Euskal diaspora | 2025eko Urtarrilaren 23a
Abarrotsa, Villa Maria barnetegia, "Pette Aguerreberry" eta gehiago
Joseba Etxarri
BURRUNBA.
Oraindik ere danborren burrunba, abarrots eta azantzpean helduak gira aste huntara, Madril bezalako lekuetan Euskal Etxeak segiturik bere haur danborradarekin eta baita FITUR Turismo Feira handiko euskal stand-ean ere, kolore berezia ezarriz. Argentinako Necochean ere, ostiral-larunbat eta igandez San Sebastian bestak eta danborradaz gozatuko dute.
VILLA MARIA.
Argentina, Cordoba probintziako Villa Maria herrian, bertako Euzko Etxea, Etxepare Euskal Institutua eta Argentinako FEVA euskal etxeen federazioa antolaketan lankide, udako barnetegia ari dira egiten aste huntan, heldu den ebiakoitzeraino (18tik 25era). Partaideak, euskara irakasle izateko prestatzen ari diren 20 ikasle, heietarik 19 argentinarrak eta bat txiletarra. Euskal Herriko Kinku Zinkunegi dute koordinatzaile; eta Gabriela Mendia, Gabriel Arce eta Sabrina Otegui argentinarrak dira barnetegiko euskara irakasle.
MAULE.
Aitzineko asteburuan eta heldu den huntan ere, urtarrilaren 24 eta 25ean, "Pette Aguerreberry, behin bazen Ameriketan" ikuskizuna ari dira ematen hiriburu xiberotarreko Maule Baitha zineman, izen bereko meatzari eta aitzindari xiberotarraren istorioa aipaturik. Gogora dezagun Pete Aguereberry (Kalifornian hala zen ezagutua) Kaliforniako Death Valley edo Heriotzaren Haranean bizi izan zela eta han ezarri zuela bere bizitokia, urre xerkatzaile. Hunako ikuskizunak Cali Etchecopar du idazle eta Michel Foucher zuzendari. Liburua ere bada Peteri buruz, George Pipkinek idatzia, eta honen euskal bertsioa ere, Xipri Arbelbidek euskaratua.
HAINBAT EKITALDI.
Urteak ere lanpetu segitzen du datozen egunetan. Mexikoko Euskal Etxeak bere mus txapelketa hasiko du aste huntan; Argentinako Chacabucoko Euskal Etxea bidaia prestatzen ari da Euskal Herrira irailaren 25ean jiteko; Arrecifesen, ere Mariana Dominé Irigoyen beste bidaia bat ari da prestatzen Euskal Herrira, hau ekainean; Créon-en, Bordele aldean, hitzaldia emanen du euskal sorginez Beñat Zintzo-Garmendiak ostiral huntan; Pauen, "Galette des rois" errege opila partekatuko dute Lagunt eta Maitako lagunek eginen duten elgarretaratzean; bilkura nagusiak eginen dituzte Homedale, Boise, Mexiko, Montpellier eta beste euskal etxe batzuetan; Parisen, urteko lehenengo sagardotegia ospatu ondotik, Beti Gazte elkarretaratze besta eginen dute asteburu huntan... Beti gauzak gertatzen eta antolatzen dira munduko gure Euskal Etxe eta komunitateetan. Heldu den astean gehiago. Segi bizkor, irakurle











