Herriz Herri - Senpere (L) | 2025eko Irailaren 04a
Elkarteen Eguna larunbatean - Dantzaldia igandean - Uztaileko sortzeak - Pilota gazteen esku - Abuztuan ekitaldiak trumilka - Ihiztarien kartak - Xaramela korua elizan
Elkarteen Eguna larunbatean
Buruilaren 6an goizarekin (9:00-12:00) iraganen da Elkarteen Foroa, Larreko kulturgunean. Ohiko ekitaldi honen bururatzean, kirolari merezidun batzu sariztatuak izanen dira (12:30). Herrian ditugun elkarte andana eta desberdinen deskubritzeko parada eskainia zauku, alor anitzetan: animazio, kultura, sozial munduan, kirola, aisialdietan eta bertze. Sartzeari buruz, parada ezin hobea haurren baita helduendako onuragarri diren aktibitateetan parte hartzeko.
Dantzaldia igandean
Irailaren 7an (15:00), "Thé Dansant" moduko dantzaldia proposatua zauku Larreko kulturgunean. Eskusoinulari dotorea den Bunuzeko Arnaud Bidartek, bikoteka edo lerroan, dantzaraziko zaituzte, musika desberdinen bidez, denen plazera asetuz. 4 orduko iraupeneko ekitaldia, deneri idekia da, prezio osoa 12€, murriztua 9€, erreserba www.en.pays.basque.fr/animation/the-dansant-anime-par-arnaud-bidart-accordeoniste.
Uztaileko sortzeak
Nola ez dagon heriotzerik deklaraturik, sortzeek hartu dute lehentasuna, hauetan Fourcade-Lespagnol Anae, Griffon le Fustec Ari eta Domec Yoana. Bizitza zoriontsua eraman dezatela.
Pilota gazteen esku
Herrian ez baldin badugu goi mailako pilotari ezagunik, ohartzekoa da dinamika azkarra sortzen ari dela gazteen aldetik, hor dira lekuko azken emaitza bikainak. Frantziako txapelketako finaletan, joko-garbin M16 mailan, Matiu Hacala, Oihan Iciaga eta Matiu Trounday garaile 40/29 Noizbait-en kontra, M19 mailan Julen Fagoaga, Peio Gonzalez eta Xan Saubaber nagusi 40/17 Kanboren aurka. Frontballean ere balentriak, Marie Goyenetche galtzaile Maritxu Housset-en kontra 2 jokaldietan, senpertarren arteko finalean, Olivier Goyenetche (Marieren anaia) nagusitu da 3 txandetan Filipe Otheguyri. Esku-huska plazan M19 mailan, Julen eta Ximun Haroçarene biritxiek, Iparraldeko finalean bezala, doi-doietarik galdu dute Mauleren kontra 26/30, gaitzeko partida eraman ondotik. Bururatzeko, Matiu Trounday eta Filipe Otheguyk, plaza mutil eta gizonezko ohorea lortu dute. Ilusio eta esperantzez beterik jarrai dezan pilotak Senperen.
Abuztuan ekitaldiak trumilka
Hainbertze ikuskizun eta ekimen izanik, behako xume bat merezi lukete zenbaitek, halere bero sapa fierra oztopo bilakatu da askotan. Otsantzeko kaperako ateraldia biziki ongi joan da, Senpereko lokaletik 50 beilarik egin dute oinezko ibilaldia. Uztaritzeko erretorak animatu du Maria Madalenaren ospatzeko meza, kapera leporaino betea zegoelarik. Uztaritze, Zuraide eta Senpereko beilariak bildu dira ondotik, aperitifaren aitzakian. Dantzostatu Ibiltaria, "Troquet Vagabond" delakoak ere ikusmina sortu du eta hiru arratsez publikoak ongi erantzun du, garagarnoa lagun giro biziki gozoa izan da protagonista. Nola ez aipa Larrekon eman diren 2 kontzertu bikainak, Donostiako Musikala Hamabostaldian barne zirenak, Ensemble Baionak sekulako arrakasta ukan badu ere zer erran Andra Mari abesbatza eta orkestraren emanaldi puxantarekin, hemen zeruko izarrak ferekatu dituzte. Antolatzaile eta parte hartzaile guziak lorietan gelditu dira.
Ihiztarien kartak
Irailaren 5ean, ostiral arratsean (17:00-20:00), iraganen da azkeneko karten salketa, Denen Etxean.
Xaramela korua elizan
Irailaren 11n (21:00), abesbatza ezagunak aurkeztuko du bere errepertorioa. Xehetasun gehiago datorren astean, prezioa 10€, 25 urtez petik urririk, erreserba Helloasso gunean eta sartzean bertan.











