Herriz Herri - Gamere-Zihiga (Z) | 2025eko Irailaren 04a
Xiberoa eta Nafarroa Gamere Zihigan
Heben gaude. Gameren. Hebentik. Heben gainti laminak ere bizi dira. Soka dantza ederra Lamiña zilo altetik erauzten da plazala. Karrika bihotza jentez bete da, itzala txerkatüz haatik arrestiri apal hontan: üdatiar, gamerear, bretu, euskaldun… Eta sokan esküak emanik herritar eta nafartar dantzariak. Hebenko eta hanko, bena aurten denak Euskal Herriko. Aire bat solemnitatez jauntsirik, Mintxo Garaikoetxea txistuan, eta serios, lorios, hüilantzen dira dantzariak plazaren hartzeko: Iruñekoak, Aritz Ibañez katebegi ezinbestekoa, Gamereko handi-ttipiak, erditan ere Amaren Alabak kantan, Bedatseko bralea xaramelan. Eder izateaz gain zentzüa hor denean, ordüan grazia ez date hürrün. Brale bürüak eta büztanak püntü bat alkarrekin, ürratsak Xiberoko, eta bardin Iruñeko maneran. Igaran urteko pastoralean hasi alkarlana jarraikitzen da aurten, soka lüzatzen baizik ez da, natüralki, eta euskaraz, ez beita güti!
Jauziak gero plaza erditan, so egileak kümitatüz aldi hontan. Hortan ere kolore desbardinak: Iruñekoek Baztango Mutil Dantza elegantea Xiberoko plazan, hau ez da egünoroz agitzen, gure askazgoa hüilana agerian ütziz hortan ere.
Eta plaza pastetx-talo-trago lekü bilakatzen da ondotik, Agerreko garagardo ütürriak agortürik ere, arrakastaren marka! Ülüntzean Gamereko “katedralattoa” arrautze bezain beterik zen lehen sonüa hasi ordüko: Mintxoren txistu-tanboliñaren hots airetsüak, ohartzeko behar bazen “txistu” hitza txorien hüstü-tik horra dela. Nabarrako jota, tipil, argi, botz hütsez eta… euskaraz, Ihitz Iriart eta Oier Zuñigaren bihotzetik. Eta Xiberoko arrapostüa prefosta: Ortziren Ttunttuna kantore berria, Jon Miranderen olerkiaren hitzetarik, Mixel Etxekopar eta Sacha Standenen hotsetik; eta, nola ez, gure Xiberoko alabak, Amaren Alabak, beren ixtoria kanta-kontatzeko manera pare gabearekin! Denaren biribiltzeko, beste kantore berri bat, Xiberoa eta Nafarroaren lotzeko behin eta berriz, behar bada ere mila aldiz: ZUBI ta ZURUBI…..
Zubi ta zurubi/Ütürzeheta Elkorreta
Gu bat eta gu bi/Erronkari eta Kakueta
Zaraitzu zira zu/bien zubi Xibero ahizpari
Baiezkoa eman/Aezkoa Ama Nafarroari
Gure arranoak/ez daki diotela agila
Orhi iparrean/galdetu ere zer dabila
Usu zauritua/behar izan du bostetan isila
Berriz abiatzeko/esku zorionekoaren bila
Bago aritzetan/goizik pausatu da ihitza
Bere xaramelaz/bat eginez gu bien hitza
Iruña zan irun/hariak gari bihur baginitza
Zuek ur ta zubi/gure dantzaren doinuen kalitza











