Herriz Herri - Urruña (L) | 2025eko Urtarrilaren 23a
Txomin Dhers musikari urruñarra sariztatuta - Urruñatik Lapurdiko mus finalera - Afari-kontzertua Xaian - Urruñarren euskal liburuak 2024an - Laure Zachelloren senarra ez dute askatuko - Lorategi elikatzailea proiektua - Pala txapelketa
Txomin Dhers musikari urruñarra sariztatuta
Aurten, Donibane Lohizuneko musika sariak honako musikariak sariztatu ditu: ohorezko saria Benito Lertxundi kantari eta musikariari emanen diote eta gazte saria Txomin Dhers musikari eta musikagile urruñarrari. Sari banaketa otsailaren 1ean eginen dute (11:30), Peyuko Duhart kultur zentroan. Zorionak Txomin, eta segi aitzina!
Urruñatik Lapurdiko mus finalera
Euskal Herriko XVI. mus txapelketa aitzinera doa eta martxoaren 22an Xaian jokatuko den Lapurdiko finalerako Urruñan zortzi bikote sailkatu dira. Abenduaren 13an, Berttoli elkartean jokatu zen herriko kanporaketan lau hauek sailkatu ziren: Xalbat Petrisanz eta Jean François Rivera, Dominique Cachibate eta Hubert Seillan, Erik Hiribarren eta Ladix Olaizola, Felix Goiburu eta Mikel Manterola. Urtarrilaren 4an Xaia ostatuan jokatu zen Pausuko kanporaketan beste lau hauek: Joxe Joakin Etxabe eta Joxe Luis Barona, Nikolas Lapitz eta Antton Bidegain, Etxahun Aurkenerena eta Mattin Luku, Paxkal Oihagarai eta Bruno Mallet. Osora, 36 bikotek hartuko dute parte Lapurdiko finalean, eta horren ondotik, Euskal Herriko finala apirilaren 5ean, Araban, Zigoiti bailarako Gupegi herrian jokatuko da.
Afari-kontzertua Xaian
Martxoaren 7an ostiralarekin, afari-kontzertua izanen da Pausuko Xaia ostatuan. Erramun Martikorenak eta Patxi Saizek kantatuko dute. Sagarnotegiko menua izanen da. Aperitifa 19:30etan, eta horren ondotik afaria. Prezioa: 40 euro. Izena-emateko: 05-47-75-07-02.
Urruñarren euskal liburuak 2024an
Joan zaigun urtea Urruñan aberatsa izan da bertakoek egindako euskal liburugintzarako. Osora hiru liburu eta Urruña aldizkariaren 6. zenbakia plazaratu baitituzte. Ixabel Etxeberriak "Margarita, Nafarroako erregina (1492-1549)" izeneko saiakera plazaratu zuen Euskaltzaindiaren bitartez. Xerar Urrutia Jorajuriak "Barneko galderak" olerki-liburua Maiatzen bitartez eta Joseba Aurkenerenak "Haritzaren adarrak" izeneko liburu etnografikoa Dakit argitaldariaren bidez. Lau liburu horiez gain, aipatu behar dugu abenduan, Loraldiberri liburu eta disko azokarako, Urrunaga elkarteak plazaratu zuen "Urruña" aldizkariaren seigarren zenbakia, beti bezain aberats eta oparoa etorri zaiguna. Urruñarrek badute zer konta, eta euskaraz, gainera!
Laure Zachelloren senarra ez dute askatuko
Justiziak ukatu egin zuen, urtarrilaren 7an, 2024ko ekainean Urruñan desagertu zen Laure Zaccheloren senarra aske uzteko bigarren eskaera. 43 urteko gizona da emaztearen heriotzaren susmagarri nagusia. Laure Zacchelloren bikotekide ohia, azken honen desagerpenarekin zerikusia duelakoan, behin-behineko espetxealdian da. Hala erabaki du Paueko instrukzio ganberak, urtarrilaren 7an asteartez. Ondorioz, 43 urteko Alexis Juretek Mont-de-Marsaneko (Landak) espetxean segituko du, bikotekidearen hilketa eragotzita, ikerketa bukatu arte.
Lorategi elikatzailea proiektua
2024ko aitzinkontu partehartzailearen deialdian irabazi zuen "Lorategi elikatzaile" proiektuaren sorrerari buruzko bilkura publikoa egin dute urtarrilaren 16an ostegunarekin, Posta gelan, eta Korrika egiten duen Basoa elkarte kudeatzaileak proiektua urruñarren aitzinean aurkeztu du.
Pausuko pala txapelketa
Martxotik maiatzera, urtero Bakalau eta Berttoli elkarteek, Bidasoan Euskaraz kultur ekimenaren barruan, antolatzen duten binakako pala txapelketaren partidak izanen dira Pausun, Xaia ostatuaren aitzineko ezkerparetan. Finala maiatzaren 4an igandearekin jokatuko da. Parte hartzeko 15 euro pagatu behar dira, eta sarietan 1.000 euroko lotak banatuko dira. Izena otsailaren 16a baino lehenago eman behar da. Telefonoak: 05-47-75-07-02 eta 06-79-56-87-89.











