Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2025eko Urtarrilaren 23a
"Erran eta Bizi" elkartearen hitzaldia - "Indarkeriaren oi(h)artzunak" dokumentala - Zabalik elkartearen biltzar nagusia - Kontzertua - 2025eko otsail ostegunetako egutegia
"Erran eta Bizi" elkartearen hitzaldia
Aldi huntan, "Erran eta Bizi" elkarteak konferentzia bat antolatzen du Christel Petitcolin idazlea eta formatzailearekin. Manipulazio mentalean aditua da, eta 30 urte hauetan biktimen alde jokatzen da. Oraingoan, buraso manipulatzaileek haurrei emandako tratu txarren gaia jorratuko du.
Hitzordua, urtarrilaren 24an ostiralez, Bideaken (20:30).
Sartzea urririk izanen da.
"Indarkeriaren oi(h)artzunak" dokumentala
ETAk bere familia bahitu, eta Espainiar estatuak bere aita torturapean hil eta, 40 urte berantago, Tamara Muruetagoienak egia eta justiziaren bilaketa nekaezina egiten du. Aldi berean, bere familiaren tragedia kontatzen du. Baina, baita bere bidea ere, egia jakiteko, aitortzeko eta elkarrizketa gatazkak konpontzeko tresna nagusi bat dela.
Dokumentala, Fipadoc festibala kari, Donapaleuko San Luis zinegelan ikusten ahalko da, urtarrilaren 26an igandez (18:00). Amaia Merino Unzueta eta Ander Iriarte, dokumentalaren egileak hor izanen dira ondotik eztabaidatzeko.
Zabalik elkartearen biltzar nagusia
Zabalik elkarteak bere urteko biltzar nagusia antolatzen du hilabete hondar huntan eta bere kide eta laguntzaile guziak gomitatzen ditu. Biltzar hortan azken urtetan eraman ekimenen bilana eginen du eta ondoko hilabetetan jorratu beharko diren gaiak aztertuko eta hauetan 2025ean, Euskaraldia kari egin daitezken ekintzak.
Zabalikek deia luzatzen du euskararen erabilera bultzatu nahi duten guziei, biltzar nagusira hurbil diten, eta proposatuak diren lantaldeetan sar diten, denen artean indar eta kemen gehiago izaiteko gisan.
Hitzordua urtarrilaren 31n ostiralez, Touzaa etxean (19:00) emana da.
Biltzar nagusiaren ondotik krakada partekatua izanen da solaseri segida baten emaiteko umore onean.
Michel Labeguerieren omenezko kontzertua
Michel Labeguerie, mediku, politikari, kantari eta euskal kulturaren defentsan engaiatua zen gizonaren omenez, kontzertu bat eskainia izanen da Donapaleun otsailaren 1ean ibiakoitzez (18:00), San Luis zinegelan.
Musika eskoletako ikasleek (Baionako Maurice-Ravelkontserbatorioa, Xuberoko musika eskola, Donapaleu/Irisarriko eskola musika), Errenteriako txistu profesionalekin, programa berezia aurkeztuko dute. Aukera ona banda eta txistua elkartzen dituen egitaraua entzuteko.
Sartzea libre eta lekuak erreserbatzen ahal dira aitzinetik 07-86-33-00-71deituz.
2025eko otsail ostegunetako egutegia
Aurtengo otsail ostegunen gaiakjoan den asteko Herrian aurkeztu ditugu. Geroztik, Zabalikek xehetasun gehiago eman ditu egutegia finkatuz.
- "Palestina, eguneroko odoltsua": otsailaren 6an (20:30), Donapaleun Herriko Etxeko gela berdean. 1917tik hasi prozesua eta han izan direnen lekukotasunak entzuten ahalko dira.
- "Tokiko hazien berreskuratzearen erronka": otsailaren 13an (20:30), Donapaleun Bideakgunean. Niko Mendiboure Hazia sarekoa, eta Marc Badal "Haziak" liburuaren egilea hor izanen dira gaia barnatzeko.
- "Kabalkaden egiteko motibazioak": otsailaren 20an (20:30), Donapaleun Bideak gunean. Peio Berterretxe antzerkigileak egin duen ikerketa aurkeztuko du.
- "Itsas korronteak eta klima aldaketa": otsailaren 27an (20:30), Donapaleun Bideak gunean. Paul Moal-Darrigadek, berak egin duen ozeanografia tesiaren laburpena presentatuko du.
Oroitarazten dugu, hitzaldi horiek euskara hutsean egiten direla eta ondotik baso baten partekatzeko parada izanen dela elgarrekin solasean segitzeko.











