Hegoaldean | 2025eko Irailaren 04a
Lauaxeta olerkaria
A.E.
Duela 120 urte sortu zen Esteban Urkiaga Basaras, ezizenez “Lauaxeta”. 31 urte besterik ez zituela frankistek hil zuten. 1905eko agorrilaren 3an Laukizen sortu zen. Bere familiak herriko taberna zuen, baina bizibiderik ez izanez, 1909an Mungiara lekualdatu ziren, Estebanek hiru urte besterik ez zituela. Mungian ostatu, taberna eta pentsioa muntatu zuten. Fraideen eskolan ibili zen, Mungian eta Oñatin fraidetzako ikasketak egin zituen, baina meza emateko guti falta zitzaionean komentua utzi zuen. Mungiara itzuli zen eta bere arrebak zioenaz, oso triste apezgoa utzi zuenean depresioak jo zuen. Garai eta testuinguru hartan ezagutu zuen abertzaletasuna, halaxe idatzi zuen “Orain duela hamar urte ez nekien euskaraz”.
Baina atzeman zuen krisitik ateratzeko bidea: kazetaritza. Literaturarekin jada lotura bazuen, kazetaritzaren munduan murgiltzea erabaki zuen. Madrilgo “Blanco y Negro” aldizkarian aritzeko eskaintza ukan zuen, baina inola ere ez zuela bertan lan eginen erran zuen eta ezezkoaren ostean “Euzkadi” egunkarian idazteko aukera suertatu zitzaion. Hasieran, Orixeren laguntzaile gisa eta gero “Azalpenak” deitutako sailean, egunero idazten zituen iritzi artikuluak, giro politiko eta sozialari buruzkoak gehienak, baina baita umorezko ipuinak ere.
1928an Bilbon zen “Euzkadi”-n lanean eta 1930erako Euzko Alderdi Jeltzalean parte hartu zuen. Euskal poesian “haize berria” txertatzea izan zen bere helburuetako bat. Lauaxetaren kasuan “abertzaletasunaren bidetik mundua aldatu nahi zuen”. Ordukoak dira bere lehen obrak, 1930ean Euskal Olerti Eguna irabazi zuen, tartean Lizardi eta Orixe ere bazeudela.
Lauaxeta “politika gizona” ere izan zen jeltzaleekin. Garai nahasian, jeltzaleen alde Lauaxetak mitinak eman zituen. Hitzaldiak emateko gaitasun handia zuela errana da. Literaturan bide propioa eraikitzen ari zela piztu zen gerla, eta Euzko Gudarostean sartu zen intendentzia lanez eta propagandaz arduratzeko. Orduan sortu zuen “Eguna” euskaraz soilik argitaratutako lehen egunkaria. 1937ko apirilaren 26an gertakari lazgarria izan zen Gernikaren bonbardaketa. Gertakari horrek Lauaxetaren bizitza ere markatu zuen. Laupabost egun beranduago Lauaxeta bera arduratu zen “La Petite Gironde” egunkariko Georges Berniard kazetariari hiri suntsitua erakustea. Gaur-gaurkoz oraindik ez da guziz argi nola, faxistek Lauaxeta arrastatu zuten. Gasteizera eraman eta, heriotza zigorrara kondenatua izan zen, Gasteizko Santa Isabel hilerrian hil zuten. Oraindik ere leku horretan bertan bere oroitarria bada.











