Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2025eko Urtarrilaren 23a
Bideko obrak - Adinekoen arratsaldekoa - Biltzar nagusi: Ur Begi - Mintzaldi - Formakuntza eta ofizio - Biltza nagusi: Lapurtarrak - Pilota
Bideko obrak
Lapurdiko Bizkondeen karrika eta Bazterkarrikaren juntako borobilguneak amaiera ukan du joan den astean. Urrian hasia, atzerapen doi bat hartua zuen aro txarrarengatik. Mundrunatze azken saila egina izan da lau gauez, egunaz jendeen harat hunatak ez trabatzeko. Seguritate gehiagorekin ibiliko da jendea hemendik aitzina.
Adinekoen arratsaldekoa
Covidaren garaiaz geroztik ez da hainbeste jende bildu Bilgune gelara nola aurten, 170ez goiti baiginen izenak aitzinetik emanik etorriak, herriak urtero adin ederrera heldu jendeeri eskaintzen duen errege bixkotx jatera. Bixkotxak hautak ziren, pusatzeko edariak ere bai. Hautetsiek segurtatu dute mahainetan zerbitzua. Jostetako gizon kantariak hor ziren bazterren alaitzeko, segur erraiten ahal baita jakin dutela giro aparta sortzen jendeak parte hartzen zuela ederki. Oro pozik gelditu da, aitortuz agian holako arratsaldeek segituko dutela ondoko urtetan ere.
Biltzar nagusi: Ur Begi
Ur Begi elkarteak bere urteko biltzar nagusia zuen joan den ortziral arratsean Lapurdi gelan 100 parte-hartzailez goiti bildu dituena. Ohiko biltzarra izan da lehenik ekitaldien aurkezpenekin. Hauek ziren iragan urteko jarduera desberdinak: mintzaldiak (A. Errotabehere) 5 izan dira, kultur sailean ''Suedako neskatxa'' antzerkia publiko ederra bildu zuena, margo eta arte sorkuntzak (S. Verrichon) Haltya jauregiko erakusketarekin, idazle lumak tailerrak (O. Etcheverry), mutxikoak (J.C. Altzumard) Donostian eta xahar etxetan egin dantzaldiekin, yoga (V. Gras) talde berri bat sortzen duela, mendian ibilaldiak (M. Pomarède) Xiberoan eta beste tokitan eginak, Plazerrekin kantari taldea (G. Haitze) 35 kantari jarraikirekin, danborrada (J. Breuillé) 14 ateraldi eginik 45 musikarirekin. Jean Claude Bulle diruzainak xeheki eman ditu ondotik diru kontuak, osoki orekatuak eta etekin batekin geldituak. Jardueren eta diru kontuen txostenak aho batez onartuak izan dira. Zuzendaritza berritzean 5 ziren ateratzen zirenak, berriz aurkeztu dira segidan eta onartuak izan, kide berri bat juntatu zaiela Marie Paule Pennec. Aurtengo egitasmoetan: mintzaldiak, Herri Soinu partaide, 5 izanen dira (lehena beherago aipatzen dena), eta bertze lauak martxoko lau asteburuetan, geroxago aipatzeko, ateraldi kulturalak Hondarribia eta Gasteizera. Bertze jarduera guziak pasatu urtearen antzekoak gelditzen dira. Azpimarratzekoa elkarteak bere 30 urteak beteko dituela aurten egitarau berezi batekin. Elkarteak orain 250 bat kide ditu, Panpili Olaizola eta Peio Pochelu direla elkarteburu. Biltzar bukaeran bi emazteki sariztatuak izan dira beren aspaldiko engaiamendu eta lanentzat: Françoise Monteils eta Solange Verrichon. Gaualdia segitu da krakada batekin.
Mintzaldi
Errobi lurralde poloak eta Ur Begi elkarteak antolatzen dute partzuergoan mintzaldia ortzirale huntan 24an, (18:30) Lapurdi gelan. Mintzagaia: etxe, lantegi eta toki orotan nola hondarkinak ttipitu eta bereizketak egin. Denek badugu gai hortan zer egiteko gaurko egunean. Sartzea urririk da. Ongi etorri deneri.
Formakuntza eta ofizio
Uztaritze, Jatsu, Haltsu eta Larresoroko Herriko Etxeek antolatuformakuntza desberdinen eta ofizioen foroa iragan da ederki, jendea ontsa ibili baita bi egunetan berdin. Ortziralean zen ikastetxeen aldi, lizeo zonbaitetik etorri gazteekin. Larunbatean, familiekin eta langile mundutik arrakasta ona ukan du. Agian orain ondorio onak ere ukanen ditu lau herrientzat.
Biltzar nagusi: Lapurtarrak
Lapurtarrak abesbatzak igandean zuen biltzar nagusia Eskuz Esku gelan. Joan den irailean Sayonara Chhim japones andereak hartu ditu elkartearen giderrak Yves Panizzoliren ondotik. Maialen Videgain lehendakariak, txosten moral eta jardueren berri emanik, François Clavier diruzainak eman ditu diru kontuak, oso orekatuak, galtze ttipi batekin geldituak. Aurtengo egitasmoetan 8 kantaldi jada finkatuak izanen dira han eta hemen. Elkartearen kudeantzan ez da aldaketarik izan.
Pilota
Plazer handiarekin ikusi ditugu joan den larunbatean Baigorriko ezkerparetan, joko garbin, Euskal ligaren xapelgoan gelditzen ziren Kapito Harriko bi pareak xapeldun ateratzen. Gaztetxoek (Arkaitz Leparoux-Oihan Elissalde) irabazi dute Senpereren kontra 40/23. Artekoak beren aldetik (Tom Alzuri-Luken Bidart) nagusitu dira Baigorriri 40/30. Goresmenak gazte horieri eta hezitzaileeri. Orain jokatuko dute Frantziako xapelgoa laster abiatuko dena denentzat. Sei pare behar litaizke Kapito Harritik.











