Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2025eko Irailaren 04a

Gau eskolaren ikasturte berria - Donamartiri nagusi aurten ere Donapaleuko euskal indar jokoan - Cles Giltzak elkartearen berri

Gau eskolako irakasle eta arduradunak
Gau%20eskolako%20irakasle%20eta%20arduradunak

Gau eskolaren ikasturte berria

Amikuzeko eta Oztibarreko gau eskolako ordezkariek prentsa gomitatu dute agorrilaren 28an, ostiralez, beren sartzearen berri emaiteko.

Joan den ikasturtean, 100 bat ikasle 12 taldetan banaturik bildu dira 9 irakasleren laguntzarekin euskara ikasteko. Urriaren 6tik ekaina bukaera arte, 32 astez, helduei euskara kurtsoak segurtatuko dira, maila guzietan, iniziaziotik alfabetatzeraino, egunaz edo gauaz astean 5 edo 6 ordu emanez.

Informazioak hartzeko edo izena emateko, permanentziak antolatuak dira Donapaleun (Gambetta karrika, 36.) irailaren 8tik 17ra (13:00-19:15) eta Larzabaleko Espelletenia ostatuan irailaren 10ean (16:00-19:30).Permanentzia horietan, interesatuak diren guzieri behar diren xehetasunak emanak izanen zaizkie.

Prezioen aldetik, ikasleak, elkartearen parte izanez, 40€ko kide karta pagatu beharko du. Gainera ikasturtea ordaintzeko, CPF-a (Compte Personnel de Formation) erabiltzen ahalko du A2 mailatik goiti. Bestentzat kide prezioa aplikatua izanen zaie. Kontaktua: amikuze@aek.eus edo 05-59-65-89-21.

Kurtsoez gain, Gau eskolak urtean zehar animazio eta ateraldi batzuk proposatzen ditu, ikasleek elkar ezagutza egin dezaten eta euskara erabil dezaten. Bestalde, heldu den primaderan, Korrikaren karietara, euskaraz bazterrak inarrosteko, animazio gehiago proposatuko ditu. Berantago xehetasun gehiago emana izanen da.

Izena emaiteko permanentzia egunetara hurbildu behar da (telefonoz ez da izenik hartzen). Beraz euskara ikasteko, eman izena!


Donamartiri nagusi aurten ere Donapaleuko euskal indar jokoan

74. indar joko festibala, Donapaleuko pilota plazan iragan da agorrilaren 17an. Denbora beroa izanik ere, publikoa hor zen. Zortzi ekipek parte hartu dute lehiaketa hortan: Baigorri, Donamartiri, Donapaleu, Donazaharre, Gabadi, Jutsi, Mitikile eta Urdiñarbe. Huna zoin izan diren aurtengo txapeldunak:

Segari: Elissalde anaiak (Donamartiri).

Orga joko: Mathieu Aphecetche (Donamartiri).

Zakulari: Martin Brust (Baigorri) lehen sailean eta Remy Cazanave (Urdiñarbe) bigarrenean.

Lasto altxari: Mathieu Lapitz (Donazaharre).

Aizkolari: Patxi Igoa (Jutsi).

Soka tira: Donamartiri.

Klasamendu orokorrean, Donamartiri nagusi ateratzen da; Donazaharre bigarren, Urdiñarbe hirugarren eta ondotik Donapaleu, Jutsi, Baigorri, Gabadi eta Mitikile.

Bestalde, jakin dugu Jojo Lafittek, Jean-Louis Fourcaden segida hartu duela festibalaren harat hunatak kudeatzeko.

Cles Giltzak elkartearen berri

Cles Giltzak, tokiko aurrezki elkartea da, Amikuze, Iholdi eta Oztibarren kokatua dena. Elgar laguntzeko sarea da, jadanik eraikia dena. 1998an sortu zen eta hainbat proiektu lagundu ditu han harat, 2 edo 3 urtero. Honen helburua da gizarteratzeko proiektua duten presunei dirua prestatzea. Eta presuna hauek dirua itzuli bezain laster, Giltzak berriz prestatzen dizkiete proiektu berrieri.

Bere laguntza garatu nahi du eta hortarako kide nunbrea emendatu behar du. Kide bakotxaren behin betiko mailegua 180€-koa da, gehi 20€ kotizazione bakarra. Gaur egun, 43 kide edo diru prestatzaile dira, bainan tokiko behar eta eskaerei ihardesteko eskasa da.

Elkarteak, tokiko komertsio eta abiaburuak lagundu nahi ditu. Azkenik lagundu duen presuna Isabelle Plet da, Donapaleuko, "Les 4 saisons"fruitueta barazki saltegia erosi duena. Prestatu diruarekin, saltegi hau doi bat berritu nahi luke.

Zuen laguntza ekarri nahi baduzue elkarteari 180€-ko mailegu bakarra eginez, kontaktuan sartzen ahal zirezte giltzak64120@gmail.com helbidearen bidez.

Elkartearen bulegoa: Maialen Miremont (presidentea), Marie Do Guillenteguy (diruzaina) eta Jeanine Legarto (idazkaria).

Egoitza soziala: Association Cles Giltzak - Pépinière des entreprises d’Amikuze - Indar-développement - 15 rue des hirondelles 64120 Saint Palais.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3799. zbk

Gure Hitza | 2025/09/04

Udako oihartzunak

Peio Jorajuria

Uda minean, etxeko baratzean landare berezi bat agertu zaigu. Laster handitu da, hostoa eder eta lorea airos, bero zakarrez dirudienaz axolarik gabe. Hau ba landare misteriotsua! Telefono mugikorrarekin landarea argazkitan hartu eta aplikazio baten bidez berehala daukagu ihardespena. Estramonio bat da, zientzialarien hizkuntzan “datura stramonium”. Datura fruitua alkaloide narkotiko bat da, ondorioz landareak izenorde andana badaukala, “asma-belar”, “eroen belar”, “deabruaren belar”, “sorgin-belar”, “sagar pozoitsu” eta besterik ere. Ederra baina toxikoa. Eta gainera landare inbaditzailea omen da. Ez da erratearen beharrik hori jakin bezain laster errotik atera dudala eta bota.

Baratze batetik bertzera. Marieneko lurretan, Kanbon, bat-batean txorimaloak edo marikak agertu zaizkigu, koloretsu. Baratze alternatiboa isilka suntsitu...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016