Gure Hitza | 2025eko Irailaren 04a

Udako oihartzunak

Peio Jorajuria

Uda minean, etxeko baratzean landare berezi bat agertu zaigu. Laster handitu da, hostoa eder eta lorea airos, bero zakarrez dirudienaz axolarik gabe. Hau ba landare misteriotsua! Telefono mugikorrarekin landarea argazkitan hartu eta aplikazio baten bidez berehala daukagu ihardespena. Estramonio bat da, zientzialarien hizkuntzan “datura stramonium”. Datura fruitua alkaloide narkotiko bat da, ondorioz landareak izenorde andana badaukala, “asma-belar”, “eroen belar”, “deabruaren belar”, “sorgin-belar”, “sagar pozoitsu” eta besterik ere. Ederra baina toxikoa. Eta gainera landare inbaditzailea omen da. Ez da erratearen beharrik hori jakin bezain laster errotik atera dudala eta bota.

Baratze batetik bertzera. Marieneko lurretan, Kanbon, bat-batean txorimaloak edo marikak agertu zaizkigu, koloretsu. Baratze alternatiboa isilka suntsitu duten saiak (edo putreak, edo builtreak zubereraz) uxatzeko xedez. Sinbolikoki. Baina, auzitegien orain arteko erabakiak berme, pentze horren bahitzaileak harro daude, beren ustez betunezko estramonio inbaditzaileak ororen buruan loratu daitezkeelakoz. Lur horren defendatzaileen kolektiboa ez da haatik hari beretik ari. Barkoxen miresgarriki eman den “Ürrats kolektiboak” pastoralak hau du kantatu: “Builtre sosdünak gaintika heltzen, etxe prezioak sühartzen / Bena bihar ez düe sekülan gure arima ükenen”.

Elizondon, aperitifaño bat hartu genuen uztailean lauzpabost lagunek ostatu batean, Piarres Aintziart filosofia irakasle ohia gurekin geneukala. Epikuro greziar filosofoaz mintzatu zitzaigun, pentsalari handi horren testu baten euskaratzen ari dela jakinaraziz. Uda betean gehienek gogoa pausan dugunean, hauxe solasaldia! Baina gure Piarres gogoa beti alhan dabil. Epikureismoaren balore nagusia adiskidetasuna da: biziaz behar da baliatu ordu deno, heriotzaz ez beldur izan, zoriona menean dugu eta oinazea jasan dezakegu. Epikuroren aspaldiko erakaspen horiek zer oihartzun ote dute gaur?

Hain zuzen, Elizondoko delako ostatuko ateko afixa batek ene begia jo zuen: “Ez dugu atzentzen Gaza” (atzendu = ahantzi). Agorrilean irakurri dut Ziad Medoukh palestinarraren “Poèmes d'espoir à Gaza la dévastée” liburua, poeta horren olerki ildoa Peio Ospitalen bidez ezaguturik. Obra hunkigarria, malko iturri. Israelgo gobernu kriminala palestinar lurretan obratzen ari den genozidioarengatik ere, bizi hobe baten esperantza atxiki nahi du Ziad bakezaleak. Amestuz Israelgo estramonio toxikoak noizbait desagertuko direla eta bi populuak elkarren ondoan baketsuki biziko.


Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3799. zbk

Gure Hitza | 2025/09/04

Udako oihartzunak

Peio Jorajuria

Uda minean, etxeko baratzean landare berezi bat agertu zaigu. Laster handitu da, hostoa eder eta lorea airos, bero zakarrez dirudienaz axolarik gabe. Hau ba landare misteriotsua! Telefono mugikorrarekin landarea argazkitan hartu eta aplikazio baten bidez berehala daukagu ihardespena. Estramonio bat da, zientzialarien hizkuntzan “datura stramonium”. Datura fruitua alkaloide narkotiko bat da, ondorioz landareak izenorde andana badaukala, “asma-belar”, “eroen belar”, “deabruaren belar”, “sorgin-belar”, “sagar pozoitsu” eta besterik ere. Ederra baina toxikoa. Eta gainera landare inbaditzailea omen da. Ez da erratearen beharrik hori jakin bezain laster errotik atera dudala eta bota.

Baratze batetik bertzera. Marieneko lurretan, Kanbon, bat-batean txorimaloak edo marikak agertu zaizkigu, koloretsu. Baratze alternatiboa isilka suntsitu...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016