Herriz Herri - Hazparne (L) | 2025eko Urtarrilaren 23a
"Girgileri anderea" - Suhiltzaileen agiantzak - Txik Txak sarea - "Une part d'invisible"
"Girgileri anderea"
Joan den asteazkenean iragan den elgarretaratzean anitz jende bazen Ttattolan. Argazkian ageri diren Maialen idazlea, Elorri psikiatra eta Antton erizainak erantzun diete jendearen galdeeri. Gehienik aipatu da nahasmendu bipolarra, jendearen nahia hori zelako... Gaualdi osoa euskaraz egin da. Beste gaualdi batzu antolatzekoak dituzte Ttattola kudeatzen duten gazteek. Haien berri emanen dugu berantago.
Suhiltzaileen agiantzak
Aurten ere suhiltzaileek iragan urtearen bilana egin dute berriki: ateraldien kopurua doi bat apaldu da: Hazparnen berean 307, Lekuinen 9, Lekornen 44, Makean 21, Izturitzen 9, Aiherran 29, eta 33 Bastidan. Jendeen laguntza beharra da gehienik gertatu: 459. Hori ateraldien %80a da. Urteko gertakari ohargarriak aipatu dira eta martxoan ospatu diren zentroaren sortzearen 100. urtearen ohoratzea. Gero auzapez andereak eskertu ditu emazte eta gizon horiek duten engaiamendu serios eta hain baliosarentzat. Bururatzeko zonbait medaila eman dira.
Txik Txak sarea
Urtarrilaren 6az geroztik aldaketa batzu badira: 13 linea 43a bilakatu da: Hazparne-Baiona, hamabi harat-hunat egunero. Linea berri bat 60a: Kanbo eta Donapaleurat buruz: bost joan-jin ostegunetan. Zerbitzu berri bat, berria eta berezia: bakotxak galdegin dezake laguntza etxetik autobusaren ondoko geltokirat edo behar den tokirat joaiteko. Zerbitzu hori bada astelehenetik larunbatera (07:30-19:00). Autobusaren hartzeko baldintza beretan egiten da. Berri guzien xeheki jakiteko txiktxak.fr gunera joaitea aski da.
"Une part d'invisible"
Fabrika Ttipia deitu taldeak du antzerki hori emanen larunbatean. Amaturrez osatua den kolektiboa da Fabrika Ttipia; La Fabrique Affamée taldeak emaiten dituen kurtsoetatik dator.
"Ahantziak, ezabatuak, ezinikusiak diren bederatzi emazteren biziak: partitze, ihesi eta esperantza, memoria hautsi eta gorputz funditu batzuen istorioak. Bai, bainan ilunetik argira pasatzen diren bederatzi emazteren istorioak...".
Emanaldia Haritz Barnen iraganen da, urtarrilaren 25ean, larunbat arratsez (20:00). Sartzearen pagatzeko kutxa libroa izanen da. Tokia aitzinetik atxiki nahi bada Hello Asso-tik pasatu behar da.











