Herriz Herri - Itsasu (L) | 2025eko Irailaren 04a

Balaki trinket berrituaren estreina - Eskalada gela berriaren idekitzea

Balaki trinketaren estreina (Arg: Iban Ospital)
Balaki%20trinketaren%20estreina%20(Arg:%20Iban%20Ospital)

Balaki trinket berrituaren estreina

Herriko bestak kari estreinatua izan da trinket berritua. Hitz hauekin ideki du ekitaldi ofiziala Mizel Hiribarren auzapezak:

“Balakin bazen larunbatean, 2025eko agorrilaren 23an, herri girorik ederrena: itsasuar anitz hor ziren goizerditik estreinaldian parte hartzeko eta gune berriaren ezagutzeko.

Atharriko ezkerpareta1955. urtetan eraikia izan zen auzo lanean Itsasuarrak elkarte berri-berriarenganik. Auzo lanean erran nahi baitu herritar askoren lan eta izerdiz. Orduan, lehen aldikoz bazuen Itsasuko herriakpilota lekua aterbean!

1960 aldean, bost urte geroago,Parise eta Itsasu artean joan-jinka bizi zen Georges Neys enpresariak herriko gazteei proposatu zien ausagune baten muntatzea, eta orduko kazetek diotenez, hiru hilabetez altxatua izan zen Balaki trinket hau, 1961eko herriko bestetan estreinatu zena.”

Agurtu ditu auzapezak trinket hortan beren izerdia eta fama utzi duten herritar pilotariak, Jean-Louis Larçabal-etik Battitta Ducassouraino. Aitortu du bost urteko lana izan dela hau guzia bideratzea, haste-hastetik herritarrak kontsultatuz eta hauen parte hartzea bermatuz. Gisa hortan, trinketa berritzeaz gain, egin da eskalada gela bat eta ere “Balakide” gela berria. Pilota lekua eta ostatu gunea denek baitezpadakoak ikusi zituzten.

Hitz hauekin burutu du auzapezak bere aurkezpena, 1961ekoHerria astekariko kazetariak agertu hitzak gogoratuz: “Bildu da jendeketa handia Balakiren estreina hortarat”… Holako egun ederretik landa, gauza bat dugu desiratzen: Itsasuko gazteek beti maita dezaten pleka eta balia diten haientzat xutik ezarria den trinket berriaz”. Gure aldetik, herri huntako arduradun bezala, ez diogu desira hobeagorik. Etorkizun emankorra eta iraunkorra Balaki berriari Itsasuko herri euskaldunean!”

Ondotik, Gillen Hiribarren bertsolariak kopla hauek eskaini ditu:

Itsasuren erdian zonbat bizipide

Amets hau eraikitzen hautetsi ta kide

Itsasuarrak, Arroka eta Balakide

Kultura, euskarari emaiteko bide

Ez irrati, ez prentsa ta ez telebistan

Zuri beltzeko freskak helburua bistan

Neskak pareko ziren joko raketistan

Denen lekua nahi dugu joko pistan

Pribatutik publiko oldar eta jauzi

Herri hunek BALAKI zer den irabazi

Itsasu amets hori erein eta hazi

Goxatu, partekatu eta biziarazi!

Eta ekitaldi ofiziala bukatzeko, herriko bi dantzari gazteek (Aines Ospital Oyhamburu eta Patxi Cazenave), herriko musikariek lagundurik, aurresku ederra dantzatu dute herri osoari buruz itzulirik. Ondotik jendeak zinez plazerekin gozatu du Herriko Etxeak apailatu aperitifa "aberatsa" bestak ezin hobeki abiatzeko eguzki eder batek arrosaturik!

Eskalada gela berriaren idekitzea

Eskalada gela berriaren idekitzea eginen da larunbat huntan, irailaren 6an. Huna egitaraua: eskalada entseguak urririk denentzat (14:00-18:00), matahamiak eta taloak (16:00), DJ Papa Cumbia (19:00). Egun osoan, Balakiko ostatua idekia izanen da. Arroka elkarteak antolaturik.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3799. zbk

Gure Hitza | 2025/09/04

Udako oihartzunak

Peio Jorajuria

Uda minean, etxeko baratzean landare berezi bat agertu zaigu. Laster handitu da, hostoa eder eta lorea airos, bero zakarrez dirudienaz axolarik gabe. Hau ba landare misteriotsua! Telefono mugikorrarekin landarea argazkitan hartu eta aplikazio baten bidez berehala daukagu ihardespena. Estramonio bat da, zientzialarien hizkuntzan “datura stramonium”. Datura fruitua alkaloide narkotiko bat da, ondorioz landareak izenorde andana badaukala, “asma-belar”, “eroen belar”, “deabruaren belar”, “sorgin-belar”, “sagar pozoitsu” eta besterik ere. Ederra baina toxikoa. Eta gainera landare inbaditzailea omen da. Ez da erratearen beharrik hori jakin bezain laster errotik atera dudala eta bota.

Baratze batetik bertzera. Marieneko lurretan, Kanbon, bat-batean txorimaloak edo marikak agertu zaizkigu, koloretsu. Baratze alternatiboa isilka suntsitu...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016