Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2025eko Irailaren 04a

Biltzar publiko - Tailer berri - Elkarteen foroa - Pilota - Kantaldi

Erreboteko txapeldunak
Erreboteko%20txapeldunak

Biltzar publiko

Herriko Etxeak antolatzen du ortzegun huntan, 4an, biltzar publikoa Lapurdi gelan (19:00). Biltzarraren gaiak: Arruntza zentroaren berrantolaketa eta Musugorrikobordan bizitegien egitaraua. Uztariztar guzieri idekia.

Tailer berri

CCAS herriko ekintza sozialen zentroak antolatzen du “Pep's memoire” deitu tailer berria ASEPT Kanbo Arditeia erretira etxeko baliabide zentroarekin partzuergoan. Tailer horrek 10 ekitaldi, aste bakotx bi orenekoa, ukanen ditu eta iraganen dira Uztaritzeko Herriko Etxean. Parte hartzaile bakotxari galdegina zaio ekitaldi guzietan egoitea. Jarduera ludiko batzuekin, garunaren funtzioa sustatzea du tailer horrek helburu, landuak izanen direla: aditasuna, sentipena, mintzaira, memoria eta logika. Tailerra hasi aurretik parte hartzaile bakotxak 20 minutuko elkarrizketa egin beharko du animatzailearekin. Tailerra hasiko da irailaren 8an astelehenez (10:00-12:00) eta ondotik astelehen oroz tenore beretan azaroaren 24a arte. Izenen emaitea egin behar da Aurore Elissalde deituz telefono huntara: 05-59-93-38-91.

Elkarteen foroa

Urte guziz bezala elkarteen foroa iraganen da heldu den larunbat huntan, 6an, Bilgune plazaren inguruan goizeko (9:00-13:00). Foroaren helburua da publikoari erakustea elkarteen jarduerak mahai inguruetan argitasunak emanez. Zonbait erakutsiak izanen dira konkretuki tokian berean, hala nola boxeoa, pilota, dantza eta berdin bertze zonbait. Goiz osoan janari edariak segurtatuak izanen dira bai eta ere aterbea aro txarra gerta baledi egun hortan.

Pilota

Plaza laxoetan Frantziako xapelgoak segitu du bere finalekin oporren denboran. Kapito Harri batasunak lau finala zituen aste hortan. Agorrilaren 10ean Baionan errebotean gure talde nagusia (Pelletrat anaiak, Echenique, Marro-Ouret, Dibar) nagusitu zen Luzeaneko taldeari 13/10, lau oren eskas iraun duen partida eder baten ondotik. Galtzen ari zirelarik 4/9, gure mutikoek ez dute beren konfiantza galdu, 10etan berdindu eta azkenean garaipena lortu dute. Biharamunean Uztaritzen izan den egunean gure gazteek ere jokatu dute beren finala luzean Baigorriren kontra bainan ezin izan dute kasik deus egin heien kontra eta galdu dute 1/10. Agorrilaren 16an Donibane Lohizunen helduetan B mailakoen finalean Hardoitarrak azkarregi ziren eta gure taldeak (Fernando, Elissalde, Bidart, Sallaberry, Migueltorena) galdu du heien kontra 4/13. Azken egunean Atharratzen joko garbin helduetan A mailan gure taldeak (Pelletrat anaiak eta Destaillac) galdu du 29/40 Baigorriren kontra. Garaipen bat eta hiru galtze aurtengo emaitzak Kapito Harrirentzat. Kontsolatzeko Frantxua Pelletrat-ek erdietsi du joko garbiko plaza gizon saria. Aitortu behar da segur ez duela ebatsia. Goresmenak deneri. Udazken huntan pilotariek pausa dute; heldu den azarotik harat jokatuko dituzte ezkerparetako xapelgoak joko garbin.

Anartean elkarteak bere biltzar nagusia eginen du irail huntan. Badakigu datorren urtean bere mende muga ospatuko duela. Geroago aipatzeko.

Kantaldi

“Les Amis de la Chapelle” elkarteak antolatzen du heldu den igande huntan, 7an, kantaldia Heraitzeko santa Katalina kaperan. Bi emazte gazte jada ezagunak entzunen dira kantuan: Julie Rouault eta Pauline Junquet, bederazka eta ere elgarrekin. Kantaldia 16:00tan hasiko da, sartzea 12 eurotan finkatua. Ongi etorri deneri.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3799. zbk

Gure Hitza | 2025/09/04

Udako oihartzunak

Peio Jorajuria

Uda minean, etxeko baratzean landare berezi bat agertu zaigu. Laster handitu da, hostoa eder eta lorea airos, bero zakarrez dirudienaz axolarik gabe. Hau ba landare misteriotsua! Telefono mugikorrarekin landarea argazkitan hartu eta aplikazio baten bidez berehala daukagu ihardespena. Estramonio bat da, zientzialarien hizkuntzan “datura stramonium”. Datura fruitua alkaloide narkotiko bat da, ondorioz landareak izenorde andana badaukala, “asma-belar”, “eroen belar”, “deabruaren belar”, “sorgin-belar”, “sagar pozoitsu” eta besterik ere. Ederra baina toxikoa. Eta gainera landare inbaditzailea omen da. Ez da erratearen beharrik hori jakin bezain laster errotik atera dudala eta bota.

Baratze batetik bertzera. Marieneko lurretan, Kanbon, bat-batean txorimaloak edo marikak agertu zaizkigu, koloretsu. Baratze alternatiboa isilka suntsitu...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016