lassus eta Eugène Viollet-le-Duc zituen izendatu plan hori aitzina eramateko, Kapera Sainduaren berritzea ederki obratu baitzuten. Berritze lanek hogei urte iraun zuten (Viollet-le-Duc-ek bakarrik bukatu zituen, Lassus 1857an hil baitzen). Obra berri inportantena sakristiaren eraikitzea izan zen. Ehun bat estatua baino gehiago eraikiak izan ziren ere, kanporako. Horietarik anitz Viollet-le-Duc-en irudimenetik jalgi ziren, katedralaren aitzinaldeko ametsetako lukainkak bezala. Haussmannen obren baitan, eliza aitzina, 1860ko hamarkadan, libratua izan zen. Viollet-le Duc-en berritzea aipatzen delarik, orratzari da lehenik pentsatzen. Katedralak orratz bat bazuen, XIII. mendean eraikia, baina XVIII. mendean kendua izan zen. Orduan, Viollet-le-Duc-ek orratz berri bat eraikitzea erabaki zuen. 96 metroko orratza 1859ko agorrilaren 15ean estreinatua izan zen. Berritze handi horren ondotik, katedralak Pariseko Komuna eta bi mundu gerlak arazo handirik gabe iragan zituen. 1944ko agorrilaren 26an, Liberazioa ospatzeko, meza handi bat emana izan zen Notre-Dame katedralean De Gaulle jeneralaren presentzian. 1965ean, 24 berina leiho koloratu (Jacques Le Chevallier-en obrak), XVIII. mendean ezarriak izan zirenak, kanbiatu zituzten. Katedralak XX. mendea ederki iragan zuen baina 2019ko suteak erakutsi dauku betikoa agertzen dena, minutu zenbaitez desagertzen ahal dela. Zorionez, suhiltzaileen heroismoak Notre-Dame salbatu du. Zorionez, langileen lan miresgarriak Notre-Dame berriz biziarazi du. Eskerrik handienak haieri!

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3765. zbk

Gure Hitza | 2024/12/12

Emazte izateagatik

Ainhoa Etchenique

Laken Riley 22 urteko amerikarra zen. Georgia unibertsitatean erizain ikasketak segitzen zituen. Korrika egitera joan aitzin prekozioneak hartzen zituen. Egun hartan, 9tan amari elkar deitzeko libre ote zen mezu bat bidali zion, baina maluruski ez zion segidan erantzun. Amak 9:24tan alaba deitu zuenean berantegi zen. Gizon batek Laken Georgiako unibertsitatearen campusean erasotu zuen korrika egiten ari zela, eta bortxatua izaten ez baitzen utzi, gizonak neskatxa erail zuen. Haren gorpua hostoen azpian atzemana izan da, aurpegian zauri ugarirekin eta buru hezurra hautsirik.

Ez da baitezpada urrun joan behar holako istorio beldurgarriak entzuteko. Gure auzo herria den Urruñan adibidez, ekainaren 21etik Laure Zacchello biztanlea desagertu da. Nehork ez daki nun den, nehork ez du ikusi, haren senarrarengandik nahitarako giza hilketa izan dela susmatzen bada ere, frogarik ez da. Gaur egun, Laure bizirik atzematea esperantzarik ez...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016