Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2025eko Urtarrilaren 23a
Agiantzen ekitaldian: bisita, gogoeta, mintzaldi eta hurrupaldi - Goiti Aire elkartearen biltzar nagusia - Ostiralean bertso afaria - Mus txapelketa
Agiantzen ekitaldian: bisita, gogoeta, mintzaldi eta hurrupaldi
Urte berriko agiantzen ekitaldia iragan zen joan den ebiakoitz goizean, 60 bat herritarren parte-hartzearekin. Hiru taldetan banaturik, batzuk Beltzagitearen bisita egiten zutenean, besteek herri erdiko zeharkatzeaz tokian berean oharrak eta proposamenak egiten zituzten: autoak biziki fite pasatzen direla, ahantziz abiadura 50 kilometro ordura mugatua dela, oinezkoen pasabideak ikuspen eskasa duela, bidegurutzeen segurtatzearen beharra badagoela eta abar. Aurten obra handiak egin behar lituzkete herri erdiko zeharkatzearen hobetzeko eta emekiarazteko. Berriki zaharberritua izan den Beltzagitea etxearen bisitatzeaz arras kurios agertu dira herritarrak. Lehen okindegi eta ostatua zen Beltzagitea. Heldu den apiriletik goiti euskarazko haurtzain etxe bat aterpetuko du, 3 haurtzainek bakoitzak 4 haur zainduz sortuko dutelarik beren lanbidea. Erizainen kabinete batek tokia erreserbatua baldin badu, beste 2 lokal profesional alokatzen ahalko dira. T2 apartamendu batek, eta bilkura gela batek osatuko dute eraikuntza berritua.
Elgarretaratzea Herriko Etxean bururatu zen Herriko Etxearen hitz hartzearekin. Arño Gastambide auzapezak eta Kattalin Duhaldek hitza hartu zuten aldizka euskaraz eta frantsesez oroitaraziz Nazio eta Departamendu mailako diru laguntzak ttipituz joanki baldin badira ere, herriarentzat beharrezkoak diren inbestizamenduekin eta proiektuekin segituko dutela hautetsiek (hauetaz xehetasun gehiago emanen dauzuegu berantago). Azpimarratu dute harro zirela gazteentzat atxiki lur eraikigarri gehienetan herriko eta tokiko gazteak eraikuntza obrak hasirik ikustea, halaber etxe zaharren berritzean ere. Eskertu dituzte herriko elkarte guziak herriaren dinamizatzeko eskaintzen duten denbora eta nahikariarentzat. Aiherra-Antzuola parekatzearen 40. urtemuga kari antolatu ekitaldiak ez dituzte ahantzi, animazio aldetik urte aberatsa izan baita parekatu bi herrientzat. Gozategia ostatuaren kudeaketari dagokionez, ez dute alokatze kontratua berrituko oraiko kudeatzaile den Moujica jaunari.
Bururatzean opari bat eskaini diote berrikitan erretreta hartu duen Christianne Maffrand eskola laguntzaileari.
Herriak eskaini hurrupaldia hartuz bururatu zen ekitaldia, Herriko Etxeko gela handian, giro goxoan.
Goiti Aire elkartearen biltzar nagusia
Hirugarren adinekoen elkarteak, otsailaren 4an Aiherrako Denen Etxeko gelan eginen du urteko biltzar nagusia, astearte goizarekin (11:00). Biltzar nagusian aipatuko diren gaiak hauek dira: iragan urteari buruzko konduak eta txosten morala, bulegoko kide batzuen ordezkatzea, eta beste. Biltzar nagusiaren ondotik, denak mahain on baten inguruan bilduko dira, Denen Etxeko gelan. Apairuaren prezioa 26€, orain arte elkartearen kide direnentzat.
Jean-Louis Duguine lehendakariak oroitarazten du urtarrilaren 25ean, larunbat goizez (10:00-12:00) elkartearen bil tokian permanentzia atxikiko dutela urte sarien biltzeko, bai eta biltzar nagusiko bazkariarentzat izenak emaiteko. Izenen aitzinetik emaitea baitezpadakoa da!
Ostiralean bertso afaria
Ez ahantz ostiralean Beltzuntze elkarteak antolatzen duela 3. bertso afaria, Gozategia ostatuan (25€) Nerea Elustondo eta Julio Sotorekin (19:00). Ostegun arratseko berantenaz izenak emaiten ahal dira 06-87-71-08-98ra deituz edo beltzuntzeelkartea@gmail.com helbidera idatziz. Ongi etorri deneri!
Mus txapelketa
Joan den ostiralean hasi zen Frantziako mus txapelketa, gure herriko Gozategia ostatuan. 31 parek izena emanik, ostiral guziz bilduko dira hemendik goiti. Haatik heldu den astean ortzegunean dira bilduko (19:00), biharamunean iragan beharra den bertso saioagatik.
Martxoaren 15ean bururatuko da herriko finalarekin eta muslarien arteko afariarekin. Orduan dugu jakinen gure herritik kantonaletara sailkatuko diren lehen 6 pareak nor izanen diren.
Aurten finalen egun handia Hiriburun iragan beharra da apirilaren 21ean, Bazko astelehenez,eta txapeldunek munduko mus txapelketan parte hartuko dute. Hau heldu den urrian Argentinan iragan beharra da. Anartean xantza on deneri!











