Gogoa hazi | 2025eko Irailaren 04a
Intzestuaren mekanika
Peio Ospital
Hitzaren askapen progresiboak beti eta gehiago ezagutarazten dauzkigu haurreri egiten zaizkien sexu bortizkerien hedadura eta aniztasuna. Ingurune hondagarri hortan, 2020ko Ipsos estatistika argi gelditzen da, hotz-ikara sortzen duena: 6,7 milioi frantses inguruk diote intzestua jasan dutela, erran nahi baita 10 pertsonatik 1ek! Bestela erranda, hiru haur 30 ikasleko gela batean! Ikarragarria da! 2024an argitaratu liburu batean ("Protéger son enfant des violences sexuelles" – Ed. Dunod), Joanna Smith psikologo kliniko eta psikoterapeutak fenomeno hau molde eskuragarri eta pragmatikoan aztertzen du. La Vie astekariak artikulu bat eskaini dio 2025eko ekainaren 19ko 4.164 zenbakian. Ondoko hau da atxikitzen dudana.
Intzestua familiako kide batekin sexu-harremanak ukaitea da. Egintza tabua da, moralak eta legeak debekatzen dutena.
Gehienetan, intzestua egiten duten gizonak haurraren aita edo aitaginarreba izaiten dira: neska biktimen 3/1 eta mutiko biktimen 5/1 familiaren baitan. Beste kasu gehienetan, jazarlea anaia, osaba edo lehenkusia da, guttitan aitatxia. Joanna Smithek hiru motibazio mota bereizten ditu: lehena, menperatzeko nahia da. Jazarleek haurra edo nerabea miniaturazko heldu bat bezala ikusten dute, eta, ondorioz, sexu bortizkeriak haurra edo nerabea menperatzeko moldea dira. Zorrotzak, tiranikoak, posesiboak izaiteko joera dute. Telefonoa kontrolatuko dute, gela miatu, egunkari intimoa irakurri, komuneko atea hestea debekatu, bainugelan sartu... Intzestua sartze bat gehiago da, azken bidegabeko sartzea. Bigarren esplikazionea familian nagusitzen den "intzestu-giroa" da, hau da, muga eza, promiskuitate handiegia, intimitatea ez errespetatzea. Nerabeek gurasoen eztabaida desegokiak jasan ahal izan dituzkete, berdin haien amodio-jostaldiak, edo material pornografikoa eskuragarri ukan dukete, kilikadura sexuala eragiten duena, izan behar ez duen ingurune batean. Hortaz aparte, beste intrusio molde batzuk ere, hala nola sexualitate hasiberriaren gehiegizko zaintza eta bere burua baieztatzeko leku eza, bide eman dezakete ekintzara pasatzeko haurridediaren baitan. Hirugarren motibazioa haurren gorputzarenganako erakarpen sexuala da. Hori da, hain zuzen ere, osaben edo lehenkusien egintzara pasatzearen arrazoina, berdin aitaginarreba berriagoena, haurraren gain autoritaterik ez dutelarik. Ekintza familiaren baitan egiten dute, parada ikusten dutelako, baina berdin kanpoan ere egin lezakete.
Azkenik, aitortu behar da, bururatzen zaila bada ere, amek, arrebek, lehengusinek, nahiz eta arraroagoa izan, sexu-jazarketa egin dezaketela familian, motibazio berberekin. Alkoholaren edo beste substantzia batzuen kontsumoa ere ekintzara pasatzea errexten duen faktorea da.
Badakigu engoitik hitza askatzea dela bizi izana gainditzeko baldintza bakarra. Urrats hori biziki zaila da beti biktimentzat, kuraia handia behar da. Batzuetan ezinezkoa da. Joanna Smithentzat, bere lana bereziki prebentzioan zentratu duena, haurrak gerizatzea ez da bakarrik familiaren edo haurraren ingurukoen egitekoa, baizik eta talde eta gizarte osoaren kontua. Ondoko aldian ikusiko dugu zer aholku emaiten dituen zentzu hortan.










