Hegoaldean | 2024ko Abenduaren 12a
Gazteen Euskal Behatokia
M.V.
Gazteen Euskal Behatokia izeneko erakundeak txostena agertu berri du. Behatoki honek arreta ezarri du Euskadiko gazteen enpleguan, hezkuntzan, osagarrian, euskararen ezagutza eta erabileran, genero ikuspegian eta segurtasunean.
Euskadiko gazteen enplegu-tasa 2012tik izan den handiena da (%43), eta langabezia-tasa 2008tik ezagutu den apalena (%12,6). Haatik, kontratuen kasik erdiak aldi baterakoak dira, lan partziala eta prekarioa dutenak emazteak dira, nagusiki. Alta, diagnostikoaren arabera, emazte gazteen prestaketa maila gizonena baino hobea da, eta hala ere soldata apalagoak dituzte.
Hezkuntza maila Espainiakoarekin eta Europakoarekin alderatuz, agertzen da Euskadin diplomarik lortu gabe eskola uzten dutenen heina %6,7koa dela, Espainiakoa (%13,7) eta Europakoa baino anitzez ttipiagoa. Halaber, 30 eta 34 urte arteko gazteen %64,8k goi-mailako ikasketak eginak ditu, eta portzentaje hau Espainiar Estatuko gorena da.
Osagarria, bereziki mentala, gai kritiko bezala agertzen da. Gazteen ustez osasuna funtsezkoa izanik ere, 15-29 urtekoen heriotza kausa nagusia suizidioa da. Gainera, gazteen %16,3k Internet molde desegokian erabiltzen du, bereziki emazteek. Bestalde, tabakoaren, alkoholaren eta kalamuaren kontsumoa apaldu da, eta kirol jarduerak aldiz gero eta gehiago egiten dira.
Euskararen ezagutza beti goiti ari da belaunaldi berrien artean: hamar gaztetik zortzi aise mintzo dira eta lagunartean gero eta gehiago erabiltzen dute.
Bertze hizkuntzen ezagutza ere hobetu da: hiru gaztetik bik ingelesa ontsa mintzatzen dute, eta erdiek baino gehiagok hezkuntza-esperientzia bat bizi ukan dute atzerrian.
Azkenik, genero eta gizarte jarrera kezkagarrien iraupenaz ohartarazten du txostenak. Bertzeak bertze, beren buruak feministatzat dauzkaten gazteen heina apaldu da eta 15-19 urteko mutikoen artean eskuin muturraren zaleak gero eta gehiago dira. Emazteen %60a baino gehiagok genero-diskriminazioa jasan du, eta kasik laurdenak sexu-jazarpena pairatu du sare sozialetan. Gainera, hamarretik zazpi gauaz bakarrik ibiltzeko beldur dira.











