Azalekoa | 2025eko Irailaren 04a
Aldapan gora, esperantzaren bila
A.E.
Hiru gazte lizeoan ezagutu, zeharkako eskiaren pasioa partekatzen zutela deskubritu, eta irriz film bat egin behar zutela bota zuten. Bizpahiru urteren buruan, hastapeneko arraileria errealitate bihurtu dute, buruilean zentzuz eta mezuz beteriko “Aldapan” dokumentala zabalduko baitute. Xehetasun gehiago ukaiteko, horietako birekin elkartu gira, Arhan Ibarguren eta Oihan Connorrekin.
Mendiak lotzen dituen bidea
Arhan Ibarguren, 20 urteko ziburutarra, haurrekin lan egiten duen animatzailea da. Oihan Connor, 21 urteko haltsuarra, Agour gasnategian ari da lanean, eta Txomin Durgueil, 21 urteko baigorriarra, Goicoechea eltzegintza lantegian. Hiruek Baionako Bernat Etxepare lizeoan elkar ezagutu zuten.
Mendiak batu ditu hiru gazteak, betidanik azken hori maite ukan dutelako eta zeharkako eskia praktikatzen dutelako.
Etxepare lizeoan zirenean film bat egitearen ideia bota bazuten, bizpahiru urtez proiektua lo egon ondoan, iaz lanari lotu ziren eta neguan grabatzen hasi.
Hastapeneko ideia mendira joan eta lagunartekoa filmatzea bazen, “Action Type” egiten duen Peio Goicoechearekin bildurik, proiektua garatu dute, eta ohartu dira beren proiektuaren bidez mezu bat zabaltzen ahal zutela. Peio Goicoecheak fisikoki eta psikologikoki lagundu ditu, bakoitzak nola funtzionatzen duen irakatsiz.
Dokumentaletik haratago
“Aldapan” dokumentala Pirinioetan filmatua izan da. Iazko azarotik maiatzera grabatzen egon dira, astero bizpahiru aldiz joanez. Negu osoan Txomin Durgueil eta Arhan Ibarguren langabezian ziren, horrek usuagotan joatea ahalbidetu die.
Ez da film bat izanen, baizik eta dokumental bat. Proiektu hunen gibelean istorio bat bada, helburua pentsaketa idekitzea da. Hain zuzen ere, dokumentalean Crocus Vernus lorearen xerka abian dira. Lore hori udaberrian ateratzen da, baina baldintza eta altuera berezietan. Dokumentalean zehar, jendartea eta lorearen arteko konparaketa eginen da. “Le Petit Prince” ipuinaren ber gisan, bi irakurketa izanen dira.
Helburua esperantza ematea da, besteak beste usutan aipatzen diren desoreka klimatiko eta jendartearen egoerari dagokienez. Bizi dugun giro ilun honetan, argi puntu bat ekarri nahi dute.
Ekintzaz eta elkarlanezko dokumentala
Hiru gazteak dira dokumentaleko protagonista nagusiak, baina kanpoko jendea ere agertuko da, laguntza ekarri edota haiekin mendian ibili direnak.
Dokumentaleko irudi guziak beren materialarekin grabatu dituzte. Horrez gain, Belgikatik jin drone pilotu batek ere 3 egunez mendiko bideoak atera dizkie.
Orain arte sosa beren poltsatik atera bazuten, enpresengana jo dute proiektua diruztatzen laguntzeko. Orotara 5 bat enpresek laguntza ekarri diete. Besteak beste, Ez Kexarekin jantzi kanpaina abiatu dute, “Aldapan” dokumentalari egokitu diseinuekin. Bigarren bertsio bat aitzinikusia da dokumentalaren proiekziorako.
Norbaitek die bideo muntaketa egin, hiru gazteek buruan zuten proiektua eta transmititu nahi zuten mezua abiapuntutzat harturik.
Informazio baliagarriak
Dokumentala buruilean aterako da, “Cinevasion” zinema arte eta entseguen departamenduko elkartearen bidez zabalduko dena.
Bi bertsio izanen dira, bat euskaraz frantsesezko azpitituluekin, eta bestea alderantziz.
Dokumentalaren bukaeran, zozokeria bilduma agertuko da, grabatu dituzten momentu irringarriekin.
Aldapan_film deitu Instagram kontua dute. Harremanetan sar daiteke aldapanfilm@gmail.com helbidearen bidez.
.021557.png)










