Gogoa hazi | 2025eko Urtarrilaren 23a
Jubilau urtea
Maite Iratzoki
Eliza katolikoak aurten jubilaua ospatzen du, hogoita bost urtetarik egiten duena. Hastapenean, berrogoita hamar urtetarik egiten zen, Moisen legean galdetua: Berrogeita hamargarren urtea urte saindutzat hartuko duzue eta Jubilau Urteemanen diozue izena. Urte hortan askapena oihukatuko duzue zihauren lurraldeko bizilagun guzientzat: nork bere lurren jabegoa berreskuratzen ahalko du, nor bere ahaideen artera itzuliko da... Herritarren artean zerbait saltzean edo erostean, ez egin kalterik batak besteari... Zuen herritar bat zorretan bada eta ez badauzue ordaintzen ahal, lagunduko duzue eta bizirik irautekoa emanen, zuen artean bizi den etorkinari bezala*. Juduen usaian edo tradizioan jubilaua askapen eta berrindartze komunitario urtea da, zorrak ezeztatuz, lurrak lehengo jabeeri itzuliz, landak pausan ezarriz heien biziberritzea hola lagunduz. Horrela jubilau urteak berdintasunera eta justiziara itzultzea sinbolizatzen du, sozial eta ekonomiko sailetan bai eta Jainkoak duen lehentasuna eta urrikalmendua gogoratzen.
Eliza katolikoan, jubilau urtea hamalau mendeko lehen urtean egin zen, 1300eko urte saindua izendatua, eta bigarrena 1350 urtean. Beilari anitz Erromara joaiten baitziren, Paulo bigarrenak jubilau urtea 25 urtetarik markatzeko erabakia hartu zuen.
Jubilaua errito sinbolikoek markatzen dute, fededuneri beren debozioa eta bertzeekin adixkidetzeko aukera ematen dituztenak, Jainkoaren barkamendua galdetzeko. Bertzeekin eta bere buruarekin baketzeko bide ezin hobea. Lehen sinboloa, Eguberri gauean Aita Sainduak ate saindua idekitzen duenean. Hiru aldiz atea jotzen du eta Jainkoa otoizten, fisikoki edo espiritualki ate hori pasatuko duten jendeen alde.
Aurtengo jubilauak gaia hau du: Esperantzaren beilari. Fededunak gomitatzen ditu espiritual bidaia baten egiterat, adixkidetze, bake eta urrikalmendu balioeri hurbiltzeko. Esperantzaren seinaleak berraurkitzera deituak dira fededunak: mundu huntako gertakarietan, esperantzaren bidexkak nola eta nun ikusi? Karrikan jendea etxerik gabe ikusten dugunean, haurrak gerlak traumatizatuak, beldurrean bizi diren pertsonak, eta hainbertze zorigaitz han eta hemen, fededunek esperantzaren argia pizturik atxikitzea gomitatuak dira. Zonbat boluntario lanean ari direnak beharrean dauden pertsoneri laguntza emanez. Boluntario horien kopuruak handitu behar luke urte honetan: auzo bati bisita bat eginez astean behin; barkamena emanez min egin daukun lagun bati; eri dena ikusterat joanez; ixilik egonez kritikatu ordez; denbora hartuz egunero otoitz egiteko. Esperantza ez da teoria bat, ikusmolde bat, itxurapen edo ameskeria bat. Konkretuzko jokamolde bat da. Egunero edo astero errepikatzen den itxaropenezko egintza batek errealitatea eta perspektiba aldatzen ditu. Bertze kolore bat, bertze musika bat ematen ditu. Itxaropena ez da funsgabeko optimismo edo baikortasuna, bainan graziaren dohaina bizitzaren errealismoan. Jainkoaren opari bat da, eta opari bat ez da errefusatzen!
Jubilau urte on! Esperantzaren irriñoarekin.
* Lev.25, 10.13.35










