Orotarik | 2025eko Irailaren 04a
Kukumarro
Xarles Videgain
Erratza
Euskaraz bada hitz bat baino gehiago etxearen edo bazterren garbitzeko erabiltzen den tresnaren deitzeko; erran nahi dut erratza, jatsa, isuzki, imilitza eta eskoba euskarazko hitzak ezagunak direla.
Tresna ezaguna da Europan gaindi olerki bati esker eta musika bati esker. Goethe idazle handiak asmatu zuen "Sorgin aprendiza" deitu olerkia. Istorio horren arabera, aprendiz alfer batek nahi luke erratzak bere baitarik lan egin dezan. Erratza hasten da lanean ura ekartzen hainbestetaraino non ez den lanetik gelditzen ororen buru etxea itotzen duelarik. Famatuago da oraindik Paul Dukasek 1897an egin zuen musika adierazgarria gai bera harturik.
Nik ezagutzen ditudan erratzak ez zaizkigu mugitzen ez badira eskutan hartzen eta gaurko aspiradorea ez balin badut erabiltzen.
Erratza deitzen dut, hori baita gehienik baliatzen den hitza euskaraz. Lehenik erratza izan da landare bat, otea bezala ihaurri atzematen dena Euskal Herriko larreetan. Hain zuzen gider baten inguruan erratza bilduz erratz tresna egiten zen eta baziren ofizioz erratz-egile ziren jendeak. Interneten ikusten ahal da Eugenio Monesmak egin dituen filmak ofizio honi buruz. Ikus https://www.youtube.com/watch?v=9GczQH2daOc. Nago film horretan agertzenden Nafarroako gizonari (Bakaikuko Agustin Lopez jauna) ez ote zaion eskapatzen "ilarra" euskarazko hitza nahiz espainolez mintzo den orobat.
Beste izena badu erratzak: jatsa. Jats horrek iduri luke egite baduela brana edo ilharkarekin. Jats erran gabe, itsats ere deitzen zen eta seguraski Itsasu herriaren izena hortik datorke. Baztango Erratzu erratzetik bezala.
Beste izen bat gutitan entzuten da: marmaroa. Hazparnen bada Marmaro-erreka. Erdaraz "sorgho à balai" deitzen da. Artolandan bizpahiru lerro baziren marmaroz eta biziki gora joaten omen zen. Baina marmaroa landare baizik ez da: nehun ere ez da erratzaren izena, beharbada marmaroa aski berant sartu baita Euskal Herrian. Garaziko aldean, Ezterenzubin konparazione, imilitza edo militza deitzen da. Hitza nundik jiten den ez niro erran.
Azkenean isuski hitza izan daiteke erratzaren beste izena. Lehenik ezpel-ilarka bezalako landarearen izena da eta landare honekin ere erratza egiten da (zen), bizkaieraz eta gipuzkeraz gehienetan eskoba deitzen da, espainolez escoba eta ondoko gaskoinez escoube. Denek iturria dute latinezko SCOPA hitzean. Eta uste izateko da latinez scopa deitzen zela adartxo-multzo bat erabiltzen zena bazterren ikuzteko. Beraz erratz ala eskoba, landare bat behar da lehenik eta landare honen izena ematen zaio tresnari berari. Frantsesez gauza bera da: balai deitzen baita eta betroinezko hitza da, balazn: betroinez lehenik balazn zen landare baten izena eta gero erratzarena.
Hiru gauza erratzaz. Lehenik erratza ibilgailu ezaguna zen sorginek hura behar zutelako zaldia balitz bezala harturik akelarrerat joateko. Diotenaren arabera, sorginen geldiarazteko ezarri behar zen erratz bat zangoz goiti eta haixtur pare bat erratzaren gainean.
Bestalde, denboran entzun dut ostatuko nagusiek erratza ezartzen zutela zangoz goiti ate ondoan. Polliki erretiratzeko tenorea zela erran nahi omen zuen.
Azkenik, ohartzen gara ere Frantziako itzulian edo lekuko lasterketetan azken ziklistaren ondotik dabilkiola auto bat edo furgoneta bat erratz bat daramala. Nago ez ote den marinelen ohitura baten herexa. Lehen bela-untzi bat beste bati lehentzen zitzaiolarik, eta hartaz trufatzeko erratza erakusten zuten zalu ibiltzen zen untzikoek. Diote almirante holandes batek 1652an hori egin zuela ingelesak garaitu zituelakoan erratz-ukaldi batez bezala.
Erratza etxearekin eta emaztearekin lotua izan dela ez dut erran, nahiz erraz hautemaiten den. Bainan Landesetan ezteiak ospatu ondoan egiten zen erratz-dantza edo beste ez dut uste Euskal Herrian egiten zela. Bego erratza beraz garbitzeko beharra adierazteko, nahiz beste gauza franko ekartzen duen burura.











