Herriz Herri - Urepele (NB) | 2025eko Urtarrilaren 23a
Heriotze - Mikel Epalzak eman duen predikua
Heriotze
Joan den astean, Mixel Aire 80 urtetan ehortzia izan zen. Lau haurride izanki, gazterik artzain Ipar Ameriketako Kaliforniara joan zen.Urte multxo bat han iraganik, berriz Urepelera jin zen.Marie Michelle Bethartekin ezkondua, elgarrekin 3 alaba hazi zituzten, hauek "Aire ahizpak" izenarekin kantu munduan ezagutuak direnak.Bizia artzain soil iragan zuen, berari usu entzuna "ni artzaingoari nuk zordun".Mixel ezagutua izan zen ere bertsolari gisa.Xalbador bertsolari famatuaren semeak bere bidea ongi segurtatu zuen, nahiz ez den beti abantaila aita ezagun baten semea izaitea.Hemen atxikiko dugun oroitzapena da, Mixel konpainia goxoko gizona zela.Joan den ebiakoitzean, Urepeleko eliza ttipiegia zen azken egoitzara lagundu zuen jende ostearentzat.
Mikel Epalzak eman duen predikua
"Xalbadorrenean ikasi du Mixelek zer den iloba, seme eta anai izatea; ele guti artean, etxeko supazter goxoan, amatxiren altzotan; aita Xalbador eta ama Leoniren eguneroko maitasunean.
Eskola finitu eta 14 urterekin etxeko lanetan buru eta belarri, artzaingoari lotu zen; adin hortan, sei hilabete luze pasatuz Xiberoko mendietan etxeko artaldearekin. Hola du iraganen bere bizi osoa; maiatzetik urri arte mendian eta neguan behereko bazka eremuetara, Amikuze, Xibero eta Lapurdi barna.Maitatu du artzain ofizioa. Aitatxi, aita eta anaiaren ofizioa, eta orain Miren bere alabarena.Maitatu duelakoz ditu bakardadeak eta nekaldiak jasan ofizio hain noble hortan irauteko.
25 urterekin abiatu zen Kaliforniara artzaingoaz bizia irabazteko. Aitak igorri zizkion bertsuak gomendatuz etxerako bidea:
Maite hituen behi, ardi ta bildotsak
hemengo mendi eta dohain baliosak
etxeari loturik gaduzkaten gauzak
zer irabazten dugun gogoa har ezak
hauen amodioa galtzen badauk sosak
Bortz urte iragan ondotik, Ameriketako bueltan ezkontzen da Marie Michele Bethartekin, urepeldarra hura ere eta hiru alaba xarmantak ekarriko dituzte mundura: Miren, Amaia eta Paxkalin eta ondotik 8 iloba. Xalbadorreneko artzaina izan ondotik Pokomotzenean da jarriko lurgabeko artzain.
Haurtzaroan, Xalbadorreneko supazterrean da kantuari lotzen. Lehen kantua aitak erakutsi zakon arto xuritze denboran, Itsua eta Sastrearena.
Bertsotako zaletasuna odolean sartu zitzaion aitaren kopla hain sarkorrak entzunez eta bere baitatik hasi zen gazte denboran bertsotan eta bizi guzian bertsolari misioa du kunplitu. Hiru aldiz Nafarroako txapelketa zuen irabazi Lesaka, Leitza eta Iruñan eta 2010ean Xilabako Iparraldeko bertsolarien sari txapela soinean eman zuen. Mendi gaineko ixiltasuneandute Xalbadorrek eta Mixelek atzeman bertsotarakoiturri paregabea, heien gogo eta ariman. Aire sendian, kantua odolean denaz geroz, hiru alabek Euskal Herri guziko plazak alaitzen segitzen dute heien boz garbi eta ongi juntatuekin.
Mixelek Jainkoaren baitan izan du sineste barnekorra, otoitzari josia.Hil bezperan izan ginuen solasaldia telefonoz eta erraiten zautan prest zegoela goiko artalderako bidea hartzeko, egiazko bake batekin. Job bezala, eritasun dorpearen aitzinean, gogoan erabili ditu hitz hauek "badakit nik nere salbatzailea bizi dela eta ene begiez ikusiko dutala Jainkoa".
Jesus sortu zelarik aingeruak artzaineri jakinarazi zien berria, eta artzain xume horiek izan ziren lehenak Jesusengana hurbildu zirenak, heien presentekin: doaike gasna Maria eta Josependako, estalgi bero bat sortu berriarendako bai eta segurikan bildots bat Jesusen saihetsean etzana. Haur horrek derauku:"Ni naiz artzain ona. Bizia ardientzat ematen dut".Hitz horiek Mixelenak izan ditaizke bere bizia eman baitu ardientzat.
Joan zauku Jesusengana bere presentak eskaintzera eta Jesusek etxekotzat du onartuko.Mixel izan da umila, goxoa, bihotz handikoa etxean, mendian eta herrian, Euskal Herriari atxikia.
Maitasunez inguratua utzi du mundu hau eta maitasunez ere izanen da agurtuazeru mendian.
Bertsolari adixkideek Urepeletik agur sentikor bat eginen dakote eta ere bertsoz dute agurtuko zeru mendiko atetan kausituko dituztenak: aita eta hainbat zeruratuak direnak.Hemen gira denak eskertzeko Mixelek utzi daukun maitasun hazi ederrendako eta hor daude, hain segur, zeruko atean buraso, artzain eta bertsolariak. Artzain onak Mixelieskaintzen dion betiereko bizia kantuz."











