Herriz Herri - Donamartiri (NB) | 2026ko Otsailaren 19a
Urrezko ezteiak
Joan den larunbat goizean, Donamartiriko Elizan, Edouard eta Jeanine Biscayk ospatu dituzte beren urrezko ezteiak. Alabainan duela 50 urte, egunez egun, Edouard-en urtebetetze egunean ezkondu ziren Ziburuko elizan, aurtengo aro bertsuarekin.
Edouard aihertarra sortzez, zazpi haurretako familia bateko bosgarrena. Aldiz Jeanine, ziburutarra sortzez, lau haurridetako familia bateko bigarrena.
1969an Edouard sartu zen okindegi batean aprendiz gisa. Gero soldadugoa egin bezain laster, joan zen berriz Zibururat, handik fite egin zuen bere biziko lagunaren ezagutza.
1976an otsailaren 14an eman zuten elgarri beren bizi guziko baimena.
Hazparneko François Dardan parropiako Blaise Martin apezak eta Edouard-en kusi den André Etcheverryk eman dute zeremonia ederra, kantu airos batzu emanez. Duela 50 urte André Etcheverry horrek berak ezkonduak zituen Edouard eta Jeanine. Geroztik apez horrek berak ezkonduak zituen Isabelleeta Virginie, Edouard eta Jeaninen bi alabak.
Mezatik landa denak gomitatuak ziren biziki ongi apaindua zen herriko “Bil Etxea” gelara,zintzur bustitzerat. Gero familiako ehun bat lagun elgarretaratu dira mahain baten inguruan “mutturfin” herriko Guilhem Marrimpoey sukaldariak moldatu bazkari onean parte hartuz.
Eguna ongi bururatzeko, iluntxean etorri dira Elgarrekin taldeko Edouard-en kantuko lagunak.
Bi oren kantuz arizan ondoan, Edouard eta Jeaninen Isabelle alaba zaharrenak gomitatu gaitu denak paella on baten jaterat.
Apairu on hori jan ondoan Elgarrekin taldeko kantariak hasi dira berriz kantu xahar zonbait emanez.
Gauerdi irian bukatu da ezin ahantzizko egun xarmagarri hori.











