Herriz Herri - Baigorri (NB) | 2025eko Irailaren 04a
Ezkontza - Zaharrer Segi - Bide heste - Germieta eta Okozeko bestak
Ezkontza
Aitzineko aste hondarrean, Patxi Gonzalez eta Andrea Valiente-Moro ezkondu dira Baigorrin. Goresmenak senar-emazte gazteeri.
Zaharrer Segi
Pilotaren astea ederki joan da gure elkartearentzat joan den hilabetean. 13 talde izan dira finaletan eta 7 txapel jin zauzkigu Baigorrira: luzean gazteak, joko garbi edo atxiki ttipian xitoak, kimuak, artekoak eta lehen mailakoak, plaza laxoko palantxan bi neskatxa talde txapeldun, xitoak eta kimuak (biek elkarte bereko jokolariak zituzten parean). Esku-huska, 3 bikote finaletara heldu dira (xitoak, kimuak eta gaztetxoak) bainan hiruek galdu dute. Gainera, emaitza horieri begira, batasun hoberenaren saria eskuratu du Zaharrer Segik, hirugarren urtez segidan. Azkenik, Ainara Landachoco Hiriart "plaza neskatto" izendatua izan da.
Bide heste
Kasu! Karrikako bidea hetsirik egonen da hilabete batez. Buruilaren 8tik urriaren 10erat gerlako hilen oroitarria eta Herriko Etxearen arte hortan, uraren sarean eginen diren obrengatik. Desbideratzea erabili beharko da beraz gaineko karrikatik plazarat autoz heltzeko.
Germieta eta Okozeko bestak
Heldu den ibiakoitzean (buruilaren 6an) ospatuko dira. Huna egitaraua: ibilaldia (9:00), abiatzea Germietako plazatik. Aperitifa (12:00), bazkaria: xingarra eta meloina, entrekosta patatekin, sagar tarta, gasna, kafea eta ondokoa 25 eurotan (14:00). Pala lehiaketako finalak binazka (18:00). Gaualdia Xaheta txarangak eta Dj Om3d-ek alaiturik (21:00). Izen emaiteak: 06-13-50-69-42.











