Han eta Hemen | 2025eko Irailaren 04a
Herri agintaldiko ingurumen bilana
Irailaren 23an, Bizi elkarteak mahai-inguru bat antolatuko du, 2020tik Ipar Euskal Herriko herriek gauzatu ekintza ekologikoen agintaldiaren bilana aurkezteko. Ekitaldia Baionako Glain-eko Elkarteen Etxean eginen da (19:00).
2020an, 46 hautagaitza engaiatu ziren metamorfosi ekologikoaren ituna martxan jartzeko, beren herriak eta elkargoa eraldatzeko, larrialdi klimatiko eta sozialari aurre egiteko asmoz. Agintaldi osoan zehar, Bizi elkarteko Hitza Hitz batzordea engaiamendu horiek betetzen zituzten ekintzen segipenaz arduratu zen, baita 2.000 biztanletik gorako sinatu gabeko 10 herritako jarduerez ere. Lehen txostena 2021ean argitaratu zuen, eta bigarrena agintaldiaren erdian, 2023an.
Irail hondarreko mahai-inguru honek, hautetsiek benetan gauzatu ekintza ekologikoen agintaldi bukaerako bilana aurkeztuko du. Garraioak, laborantza, energia edo hondakinak... Beren engaiamenduak bete dituzten gogoetatuko da. Horrez gain, larrialdi klimatikoaren araberako gaitasuna ote dugun eztabaidatuko da, baita herriak eta Euskal Elkargoa zehazki zein egoeratan diren metamorfosi ekologikoaren bidean.
Mahai-inguruan, klima eta lurralde erronketan adituak diren pertsonek parte hartuko dute, debatea beren ekarpenekin osatzeko, baita bilana larrialdi klimatikoaren testuinguruan eta beste lurralde batzuen aitzinamenduekin kokatzeko.
Hauteskundeak hurbil direlarik, eta hilabete guttira herriko bozak izanen direla kontuan harturik, parada egokia da ez bakarrik hauteskunde horien garrantziaz gogoetzeko, baizik eta horien bidez abiarazi edo sendotu daitezkeen norabide politiko eta sozialez ere gogoetatzeko. Herriko bozak, komunitateen etorkizuna zehazten duten erabakiak hartzeko aukera paregabea dira. Testuinguru klimatiko eta sozial gero eta larriago batean, funtsezkoa da trantsizio ekologiko eta soziala zalutzeko baliagarriak izan daitezkeen konponbideak mahai gainean jartzea, eztabaidatzea eta adostea.
Irailaren 23ko eguna urririk izanen da, haatik izena aitzinetik eman behar da bizimugi.eu webgunearen bitartez edo 05-59-25-65-52 zenbakira deituz.
Jakinarazia da ekitaldi horren kausitzeko laguntzaileak xerkatzen direla.












