Herriz Herri - Larzabale-Arroze-Zibitze (NB) | 2026ko Otsailaren 19a
Marrazkirri erakusketa Espelletenian
JO! izanen da 2026ko Marrazkirri edizioaren gaia. Ihauteri garai huntan, negua haizatzeko parada ezin hobea.
Irudika elkarte antolatzaileak agindu edo gomita honekin deitu ditu Euskal Herriko marrazkilariak, konfirmatuak edota amaturrak, gazte edo gazte izanak, otsailaren 27an estreinatuko den erakusketan parte hartzeko.
Betidaniko helburu eta erronka berdinekin antolatzen den ekitaldi parte hartzaile herrikoia. Baldintza bakarra: finkatu gaia segitzea eta umorez janztea, hori dena A4 formatuko paperean.
Azken urte hauetan bezala, Larzabaleko Espelleteniak ostatuko paretak gai honi lotuak izanen diren obraz estaliko ditu hilabete oso batendako.
Otsailaren 27an estreinatuko da gaualdia (19:30).
Publikoari harrera egiteko hor izanen dira musikariak.
Ondotik, marrazkien erakusketa eta egileen adierazpenak entzunen dira. Onintza Enbeita, Elixabet Etxandi eta herritarra den Elizetxebordako Naia Lopepe Etxeberri bertsulariek komentatuko dituztela aurkeztutako marrazkiak.
Espelletenia ostatuak zerbitzatuko duen afari denboran, Amaia Carrère eta Iñaki Martiarena zuzenean arituko dira marrazten, botako diren bertsuak irudikatuz.
Tarteka ere, musikariak entzunen dira eta kantatzeko parada izanen da Xabat, Battitt, Patxi eta Mugi Mugako artisten laguntzarekin.
Beste sorpresa berritzaileak hitzemanak dira ere, afari denboran…
Giro goxoa, umorea… lagun, herritar, ezagun edo ez… guzien artean bizitzeko.
Hilabete oso batez ikusgai izanen den marrazki erakusketa, hurbileko herritarren eta beste guzien bisita merezi izanen duen hitzordua.
Otsailaren 27ko afari alaituan parte hartzeko prezioa: 30€ helduentzat eta 12€ 15 urtez petikoentzat.
Ez ahantz izena emaitea otsailaren 25a aitzin telefono huntara deituz: 06-37-13-17-47.
Marrazkirri erakusketaren laguntzaileak dira Euskal Kultur Erakundea eta Bertsularien Lagunak.











