Ba ote dakixu? | 2025eko Urtarrilaren 23a
Jimmy Carter, presidente humanista (À‚'½)
Gilen Bacho
2024 urteko azken egunetan, ehun urteko adin ederrarekin, Jimmy Carter, Estatu Batuetako 39. presidentea izan zena, pausatu zen.
"Hego sakona"-ren gizon politikoa
Jimmy Carter 1924an sortu zen Plains hirian, Georgiako Estatuan, landa-leku jabe eta fededun familia batean. Haurtzaroan, 1929ko Burtsaren Beheraldi Handia ezagutu zuen eta haren izugarrizko ondoriok ikusi zituen, hondamen ekonomikoak milaka behartsu bideetan gaindi igorri baitzituen, partikulazki Hegoaldeko Estatuetan. Giristino fedeak inportantzia handia ukan zuen bere bizian. 18 urterekin, Eliza baptistako diakre bilakatu zen. 1946an, 22 urterekin, Rosalynn Smith-ekin ezkondu zen (lau haur ukan zituzten). Annapoliseko itsas-akademiatik diplomatua atera zen. Zazpi urtez, itsas armadaren ofizier izan zen, itsaspekoetan zerbitzatuz. Baina 1953an, aita hil zitzaiolarik, itsas armada utzi zuen familiaren etxaldea berriz hartzeko. Ber mementoan, Plains-en, negozioko gizon zurien elkarte bat sortu zen. Elkarteak boikot kanpaina piztu zuen Carter-en kontra, elkartean sartzea errefusatu baitzuen. Carter-ek ez zuen xantaia onartu eta haren kontra hartuak izan ziren neurriak ezeztatuak izan ziren. Estatu Batuetako hego alde horretan ("Hego sakona" deitua) non arrazismoa hain azkarra zen, Carter politikan engaiatu zen, alderdi demokratan, eta 1963an Georgiako zenatur bilakatu zen. Garaipen horrek politika karrera piztu zion.
Georgiatik Washingtonera
1971n, Georgiako Estatuaren gobernadore bilakatu zen. Gobernadore gisa (kanpainan defendatu zuen posizioaren alderantziz), bereizketa arrazistaren kontra engaiatu zen publikoki. Hori erraiteko, memento horretan eta leku horretan, kuraia handia behar zen erakutsi (Martin Luther King urte zenbait lehenago eraila izan zen). Posizio hori hartu zuen "Hego sakoneko" lehen gizon politiko inportanta izan zen. Bere izena gero eta ezagunagoa zen herri osoan eta, ber mementoan, Errepublikanoak krisi handi batean sartuak ziren, Watergate-ko eskandaluarengatik. 1974an, Richard Nixonek bere kargua utzi zuen eta Gerald Ford, presidente-ordea, presidente berria bilakatu zen. Testuinguru horretan, 1976ko presidente bozaldia hurbiltzearekin, Carter-ek alderdi demokratako primarioetan hautagai izatea erabaki zuen. Carter ez zen faboritoa (bozen %10arekin hasi zen inkestetan) baina, Watergate aferaren testuinguruan, "Washingtoneko" klase politikatik ez ateratzea abantaila bat zen eta kanpaina ondoriotsua eraman zuen. Azkenean, bozen %40arekin primarioak irabazi zituen eta demokraten hautagai bilakatu zen. Errepublikanoen ahuleziaz baliatu zen. Gainera, Fordek Nixoni eman zion graziazko barkamena salatua izan zen. Carter-ek abantzu handia bazuen udan baina apaldu zitzaion polemika zenbaitengatik (bereziki, Vietnameko gerlako desertoreentzat amnistia proposatu zuelarik). Halere, presidente bozak irabazi zituen (bozen %50arekin) eta, 1977ko urtarrilean, Estatu Batuetako 39. presidentea bilakatu zen.
.215105.jpg)










