Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2025eko Irailaren 04a

Sortze - Heriotze: Otegiko J-Michel Oyharçabal - Kantaldi pollita eta elkarretaratze kausitua, Abarratia kaskoan - Gozategia ostatuan sukaldari bat xerkatzen - Nahas mahas

Abarratia kaskoan publikoa kantariei begira (Arg: besta komitea)
Abarratia%20kaskoan%20publikoa%20kantariei%20begira%20(Arg:%20besta%20komitea)

Sortze

Bi sortze ukan ditugu azken aste hauetan gure herrian, Hergaitze eta Bildarritze herri auzoaldetan. Lehena, Agustin Larronde sortu zen joan den agorrilaren 7an, Laura Minjou eta Ramuntxo Larronde andere-jaunen familian, Etxenikako bidean kokatu etxean. Bigarrena, Keylan Lourteau, hau joan den agorrilaren 20an Leila Colombani eta Kevin Lourteauren familian, Errekartea etxean. Goresmenak aitameri eta agiantza zoriontsuenak sortu berrieri.


Heriotze: Otegiko J-Michel Oyharçabal

Nor ez da harritu Otegiko Jean-Michel Oyharçabalen heriotzea jakitean. 73 urte baizik ez zituen. Eritasun maltzur bat loturik, bi hilabete eta erdiz joan zauku. Maiana Oyhenart izturiztarrarekin ezkondurik, hiru haur ukan dituzte, Carine, Thierry eta Mattin eta zazpi arrahaur.

Lekondar etxetiar semea izanik, goizik lanari lotzen ikasia zuen, orduan etxetiar laborariek urteko uztaren erdia eman behar baitzuten nagusiari. Hamazazpi urtetan sartu zen Lekuineko Boncolac lantegian, hastean langile gisa, emeki emeki ardurak hartu arte. Bizi osoan hor lan egin zuen. Gizon zintzoa eta xuxenaren fama baldin bazuen lankideen artean, oroz gainetik lanaren ontsa egitea zuen helburu. Jakitate handikoa zen, hemengo eta mundu zabaleko harat-hunateri interesatzen zen.

Erretreta harturik, plazer zuen Boncolac-eko langile ohiekin ardura elkartzea. Funtsean langile ohien elkarteko diruzaina zen. Lanean estimatua, Otegia etxean ere guziz maitatua, plazer handia zuen familiarekin, haurrekin eta arrahaurrekin biltzea, Maiana bere emaztearekin eraiki zuten etxean.

Eta afizio handia zaukan Maianarekin mendian ibiltzeko eta etxeko baratzearen lantzeko, sanoki, pozoinkeriak bazterrera utzirik. Auzoekin elkartzea ere laket zuen, mahain on baten inguruan. Huts handia uzten die haueri ere.

Agorrilaren 14an egin zaio agur hunkigarria elizaren bete bildutako jendearekin. Kantuak gogotik eta ozenki altxatu dira Jean-Michelen ohoretan. Gure partetik atxikimenduzko agurrak Maiana emazteari, Carine, Thierry eta Mattin haurreri, hauen familieri eta ahaidego guziari.


Kantaldi pollita eta elkarretaratze kausitua, Abarratia kaskoan

Duela 3 urte “Arberoako ostiralak” sail berria hasi ziren antolatzen, udan, Aiherra, Izturitze, Donamartiri eta Donoztiriko Herriko Etxe eta lau herrietako elkarteen artean, ortzirale arratsetan.

Gure herriari dagokionez, besta komiteak joan den agorrilaren 22an antolatu animazioak berriz ere ukan du arrakasta. Jendea tenoreko mendi zolan elkarturik, handik bidexka bazterretako seinaleak segituz, oren batez Abarratia kaskora (345m) heldu zen. Gazteek prestatu talo onak jastatu ondoan, kantaldia 20:30etan ttanko hasi zen, mendi kaskoan, naturaren erdian, eguzkia eta bista paregabea kantarien gibelean, Abarratia mendi gaineko ikurrinaren azpian. Saihetsean ikusten zen ere Izturitzeko harrobia. Hunek egin desmasiengatik desagertu Paatze mendia nun eta nolakoa zen asma zitekeen, herritar xaharrenen lekukotasunak lekuko, alabaina oraiko gazteek ez baitute ezagutu Abarratia ondoan zen Paatze mendia.

Joan den urtean amikuztarrak, aurten xuberotarrak ziren gomitatu kantariak, lau neska gazteek osatu Xampek taldea. Beren boz eder eta kantu polliteri esker kantaldi ederra ikusi eta entzun ahal ukan dute horrara hurbilduak ziren 200 bat lagunek, gehienak gazteak, herrikoak eta auzo herrietakoak. Ikusgarria su ziriekin bururatu zen.

Milesker besta komiteari animazio atsegina proposaturik eta gaitzeko antolakuntza segurtaturik. Heldu den urte arte!


Gozategia ostatuan sukaldari bat xerkatzen

Sukaldari bat xerkatzen dute Gozategia jatetxean, buruilaren hondarretik goiti, astelehenetik ortzegunera eguerdiz, eta eguerdiz eta arratsez ortziral eta larunbatetan. Laneko baldintzak: astean 35 ordu lan eta soldata esperientziaren arabera.

Gozategia jatetxeko ostalerrarekin harremanetan sartzeko, huna bi telefona zenbaki: 05-59-25-03-88 eta 06-18-40-53-55.


Nahas mahas

Urte hondarrari buruz, huna nahas mahas hitzordu batzuen berri: buruilaren 18an, Goiti Aire elkartearen ateraldia autobusez Pabera (Gazteluaren bisita, bazkaria Rontignon herrian, Jurançon-eko soto baten bisita). Urriaren 18an larunbatarekin, "Aiherra Antzuola" eguna, Aiherran. Xehetasunak berantago. Abenduaren 6an, Xilaba Denen Etxeko gela handian (bertso txapelketaren saioa).

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3799. zbk

Gure Hitza | 2025/09/04

Udako oihartzunak

Peio Jorajuria

Uda minean, etxeko baratzean landare berezi bat agertu zaigu. Laster handitu da, hostoa eder eta lorea airos, bero zakarrez dirudienaz axolarik gabe. Hau ba landare misteriotsua! Telefono mugikorrarekin landarea argazkitan hartu eta aplikazio baten bidez berehala daukagu ihardespena. Estramonio bat da, zientzialarien hizkuntzan “datura stramonium”. Datura fruitua alkaloide narkotiko bat da, ondorioz landareak izenorde andana badaukala, “asma-belar”, “eroen belar”, “deabruaren belar”, “sorgin-belar”, “sagar pozoitsu” eta besterik ere. Ederra baina toxikoa. Eta gainera landare inbaditzailea omen da. Ez da erratearen beharrik hori jakin bezain laster errotik atera dudala eta bota.

Baratze batetik bertzera. Marieneko lurretan, Kanbon, bat-batean txorimaloak edo marikak agertu zaizkigu, koloretsu. Baratze alternatiboa isilka suntsitu...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016