Han eta Hemen | 2025eko Urtarrilaren 23a
Herria astekariak bere 80 urteak aipagai
Urtarrilaren 16an, Herria astekariak prentsaurrekoa eman du Uztaritzeko Lapurdi gelan. 2025 aldaketa urtea izan dela eta, berritasun horietaz gehiago jakiteko prentsaurrekoa antolatu du.
Herriaren aurkezpena
Herria astekariaren aurkezpen orokorra egin eta, oroitarazia izan da harpidedun guziak, 1.594 hain zuzen ere, paperean dituela. Iaz Euskararen Erakunde Publikoarekin abiatu kanpainari esker (urteko harpidetza 17,50 eurotan ordaintzea ahalbidetzen zuena), astekariak 112 harpidedun berri lortu dituela azpimarratua izan da.
Astero, kronikak txandaka edota beren herriko berriak idazten dituzten 30-40 boluntarioak eskertuak izan dira, horri esker astero Ipar Euskal Herriko 20 eta 30 herriren berri ematen baita, gehienak Baxe Nafarroa eta Lapurdikoak. Oroitarazia izan da Herriak 2 langile baizik ez dituela: idazleburu bat eta idazkari bat.
Azken aldaketak
2024ko urrian astekariak 80 urte bete dituela eta, Herriak gaztetzearen hautua egin du. Izan ere, iazko urte hondarrean orain arte inaktibo ziren Facebook eta X sare sozial kontuak errekuperatu dira, bai eta Instagram kontua sortu. Astero sare sozialak elikatzen dira, paperezko astekarian irakur daitekeenaren zatiño bat agerraraziz.
Gaztetzearen desmartxa huntan, BADA komunikabideak erreportaia motz bat egin du Herriari buruz, sare sozialetara hedatu duena. Horren ondotik, astero elkarlan bat abiatua izan da. Sinbolikoki elkarlan polita da, hedabide gazteena eta zaharrena elkarrekin ari baitira.
Bestalde, urte hasieran paperezko diseinua aldatua izan da. Aldaketa nabarmenena logoa da, baina lehen orrialdean argibidea gehitua izan da, 5. orrialdeko lehengoko "Jainkoa Bizia Jendea" kronika orain "Gogoa hazi" berrizendatua izan da eta jokoak gehituko dira tokia izanen denean 12. orrialdean.
Herria euskararen bultzatzaile
Herria hasieratik izan da euskararen bultzatzaile eta arnas gune. Euskalkiari beti egin dio tokia, gaur egun oraindik Herriaren berezitasunetariko bat izaten segitzen duena. Euskaldun berrientzat ala euskara ikasten ari direnentzat egokia da, euskara errexa baitu, aberatsa eta irakurtzeko atsegina.
Historian zehar, Herria euskararentzat tresna inportantea izan da, sustut Ipar Euskal Herrian, eta etorkizunean ere hala izaten segituko du.
Prentsaurrekoan azpimarratua ere izan da beharrezkoa dela harpidedunen kopurua atxikitzeaz gain emendatzea, astekariaren diru iturri handiena izanez.












