Mundu zabalean | 2026ko Otsailaren 19a

Zisjordaniaren anexioa bidean

J.B.

Gaza suntsitu ondoan, Zisjordaniaren anexioa bidean ezarri nahi du Israelgo Gobernuak. Otsailaren 8an, Palestinako lurraldearen kontrola azkartzeko beste neurriak hartu ditu hebrear Estatuak, palestinarren lurrak israeldar kolonoen eskuetan ezartzeko errextasunak eskainiz. Nazio Batuetako Erakundeak, Europar Batasunak eta munduko hainbat Gobernuk salatu dute palestinar Estatuaren proiektua hilortu nahi duen erabakia.

Zisjordaniaren egoera

Gaza, Jerusalemeko Ekialdea eta Zisjordaniako lurraldeek osatzen dute gaurko Palestina. 5.800km²-ko eremuarekin Zisjordania da Palestinako lurralde zabalena. 1967ko sei eguneko gerlatik landa, Israelgo armadaren okupazioak bultzatu ditu lehen koloniak, urtetik urterat hedatuko direnak.

1993an, Israel eta Palestinako agintarien artean izenpetua izan zen Osloko akordioaren ondorioz, Zisjordaniako eskualdea hiru zonaldetan banatua izan zen: A eremua, ttipiena, lurraldearen %18a, palestinarrek kudeatzen dutena; B eremua (%22), palestinar administrazioak Israelgo armadaren gerizapean kudeatzen duena eta C eremua (%60), zabalena, Israelek osoki kontrolatzen duena. Hautsi-mautsi hori izan behar zen palestinar Estatuaren sortzeko lehen urratsa, bainan laster ikusi da kontrako bidea hartua zela. Akordioan Israelek hitzeman zuen kolonia berririk ez zuela eraikiko bainan, alderantziz, biderkatuak izan dira.

Palestinar Estatu proiektua hilortzeko politika

Gazako gerlarekin Benyamin Netanyahuren Gobernu estremistaren politika argi da. Eskuin muturreko ministroek ozenki errana zuten bezala, Gaza deuseztatu dute, gazatiarrak haizatu nahian. Denbora berean, Zisjordaniaren okupazioa eta kolonizazioa azkartu dute. Alde batetik kolonia berriak ofizialki onartuz eta bestetik baimenik gabe sortzen direnak militarki lagunduz. Joan den maiatzean, 22 kolonia berriren eraikitzea onartu du Israelek, horietan Jerusalem ekialde ingurukoak, Zisjordania bi partetan mozten dituztenak. Azkenean, hiru urte hauetan kolonien eta sasi kolonien kopurua doblatu da, palestinarren ezin bizia sortuz.

Gaur egun, hiru milioi palestinar bizi dira Zisjordanian eta 700 mila israeldar kolono daude, bainan denen eskubideak ez dira berdinak. Koloniak sortzearekin azpiegitura guziak eraikiak dira Zisjordaniako 280 kolonien arteko loturak errexteko eta azkartzeko, uraren kontrola hartzeko eta seguritatearen izenean pareta erraldoiak altxatzeko. Ondorioz palestinarrek okupatzen duten lurraldearen garapena baztertua da eta heien harat-hunatak handizki trabatuak. Nazio Batuek kondatu dituzte 800 armadako kontrol gune palestinarrek nahi ala ez egun guziez jasan behar dituztenak.

Horrez gain, kolonoen bortizkeria biderkatu da azken bi urteetan: laborarien errekoltak trabatuz, olibadiak errez edo arbolak moztuz, agresio fisikoak antolatuz, palestinarren auto eta etxeeri su emanez, eskoletan sartuz eta haurrak mehatxatuz. Ekintza horiek guziak Israelgo armadaren sustengu aktiboarekin gainera. Gobernuak gerlarako armen baimenak azkarki emendatu ditu bi urte hauetan, 165 mila arma gehiago ezarriz kolonoen eskuetan.

Anexioa helburu

Zisjordania Israelen meneko jartzea da Netanyahuren helburua, ahoan bilorik gabe Bezalel Smotrich eskuin muturreko finantza ministroak deblauki azpimarratu du “Zisjordaniaren anexioa bidean da eta eginen dugu” erranez, joan den otsailaren 8an, Gobernuak hartu dituen azken neurriak plazaratu direlarik.

Orain arte Zisjordaniako lurrak, kolonietatik kanpo, palestinarrek bakarrik erosten ahal zituzten bainan joan den asteko dekretuak deuseztatzen du aitzineko legea eta kolonoek berenganatzen ahalko dituzte lur berriak, eraikitzeko permisak ere errextuak izanen zaizkielarik.

Bestalde otoitz lekuak, A eremuko palestinarrek kudeatu lurretan izanik ere, kontrolatuko dituzte israeldarrek.

“Zisjordania bermoldatzeko eta okupazioa oraino gehiago indartzeko neurriak” salatu ditu Peace Now izeneko Israelgo Gobernuz Kanpoko Erakundeak. Beste herri eta erakunde anitzen gaitzespenak izan dira, lehen lehenik arabiar edo islamiar Gobernuek, Europar Batasunak eta Nazio Batuetako idazkari orokorrak salatu dute nazioarteko eskubidea zuzenki zangopilatzen dituzten neurri berriak. Jadanik gauzatzeko neke ditaiken palestinar Estatu proiektua deuseztatzeko bidea hartua da.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3822. zbk

Gure Hitza | 2026/02/19

Hautesleak duen boterea

Menane Oxandabaratz

Herriko bozak hurbiltzen ari dira. Herriko Etxea bizitza demokratikoan funtsezkoa da. Edozein erakunde publiko izan: Estatua, Eskualdea, Departamendua, Euskal Elkargoa ala Herriko Etxea, garrantzitsuak dira. Haurtzaindegiek, eskolek, arta-etxeek, elkarteek… ongi ibiltzeko diru publiko laguntzak beharrezkoak dituzte eta azpiegitura publikoak ezinbestekoak dira.

Erakunde publikokoetako hautetsiek, izan ingurumenean, lurraren zaintzan, etxebizitzan eta sozial sailean, politika publikoak adostu behar dituzte. Ondoko belaunaldientzat erabaki arduratsuak hartzea beharrezkoa da.

Hartu norabide batzuekin ez delarik ados, erresistentzia mugimenduak sortzen dira. Kontrabotere herritar elkarteek manifestazioak eta desobedientzia ekintzak antolatzen dituzte. Kanboko Marieneko lur espekulazioaren inguruan den gatazka adibide ona da, mugimenduak eta sindikatuak proiektuaren kontra borrokatzen...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016