Gogoa hazi | 2026ko Otsailaren 19a
Gazteen osagarri mentala (II)
Peio Ospital
Segitzen dugu Cyril Tarquinio psikologo eta psikoterapeutak argitaratu liburuaren irakurketa"Génération à vif" (Ed. Dunod).
Deblauki pausatzen du idazleak harrotzen gaituen galdera: zer utzi diote gaurko gazteei beren aitatxi-amatxiek, 1968koek, gizartearen beharrezko galdekatze batean engaiatu ziren haiek berek? "Debekatua dago debekatzea" oihukatzen zuten, zapaltzailetzat zeukaten gizarte baten egiturak uzkaili nahian. Baina deus gehiago ez debekatzearen ondorioz, dena haizu delako ideia errotzen utzi dute, arauak soilik urratuak izateko balio zutela aldarrikatuz, eta, azkenean, norbanakoaren botereguziahalduna gailendu behar zitzaiola kolektiboari pentsatzera emanez. Bide batez, neurri handi batean, hazkunde bidean zegoen gizarte batez, gorabidean zegoen ekonomia batez eta oraindik sendo zegoen sistema batez baliatu dira. Baina ez dute deus proposatu suntsitzen lagundu zuten gizarte hura berreraikitzeko. Sistema hauskor batekin utzi gintuzten, lehia basatian eta bete ezinezko promesetan oinarritua.
Eta orain zer? Gazteak erreferente egonkorrik gabeko gizarte batean hazten ari dira, non norberaren botere-guzialdun ametsa arau gisa ezarri den. Kausa nobleak, hala nola emazteenak edo naturarenak, defendatuak izatea merezi dute segur, baina ez dira aski zinezko gizarte-proiektu baten falta estaltzeko. Ez da kausa bat salbatu behar dena, baizik eta sistema oso bat berriz pentsatu behar dena, egiten dituen kalteak sekulakoak direlako. Premiazkoa da zer gizarte eraiki nahi dugun pentsatzea.
Bada garaia ulertzeko gehiegizko indibidualismoak belaunaldi isolatu eta desengainatuak besterik ez dituela sortzen, etorkizun komuna eraikitzeko gai ez direnak. Ikuspegi kolektibo batera itzuli behar dugu, “bakoitza bere alde” araua gainditzen duen kontzientzia sortu beharra dago. Ez da luxu bat, baizik eta behar bat, zeren soilik kolektiboari zentzua emanez eskainiko baitiegu etorkizuneko belaunaldiei gizarte zuzenago, sendoago eta, oroz gainetik, iraunkorragoa. Ez dugu aukera galdu behar gure adinekoen porrotetarik ikasteko.
Cyril Tarquinio artatzaileak dioenez, belaunaldi hau ez dago ez galdua, ez desorientatua besterik gabe; buruargia du, bere existentzia osatzen duten hezkuntza, gizarte eta ekonomia sistemen kontraerran eta hauskortasunez kontziente da. Argitan ematen du Tarquiniok gazteen baitan etengabeko tentsioa sortzen duen norbanakoen nahien eta egiturazko traba guzien arteko lehiak. Beren gaitz pertsonala ez da hauskortasun pertsonaletara mugatzen. Problematika zabalagoak adierazten ditu, funtsezko nahasmendu garai bati datxezkionak. Haien kontakizunek gero eta desoreka handiagoa salatzen dute anbizioa sustatzen duen sistema baten promesen eta aldi berean inposatzen duen ibilbideen errealitate gordinaren artean.
Orduan galdera sortzen da: nola berreraiki guhaurk sorturiko hondakin horien gainean? Lehen lehenik, menturaz, gure erantzukizunaren partea kolektiboki onartuz, etorkizunaren etika bat berreskuratzeko asmoz. Gero, gure hezkuntza erakundeak errotik berriz pentsatuz, ez diploma fabrika gisa, baizik eta jakintzak egiazko emantzipazio tresna arra-bilakatzen diren espazio gisa. Horrek gure existentzietako espaziorik intimoenez jabetu diren logika kontableak haustea eskatuko luke, giza erritmoekiko errespetuzkoagoak diren denboralitateak berrezartzea.
Irakurketa honekin segituko dugu ondoko artikuluetan.










