Mundu zabalean | 2025eko Irailaren 04a

Estatu Batuetara esportaziorako muga-zerga

M.O.

Estatu%20Batuetara%20esportaziorako%20muga-zerga

Europar Batasuna eta Estatu Batuen artean esportaziorako muga-zerga udan adostua izan da. Aduana-zerga berria bataz-beste, europar estatuentzat %15ekoa izanen da. Nazioarteko beste estatu batzuk negoziatzen ari dira.

Estatu Batuak esportazioa kontrolatzen

Joan den apiriletik, Estatu Batuetako administrazioa munduko herrialde guziekin aduana-zerga negoziatzen ari da. Estatu gehienek, Europar Batasuna bezala, %15eko zerga dute ordaindu beharko, estatu batzuk gehiago. Orokorki nazioartean %10 eta %41 artekoa da, Brasilentzat %50a.

Washington eta Brusela negoziazioetan sartu baino lehen, apirilean, Donald Trumpek %30eko muga-zerga ezarriko zuela adierazi zuen. Uztailaren 27an, Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, estatubatuar presidentearekin akordioa negoziatzea lortu zuen. Estatu Batuetako presidenteak lortu akordioa goraipatu badu, europar estatuetako ordezkari politikoek ez dute berdin iharduki.

Salbuespen guti, galtzaile anitz

Estatubatuar administrazioak muga-zerga bataz beste %15eko mailan finkatu badu, sektoreen arabera ez da denentzat berdina. Aeronautika da negoziaketa horietan ongi ateratzen den bakarrenetakoa, hegazkinak eta ordezko piezak ez dira hunkiak. Ekipatzeko tresna teknologiko batzuk ere ez dira kontutan hartuak izanen.

Donald Trump kargura itzuli zenetik automobil industriaren muga-zerga %27ra ezarria izan zen. Negoziaketen ondorioz %15eko tasa ordaintzea lortu da. Aitzineko agintariko administrazio estatubatuarrak automobil sektorea %2,5ez bakarrik zergapetua zuen.

Frantziar estatuak Estatu Batuetara egin esportazio sektore nagusien artean, kosmetika galtzaileen artean agertzen da (2024an esportazioetan 2,8 miliar euro), luxuaren industria bezala.

Sendagaiak ere kaltetuak dira, orain arte dispentsatuta baitziren, orain %15eko aduana-zerga ordaindu beharko da.

Beste europar sektore esportatzaile bat bereziki hunkia da, arnoa eta edari espirituak ekoizten dituzten mahastizainak, 2024an 9 miliar euro esportatuak izan dira. Laborantzako elikagaien eta mahastizaintzako produktuen sektoreak kaltetuak dira, bereziki Frantzia eta Italia sail horretan aukera komertzial garrantzitsuak dituztelako.

Alemania, Europar Batasuneko ekonomiarik handiena, esportazio neurri berri horiengatik presiopean da, 84,8 miliar dolar irabazien galtzeko arriskuan baita. Alemaniako gobernamenduak galdegina zuen automobilgintza, kimiko eta farmazia industria, ingeniaritza eta altzairu sektoreak negoziatzeko lehentasunezko puntuak izan behar zirela.

Munduko beste estatuetan

Europar Batasunetik Estatu Batuetara sartzen diren produktuek %15eko zerga ordaindu behar badute, beste estatu batzuk gehiago hunkiak dira, adibidez Suitza (%39) eta Serbia (%35).

Oraindik estatu batzuk amerikar administrazioarekin negoziatzen jarraitzen dute, eztabaidatzeko epe luzeagoa lortu dute. Txinak, adibidez, gaur egun %30eko muga-zergak pagatu behar ditu bere esportazioentzat, baina akordiorik lortzen ez badu %145era igan lirateke.

Europar Batasunak adostu baino egun batzuk lehenago, Japoniak aduana-zergak %24tik %15era murriztea lortu zuen. Horren truke Tokiok 55 miliar dolar inbertitzeko engaiamendua hartu du, Estatu Batuetako produktuentzat merkatua idekiko du, bereziki automobilgintzarentzat eta zenbait elikagairentzat.

Indonesiak muga-zerga %32tik %19ra jautsi dadin lortu du. Horretarako Jakartak, Indonesiako hiriburu eta metropolirik handienak, amerikar esportazioentzat muga-zerga oztopoak kendu behar ukan ditu.

Maiatzean, Erresuma Batua izan zen Estatu Batuarekin akordioa negoziatu zuen lehen herrialdea, %10eko tasarekin.

Muga-zergaren emendatzeak kezkak sortzen

Donald Trump presidenteak iragarri zuelarik esportaziorako muga-zerga %30ean ezarriko zuela estatu gehienek iharduki zuten. Estatu guzietan sektore batzuk hunkiak izan badira, esportatzaile guziak ez lirateke modu berean kaltetuak izanen.

Irlanda 86,7 miliar dolarrekin Europar Batasuneko estaturik handiena da amerikar industriarekin irabaziak dituena. Pfizer, Eli Lilly eta Johnson & Johnson bezalako laborategi estatubatuarrek bulegoak Irlandan dituzte. Irlandan enpresa handiek %15eko zerga ordaintzen dute, Estatu Batuetan %21 delarik. Bestalde Apple, Google eta Meta bezalako multinazionalak Irlandan ere instalatuak dira, zerga sistema erakargarria delako.

Ihardukitzeak

Europar Batasuna 27 estatu kideren izenean merkataritza negoziazioen arduraduna da. Negoziazio horren gibelean, desoreka handia dela errana da, muga-zergak sentsu batean baizik ez direlako emendatuak izan. Bestalde Europar Batasunak hitzeman du amerikar hidrokarburoak erosiko zituela (750 miliar dolar). Ekintza Klimatikoko Sareak (Réseau Action Climat) iharduki du: “klimarentzat negoziazio hori katastrofikoa da, Europa oraino gehiago sumintzen du. Gas estatubatuarraren menpe, gure klima hauskorra eta gure segurtasun energetikoa arriskuan da. Munduak erregai fosilak utzi behar direla oihukatzen duenean, erabaki itsu honek zuzenean hormaren kontra eramaiten gaitu”.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3799. zbk

Gure Hitza | 2025/09/04

Udako oihartzunak

Peio Jorajuria

Uda minean, etxeko baratzean landare berezi bat agertu zaigu. Laster handitu da, hostoa eder eta lorea airos, bero zakarrez dirudienaz axolarik gabe. Hau ba landare misteriotsua! Telefono mugikorrarekin landarea argazkitan hartu eta aplikazio baten bidez berehala daukagu ihardespena. Estramonio bat da, zientzialarien hizkuntzan “datura stramonium”. Datura fruitua alkaloide narkotiko bat da, ondorioz landareak izenorde andana badaukala, “asma-belar”, “eroen belar”, “deabruaren belar”, “sorgin-belar”, “sagar pozoitsu” eta besterik ere. Ederra baina toxikoa. Eta gainera landare inbaditzailea omen da. Ez da erratearen beharrik hori jakin bezain laster errotik atera dudala eta bota.

Baratze batetik bertzera. Marieneko lurretan, Kanbon, bat-batean txorimaloak edo marikak agertu zaizkigu, koloretsu. Baratze alternatiboa isilka suntsitu...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016