Azalekoa | 2025eko Urtarrilaren 23a
Departamenduko Laborantza Ganbarako bozak
A.E.
Sei urtetarik egiten diren Departamenduko Laborantza Ganbarako bozak oraintxe bertan iragaten ari dira, urtarrilaren 15ean hasi eta 31n bururatuko dira. Karia horretara, 180 bat laborari eta laborantzako eragile hurbildu dira Hazparneko Armand David lizeora, Euskal Hedabideek antolatu mahai-inguru debatera.
Laborantza Ganbara
Laborantza Ganbara kontsulta-erakundea (ganbara kontsultiboa) da. Frantzian sortu zen 1924ko urtarrilaren 3ko legearen bidez. Laborantzako hainbat eragile ekonomiko ordezkatzen ditu: laborariak, jabeak, langileak eta mutualitateak, kooperatibak, kreditu-erakundeak eta sindikatu orokorrak bezalako laborantzako erakundeak. Laborariak beren garapenean ere laguntzen ditu. Era berean, lurralde-antolamenduaren inguruko gai batean tokiko erakundeek kontsulta egiteko aukera dute.
Orotara frantses estatuan 94 Laborantza Ganbara badira, itsasoz haraindiko lurraldeak barne. Oro har, departamendu bakoitzak bere Laborantza Ganbara du. Ipar Euskal Herriko berezitasuna, "Euskal Herriko Laborantza Ganbara" duela da.
Hautetsiak, (45-48 Laborantza Ganbera bakoitzeko) sei urtero hautatzen dira sufragio unibertsal zuzenaren bidez eta honako hauek ordezkatzen dituzte: laborariak (21 jarleku), laborari ohiak (2), jabeak (2), ekoizpeneko langileak (4), erakundeetako langileak (4), talde profesionalak (11) eta CRPF (1etik 4ra).
Laborantza Ganbararen hauteskundeetan bozkatzeko, horretarako prestatu zerrendetan izena emana izan behar da. Bozkatzeko, laborantza etxalde baten kudeatzailea izan behar da, jabe, errentari edo maizter gisa. Bikotekideek, familia-laguntzaileek eta etxaldetako bazkideek ere bozkatzeko aukera dute.
Euskal Hedabideek antolatu debatea
Euskal Hedabideek Hazparneko Armand David lizeoan antolatu eztabaidan oroitarazia izan da azken bozkak 2019an iragan zirela, eta departamendu mailan, FNSEA-JA sindikatua lehena arribatu zela, kasik %54arekin, bigarren ELB %24arekin, hirugarren Biarnoko Conféderation Paysanne %13arekin eta azkenik Coordination Rural %9arekin.
Euskal Hedabideek antolatu saioa laborarien ordezkaritzari zuzendu da, hauek baitute gehiengoa. Hain zuzen ere, 33 jarlekuetatik 18 laborariek hartuko dituzte. Gehiengoan agertuko den sindikatuaren zerrendak aulkien erdia baino gehiago hartuko du eta beste erdia proportzionalean hartuko da. Eztabaida Pantxika Maitia eta Antton Castoreo kazetariek animaturik, hiru sindikatuetako ordezkariek hitza hartu dute: FNSEA-JA-tik Sébastien Uthurriague eta Iban Pebet, ELBren izenean Maritxu Lopepe eta Julen Perez, Coordination Rurale-tik Jean Pierre Suhit etaDavidSuzanne.
Gomitak hainbat gairen inguruan solastatu dira, besteak beste bakoitzaren engaiamenduaren definizioa ematea galdegina izan da, bai eta azken 6 urtetako bilana egitea. Laborarien kopuruaren apaltzearen aitzinean zer egin daitekeen komentatu da, krisiak eta eritasunen aurrean zer egin daitekeen, sor-marka eta produktuen kalitateari buruzko iritzia eman da, tokiko politiken erronkak, garapen numerikoa eta instalazioak, klima aldaketa eta inguramena, administrazioa eta formakuntzak aipatu dira besteak beste.
Debatea bururatzeko, sindikatu bakoitzak besteengandik nola bereizten den aipatu du, zergatik beren alde bozkatu behar den azalduz.
Otsail hastapenean hauteskunde sektorial honen emaitzak jakinen dira.











