Herriz Herri - Senpere (L) | 2026ko Otsailaren 19a
Heriotze: Bibiche Bessonart - Ihauteriak - Igandean antzerkia
Heriotze: Bibiche Bessonart
Gaur gogoan dugu Jean-Louis Bessonart gure adiskide eta Herria astekariaren Senpereko berriketari zintzo eta jarraikia. Alabainan, Bibiche esposa-laguna zendu zaio, minbiziak eramanik. 67 urte zituen. Azkaindarra zen sortzez, Larzabal familiakoa, zortzi haurridetan zazpigarrena. Jean-Louis-rekin ezkondurik, Urguri auzoaldean eraiki zuten beren ohantzea, eta bi semeri eman bizia, Iban eta Xabier, biak gaur familiatuak. Hauen lau haurrak, Eneka, Unai, Luisa eta Nora, iguzkiak ziren Bibichentzat.
Ehorzte elizkizunerako, Senpereko eliza nasaia tanpez bete da, atxikimenduz. Hiru ilobek eta Unai seme-ttipiak eramanik espalda gainean hilkutxa, zeremonia kartsuki iragan da, beren amatxiri buruzko bi biloben lekukotasun amultsuarekin hasirik. Jean-René Prédaigne erretorak predikuan oroitarazi dauku nolakoa zen Bibiche, sukaldaritzan bereziki arrunt trebea, bere talentua besteak beste urte luzetan Herri Urratseko antolatzaile eta langileen zerbitzuko ezarririk. Oroitarazi ere eritasun latz hori jitean, nola kuraia eta nahikari handiz buru egin duen, indarrak zitueno, hurbilekoek miresgarriki inguraturik.
Elizkizun biharamunean, Bibichen gorputza Artixen erraustua izan da eta ondotik herriko hilobiaren inguruan berriz ere bildu dira etxekoak eta adiskide multxoa. Gure partetik, hemendik, gure agurrik zintzoenak helarazten dizkiegu Jean-Louis, Iban eta Karine, Xabier eta Pantxika, eta hauen lau haurreri bai eta hurbileko guzieri.
Herria
Ihauteriak
Zakuzaharrak elkarteak antolaturik, larunbatean iraganen dira ihauteriak (otsailaren 21a), egun osoan, goizeko 8etatik goiti. Animazioak, bazkaria (25€), desfilea (16:30-18:30), dantzak, auzia, kontzertuak. Kasu! Gertakari horrek trabak ekarriko ditu, bereziki aparkalekuetan eta zirkulazioarentzat.
Igandean antzerkia
Otsailaren 22an, igandez (17:00), Korrika kulturalaren karietara, “Kaka” antzerkia eskainiko da Larrekon. Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabala aktoreen sorkuntza bat da. Euskal kulturaren eszenatokian, kaka bat agertu da. Egoera ikertu behar da. Nork egin du? Noiztik hor da? Zer erran nahi du? Eta orain, zer egin kaka horrekin? Noren ardura da? Nork du garbituko? Kakak argitan ematen du gordetzen dugun guzia. Antzerki originala, umoretsua eta aldi berean gogoetagarria. Sartzea 12€, murriztua 8€, urririk 12 urtez pekoentzat. Erreserbatzeko: iparraldea@korrika.eus





