Herriz Herri - Makea (L) | 2025eko Irailaren 04a
Makea Oinez
Etxe Handia elkarteak, urtero bezala Makea Oinez antolatzen du, aurten irailaren 28an iraganen da. Urtsu (678m) eta Baigura (897m) mendietan gaindi 4 ibilaldi antolatuak dira.
Aurten, parte-hartzaile bakoitzak ordaintzen duenean euro bat Angeluko “Le Petit Prince” elkarteari emanen dio. Minbizia duten haurren familiak laguntzeko sortu elkartea da.
Irailaren 28an ezkerparetan hitzordua emana da (7:30), abiatu aitzin edari beroak bixkotxarekin eskainiak izanen dira. Ibilaldian zehar jateko eta edateko parada izanen da.
Bezperatik etorri nahi dutenek Etxetoan lo egiteko posibilitatea ukanen dute (6-16 urtekoentzat 5€ eta 16 urtetik goragokoentzat 10€), harremanerako: 06-84-70-12-48 edo makeaoinezmacaye@gmail.com.











