Orotarik | 2025eko Urtarrilaren 23a

Kukumarro

Xarles Videgain

Espantu

Espantu hitza aipatu nahi nuke. Zendako espantu? Espantu nuntik jiten den badakigulakoz eta euskaraz espantu hitzak bere bidea egin baitu, auzoko mintzairetan izan duen bidea ez jarraikiz, ez arras bederen.

Espantu erraiten da eskuarki norbait bere buruaz pixka bat hantua delarik, zerbait kondatzen duelarik egia ez dena, edota gauzak diren baino gehiago direla erraten duelarik. Konparazione, ihiztari bat espantuka ari da atzeman duen ihiziaz, arrantzariak izigarriko amuarraina bildu duela erranen du. Espantuka usaian ari dena jendeek ezagutzen dute eta laster ez sinesten. Gertatzen baita ohartzen direla gezurra dela eta orduan erraiten da sobera harro den lagun horrek bere espantuak sartzen dituela. Espantuak sartzea, alegia espantua zerbait handia balitz bezala, sobera handia eta hertu eta lehertu beharra. Oxobik dio: Huna zer duten hirian: espantu frango mihian. Edo: Zaldi itsuaren saltzaileak haren zangoez espantu.

Ohargarri da euskaraz, Iparraldean bederen, nola espantu hitzak fanfaroi erran nahi duen, nahiz ondoko mintzairetan ez den horrela gertatu: dudarik gabe espainolezko hitza jiten zaiku gogora, "espanto" eta "espantar" ezagutzen baita. Gazteleraz egungo egunean ere "espanto'' beldurra da, izialdura da. Beraz ez da arras espantu hitzak euskaraz erran nahi duena. Gaskoin okzitanieraz ere "espantar" erraiten da eta lehenago "izitzea" erran nahi zuen. Frantses zaharrean ere "espanter" erabiltzen zen bainan emeki emeki hitzaren itxura, ez erranahia, aldatu da eta egun "épouvanter" ezagutzen dugu. Erran gabe doa hitz horiek guziak latinetik heldu direla, espavere. Eta latinez prefosta "izitzea" erran nahi zuen.

Bitxi iduri du hitz baten erranahia nola kanbiatu den ikustea, hots nola "espantu" eta "espanto" hitzak lehenik lotuak ziren beldurrarekin, izitzearekin eta aldiz euskaraz nola lotua izan den geroago hanpatzearekin eta ororen buru irringarri den zerbaitekin.

Bide bat baino gehiago ikusten dut gure euskarazko espantu hori esplikatzeko. Hasteko espainolez eta gaskoinez "espanto" ez da bakarrik gauza beldurgarria. Ezen preseski gauza bat frankotan beldurgarri da guziz berezia delakoz, besteak ez bezalakoa, alimalekoa eta beraz estonagarri eta harrigarritzat hartzen da. Zerbait estonatzeko edo harritzeko balin bada, bada espantu izateko doia. Konparazione, espainolez norbaitek erranen du apetitu bat "de espanto" baduela, zinez apetitu handia. Eta euskaraz ere zerbait izigarri delarik ez gaitu horrek beti izitzen. Izigarriko abilezia diogu eta ez gara beldur.

Espantu hitza sartu zelarik euskaraz, harrigarri, miresgarri erran nahi zuen. Adibidez, eta erlisioneak pisu handia ukan baitu gure literaturan, mirakuluak agertzen zirelarik, espantu gisa aipatzen ziren. Orduan, espantu hitzak ez zuen deus tzarrik. Espantu eragiten zuen gauza ordea ona izan zitekeen. Laudorio bat zela ematen du orduan.

Baina laster zentzua kanbiatuz joan zen eta gure egungo erranahia hartu zuen, espantu, harro, fanfaroi, ahobero. Hainbesteraino non eta egun beldurra bera ahantzia baita espantu hitza entzuten dugularik.

Barka beraz irakurle, hitz horrek hartu duen bide bihurretik iganarazten bazaitut, pisu izanez.. Nago espantuka ari dena ez ote den funtsean putrun, oilo busti eta laster izitzen eta beldurtzen den horietarik. Agian bai, agian ez, zuk ikus.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

Orotarik | 2025/01/23

Haziak loratzen

Xingarzalea (Baiona B2-1)

Haziak%20loratzen

Errege Leon

Igoera zoragarria edo egiazko Baionako besten sorkuntza

Behin bazenEuskal Herrian, hiri ttiki bat Baiona izena zuena. Han bizi ziren biztanleak Baionakoak, beren xokoaz arrunt harro ziren, harroak bainan gisakoak, gisakoak bainan pobreak, izigarri pobreak ziren! Batzuk ofiziale, beste batzuk nekazari, goizetik gauera lan egiten zuten gosea sabelean. Langile izan arren ez zuten aski jaten beren gosea asetzeko baina aritzen ziren lanean eta lanean. Gainera, beraien zurezko etxettoek ez zieten aterpe onik ematen eta noiztenka, kanpotiar mozorrotu zenbait (miarriztarrak omen) etortzen zitzaizkien gutti zutena harrapatzera. Aldi oro, gauza bera zen, kanpotiarrek partitzean su ematen zieten etxettoei Baionakoak ikaratuta utzirik.

Egun batean, kokoteraino baitziren, bilkura batean, eztabaida luze baten ondotik, hor zegoen Leon izena zuenak hitza hartu zuen...

Irakurri segida

Orotarik | 2025/01/23

Itsas bazterretik

Piarres Larzabal Kolegioa

Itsas%20bazterretik

Sare sozialak 5.ekoei aipatua

Abenduaren 4 eta 6an, Andrea Aranguren psikologoa gomitatua izan da gure kolegiora 5.eko ikasleei "sare sozialei" buruzko sentsibilizazioa animatzera, bi orduz gelaka.

Lehen parte batean, joko baten bidez, ikasleek telefonoa zutenez, iphone-a, logeletan uzten duten, zenbat "story" igotzen dituzten, bikote bat dutenez, telefonoaren erabilpena burasoekin aipatzen dutenez, Snapchaten erabilpena, Youtuben jarraitzen dutenek, ordutegi bat dutenez eta beste eskatua izan zaie.

Ondotik, bospasei egoera aztertu dituzte talde ttipika eta talde handian aipatu eta gogoetatu.

Solas denboran, egoera bakoitzean biktimaren sentimenduak zerrendatu dituzte: baztertua senditzea, triste, haserre, amorratua, dezepzioa, mendekatzeko gogoa, lotsa, harridura, beldurra... Bestalde, zer egin daitekeen pentsatzen aritu izan dira: heldu batekin arazoak aipatu nahiz eta ez den errex, igotako argazkiak kentzea,...

Irakurri segida

Orotarik | 2025/01/23

Haziak mintzo

Miarritzeko Maria Saindua eskola

Haziak%20mintzo

Olentzero ospatu dugu!

Eguberriko bakantzak aitzin, Olentzero ospatzeko parada ukan dugu.

Miarritzeko Herriko Etxeak mediatekara gomitatu gaitu beste eskola elebidunekin ikazkina eta haren emaztea aurkitzeko. Goizean, ama eskolako ikasleak joan ziren. Lehen mailakoek arratsaldeko hitzordua ginuen.

Han arribatzean, ipuin musikatu bat entzun dugu eta berriz pertsonaia honen leienda deskubritu dugu.

Gero, kantuen tartea izan da. Garai honetako kantu tradizionalak landu genituen gelan egun honetan elkarrekin kantatzeko. Izanik "Din dan don", "Hator hator" edo "Olentzero joan zaigu", gure botzek leku guzia bete dute.

Eskolara itzultzeko denbora fite etorri da baina espero dugu gomita berriz ukaitea heldu den urteko. Momentu goxoa pasa dugu!

...

Irakurri segida

3770. zbk

Gure Hitza | 2025/01/23

Bakarrik fiteago goaz, baina elkarrekin urrunago

Menane Oxandabaratz

Erranaldi ezagun honek, boluntario lankidetzaren garrantzia azpimarratzen du. Mugimendu batean pertsona bat engaiatzen delarik ez da kasualitatez, bakarrik jendartean gauzak aitzinarazteko laguntza ekarri nahi du. Balio berdinak partekatzen dituzten pertsonen artean komunitate bat sortzen da, lagun bilakatzen dira.

Euskal Herrian milaka pertsona engaiatu eta engaiatzen dira: kultur sailean, kirolan, politikan, sindikalismoan, enpresen sorreran... ahantzi gabe beharretan diren pertsonen sustenguan ari direnak. Pertsona motibatu batzuen nahikariari esker, tarteka burubero batzuk bezala ikusiak baziren ere, anitz gauza aitzinatu dira. Gaur egun ez baziren horrelako militante sutsuak izan, ez zen ikastolarik izanen, ez zen hedabide euskaradunik izanen, ez zen kooperatibarik izanen eta beste hainbat adibide balirateke zerrendatzeko.

Aitzineko astean euskal pilotaren inguruan ibiltzen...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016