Euskal diaspora | 2025eko Irailaren 04a
Agorril euskal ekitaldiz betea Estatu Batuetan... Diasporaren Eguna
Joseba Etxarri
GARDNERVILLE, NEVADA.
Gure hondarreko kronikan Boiseko Jaialdiaz mintzatu ginen. Hileko bigarren asteburuan, 9-10ekoan, Idahoko Mountain Homen bertako Euskal Jaia egin zen, eta ber asteburuan Gardnervillen, piknika, eta 2025 NABO Kantari Eguna. Goizean, aita Antton Egigurenek eman mezaren hondarrean, NABOk bere Bizi Emankorra saria eman zion AEBko euskaldunen omoniera den pater frantziskotar honi. Mezak bertsolariak ukan zituen, Euskal Herritik jinak, eta bazkalondoko Kantari Egunak kantari amateur andana bildu zituen, Gardnervilleko Euskal Etxeko lehendakari Bernadette Leonis aurkezle. EHko eta Ameriketako kantari eta musikari talentudunen biltoki izan zen. Dantzarako xantza Jean Flesher eta Amerikanuak bere bandak ezarri zuten, ekitaldia moxkor salda on batekin bururatzeko.
BUFFALO, WYOMING.
Agorrileko hirugarren asteburuan, Buffalo Wyomineko Euskal Besta. Erran dezagun, Gardnerville eta Buffalo artean 1.700 kilometrotik goiti daudela, autoz 16 bat orduko bidea. EHko euskaldun xaharren artean, Batista Juanicotena elizondotarra eta Jean Escoz luzaide-arnegitarra. Han ziren baita ere, aita Antton apez bera, hemen ere meza euskaraz eta ingelesez emaiten, eta Jean Flesher familiarekin. Ardi jokoak, lukainka, euskal-amerikar usaiak, beti herriko “Big Horn Basque Club” Euskal Etxearen eskutik. Handik berriz ere urrun, Saint Pierre eta Mikelunen, aitzineko aste osoan Euskal Besta egina zuten. 1.800 kilometrotik goiti daude Buffalotik St Pierrera. Programan partaide bertako Euskal Etxea, Pilota Liga, Bankuen Korala, Orok Bat-eko dantzariak, pilotariak, herri kirolak eta gehiago (aipatzeko lekua baizik ez dugu, baina bizkitartean, Australiako Townsvillen, “Basques in Australia” erakusketa ezarri zuten ikusgai).
SFO/CHINO.
Laugarren asteburuan, San Frantziskoko “Udako Besta” zen, hiriko Gure Euskal Etxean. Ohiko besta ederra hau ere, Europako eta bertako gomitatuekin, pilotari, dantzari, musikari... Musikarien artean, Iñaki Dieguez eta Leturia, dantzari Garaztarrak taldea, zinema, mus txapelketa hiru x hiru, lehiaketak... hori, bertako klika, Elgarrekin korala, Zazpiak Bat-eko eta gazte dantzariak... hemen ere besta igandean moxkor saldarekin bukaturik. Musikariak eta Europatik jin batzuk, agorrileko hondarreko asteburuan, 30 eta 31n, Chinoko Piknikera joan ziren, hemen ere besta bikaina.
OROK BAT.
Azken lerroak baliatuz, aipa dezagun St. Pierre eta Mikeluneko “Orok Bat” dantza taldea Euskal Herrian dela, Azkainen. EHn lehen aldikoz bere 65 urteetan. Heldu den asteburuan Urruñako bestetan eta Euskal Diasporaren Eguneko Markina-Xemeingo (Bizkaia) ekitaldian dantzatuko dute, besteak beste; izan ere buruilaren 8a Euskal Diasporaren Eguna baita mundu osoan. Baina hortaz heldu den astean mintzatu beharko.











