Azalekoa | 2026ko Otsailaren 19a
Txoko elkartea, prekarietatea eta aurreiritzien gainetik
A.E.
Hendaiako Txoko elkarteak, etxerik gabeko edota prekarietatean bizi diren pertsonak laguntzen ditu. Abenduan, Piarres Larzabal kolegioak elkartasun hilabetea kari, Txoko elkarteari laguntza ekarri zion. Elkarte hunen inguruan solastatzeko, kolegioko historia eta geografia irakaslea baita Txoko elkarteko kide den Xan Berasategirekin elkartu gira.
Txoko elkartea
Dominique Cabanac medikuaren iniziatibaz sortu zen Txoko elkartea Hendaian, 2005ean. Michel Zubialde, Bernard Schneider, Jean Larraga, Mirentxu Lafitte eta Robert Arrambide dira sortzaileetarik.
Orotara 40 bat kidek osatzen dute elkartea. Usaian, erretretan direnek astean bi permanentzia segurtatzen dituzte, lanean ari direnek berriz, hilabetean behin. Elkartearen baitan araurik ez da, kide bakoitzak laguntza ekartzen du bere ahalen arabera. Denak dira bolondresak.
Elkarteak Herriko Etxeak utzi lokala baliatzen du, 79 Pausuko bidean, Hendaian. Bertan, emazte eta gizonendako aldagelak dituzte, dutxa eta komunekin.
Garai batez, beharretan zen 70 bat pertsona erregularki heldu zen egunero. Gaur egun, kopurua doi bat apaldu da, 40-50 bat pertsonekin.
Prekarietatean direnen harrera
Permanenteek, goizero binaka teilaturik gabeko pertsonen harrera segurtatzen dute, asteazken eta igandetan salbu. Bertan, kafea eta gosaria eskaintzeaz gain, dutxa, janaria eta jantziak garbigailutegietan baino merkeago garbitzea ahalbidetzen diete. Horrez gain, erretretan den eta bolondres gisa heldu den medikuaren bisita dute hilabetean bi aldiz eta ile-apaintzailea heldu zaie hilabetean behin.
Goizeko harrera inportanteena dela azaltzen zuen Xan Berasategik, gauak zailak izaten baitira kalean bizi direnentzat. Goxotasun pixka bat ekartzen diete.
Aterperik gabeko pertsonak dira heldu, Hendaiakoak edota Irunetik etorriak. Hala ere, orokorrean prekarietatean bizi den jendea etortzen da, batzuek apartamendua dute, besteek auto edo karabanan lo egiten dute.
Aurreiritzien gainetik
Beharretan diren pertsonen artean graduazio handia dela ohartu da Xan Berasategi. Kasu batzuetan, ez da batere pentsatzen eskaleak direla, bestetan droga eta alkoholean eroriak dira, haustura psikologikoa konpondu gabeak,… denetarik bada.
Txoko elkarteko kide gisa, laguntza ekartzea betegarria dela zioen historia irakasleak, anitz ekartzen baitio eta aberasgarria baita. Hala ere, gai hori jende batekin aipatzeak agresibitatea sortzen duela azaltzen zuen. Etxerik gabekoen kontrako herra sortzen da. Gai horren inguruan oraindik bada aurreiritzi edo hetsidura.
Haatik, prekarietatean diren pertsona horiek jende arruntak dira, nahiz usutan ikusten ez baginitu bezala egiten dugun. Orain, Xan Berasategik badaki zein garrantzitsua den supermerkatu aitzinean diren pertsonak agurtzea.
Bestalde, Piarres Larzabal kolegioko ikasleek, elkartasun hilabetean 1.500 euro eskuratu dituzte Txoko elkartearentzat, aire hartzeetan dirua edota materiala biltzeko antolatu ekintzen bidez (ikus 14.orr). Kolegioko historia irakaslea bere ikasleez harro agertu da, eta elkartea zinez esker onekoa.
Txoko elkarteak boluntarioak xerkatzen ditu. Elkarteari sustengua ekartzeko, diru emaitza egin daiteke txoko.fr webgunearen bitartez. Harremanentzat: txokohendaye@gmail.com.
Herriako irakurleari, aholku gisa, Xan Berasategik azpimarratu nahi dio karrikan den jendea agurtzea biziki preziagarria dela haientzat.





