Mundu zabalean | 2025eko Urtarrilaren 23a

Kurduak berriz erasotuak

J.B.

Kurduak%20berriz%20erasotuak

Siriako kurduak berriz lanjerean dira. Joan den urte hondarrean gertatu Bachar el Assad diktadorearen kanporatzeak sortu esperantza handiak ez ditu oraino duda guziak altxatu. Horietarik bat da Siriako kurduek pairatzen duten egoera. Azken 12 urte hauetan eraikia zuten lurralde autonomoa erasotua da Turkiaren eskumakilak dauden islamista milizienganik. Rojava deitu lurralde autonomoan sortu esperientzia demokratikoa, deneri idekia eta parte-hartzailea zalantzan ezarriz.

Kurduak historiako baztertuak

Gaur egun 40 miloi inguru kurdu kondatzen dira munduan zehar, gehien-gehienak Ekialde Hurbileko 4 estatutan banatua den 640.000kmÀ‚'²-ko lurralde batean. Lehen gerla mundiala bururatzean desegina izan den Ottoman inperioaren segidan sortu diren Estatu Nazio berriek ez diete lekurik utzi kurdueri. Nahiz jasan dituzten errepresioen ondorioz, munduan zehar ihes egiterat bortxatuak izan direnak ehun milaka kondatzen diren, gaurko egunean kurduen parte handiena Turkian bizi da (18 milioi inguru), beste bi parte nagusi Iranen (9 milioi) eta Iraken (7 milioi), laugarren zatia Sirian finkatua delarik 2,5 milioi biztanlerekin nunbaitan.

Siriako kurduekin gertatzen ari dena dugu hurbilagotik aztertuko. Azken urte hauetan xutik ezarri duten esperientzia politiko ohargarri bezain interesgarria berriz zalantzan ezarria baita joan den hilabetean Sirian gertatu den iraultzatik landa.

Rojava kurduen lurralde autonomoa Sirian

2011n Sirian abiatu den altxamendu demokratikoaren segidan izan den errepresioak eta gerla zibilak inarrosi dute Siriako gizarte osoa. Ondotik azkartu den mugimendu islamista eta laster hedatu den Daechen hegemoniaren kontra altxatu dira Siriako kurduak, aspaldidanik asmatzen zuten lurralde autonomo bat defendatu nahian. Lurralde hori Siriako Ipar Ekialdean hedatzen da, Siriako eremuaren laurden batean nunbaitan.

Berezitasun handiena da esperientzia politiko arrunt berria xutik ezarri dutela kurduek: konfederalismo demokratikoa, 25 urte hauetan Turkian preso den Abdullah Ocalan-ek proposatu teoria gauzatuz, demokrazia zuzena, ekologia eta emazteen parte hartze aktiboarekin. Gainera lurralde hortako populu eta sineste ezberdin guziak integratuz, izan kurduak, arabeak, siriakoak, armeniarrak, turkmenak edo ezidioak. Proiektu politiko inklusiboa eta parte-hartzailea, esperientzia baliosa eta ohargarria inguruko Estatu gehienetan bazterketa eta diskriminazioa nagusi direlarik.

Bainan joan den hilabetean esperantza handia sortu duen Bachar el Assad diktadorearen kanporatzeak duda zonbait sortu ditu geroari begira. Duda horietarik bat da Rojava Kurduen lurralde autonomoaren etorkizuna.

Kurduak berriz erasotuak

Kurduen aspaldiko etsaia den Turkiako podereak ez du begi onez ikusten bere mugetan sortu den lurralde autonomo hori, gudari kurduak gerizatzen dituenak. Behin baino gehiagotan Rojavako azpiegitura ekonomiko beharrezkoenak erasotu ditu kontrolatu nahi dituen mugaldeko lur eremutik kurduak haizatu nahian.

Aldi huntan, armadako hegazkin eta drone famatuak erabiliz, Siriako milizia islamistak laguntzen eta bultzatzen ditu Turkiako armadak. Rojavako hainbat hiri erasotu dituzte. Egun hauetan bonbardaketak segitzen dituzte kurdu zibilen kontra, erasoaldia Tichrineko barraderaren kontra kontzentratuz. 1,5 kilometroko eraikuntza erraldoi hori energia eta ur edangarri iturri nagusia baita eskualde guziko populazioarentzat. Rojavako agintariek diotenaz egitura baitezpadakoa da tokiko jendeen biziraupenerako, "ahuldua izan den barradera hausten badute uholde handiak izanen dira jende anitzen bizia lanjerean ezarriz" azpimarratzen dute.

Egoera zalantzakor hortan ikustekoa da Amerikan Estatu Batuetako agintari aldaketarekin Rojavan dauden 1.500 amerikar soldadoak egonen diren ala Trumpek jadanik erran duen bezala bere indar armatuak erretiratuko dituenez eskualde hortarik.

Ekialde Hurbilean, denbora laburrez, arrunt aldatu diren indar harremanek karta politikoak berriz nahasi dituzte. Kurduentzat arrisku handiena da berriz ere historian baztertuak izan diten.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3770. zbk

Gure Hitza | 2025/01/23

Bakarrik fiteago goaz, baina elkarrekin urrunago

Menane Oxandabaratz

Erranaldi ezagun honek, boluntario lankidetzaren garrantzia azpimarratzen du. Mugimendu batean pertsona bat engaiatzen delarik ez da kasualitatez, bakarrik jendartean gauzak aitzinarazteko laguntza ekarri nahi du. Balio berdinak partekatzen dituzten pertsonen artean komunitate bat sortzen da, lagun bilakatzen dira.

Euskal Herrian milaka pertsona engaiatu eta engaiatzen dira: kultur sailean, kirolan, politikan, sindikalismoan, enpresen sorreran... ahantzi gabe beharretan diren pertsonen sustenguan ari direnak. Pertsona motibatu batzuen nahikariari esker, tarteka burubero batzuk bezala ikusiak baziren ere, anitz gauza aitzinatu dira. Gaur egun ez baziren horrelako militante sutsuak izan, ez zen ikastolarik izanen, ez zen hedabide euskaradunik izanen, ez zen kooperatibarik izanen eta beste hainbat adibide balirateke zerrendatzeko.

Aitzineko astean euskal pilotaren inguruan ibiltzen...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016