Ba ote dakixu? | 2026ko Otsailaren 19a
Dreyfus afera (7/10)
Gilen Bacho
Gonse jeneralak Picquart ez zuela konbentzituko ulertu zuen baina bazakien ere militar obedient bat zela. Orduan, armadako buruzagiek Picquart baztertzea erabaki zuten. 1896ko urriaren 27an, Picquartek misio manu bat, gerla ministroak sinaturik, ukan zuen, ezdeusetako misio bat, lotinant-koronela Parisetik urruntzeko: Ekialdeko armada gorputzaren argibide zerbitzuaren inspekzioa.
“Henry faltsua”
Arriskuen aitzinean, Aitzindaritza Gorenarentzat, Gonse jeneralak Henry komandanteari bere arrangurak partekatu zizkion: “Ginen egoera horretan gerlaukanen ginuen!” Orduan, “izpirituetan lasaitasuna berpizteko”, berantago erran zuen bezala, Henry komandanteak froga ezin ezeztatuzko baten eraikitzea erabaki zuen. Dokumentu faltsu hori urriaren 31n eta azaroaren 1ean gauzatu zuen. Pannizzardik Schwartzkoppen-i idatzitako gutun bat, 1896ko ekainekoa, erabili zuen, idazpurua eta sinadura begiratuz. Bien artean, testu berri bat idatzi zuen, zeinean Pannizzardiren idazkera imitatu zuen: “Diputatu batek Dreyfusi buruz galdeka hasiko dela leitu dut. Erromari esplikazio berriak galdegiten badira, sekula ez dudala harremanik ukan judu horrekin errango dut. Galdegiten badizute, hori erran, heldu dena berarekin ez baita sekula jakin behar.” Gutunaren hiru puskak lotu zituen. Idazpuruan, bere idazkerarekin, data faltsu bat idatzi zuen, “1894ko ekainaren 14a”, eta, 1896ko ekainaren jatorrizko gutunaren idazpuru eta sinadura faltsutu zituen. Baina, Henryren lanak ahuleziak bazituen. Idazkeraren imitazioa arrunt traketsa zen eta, sustut, papera zeinean bere testu faltsua idatzi zuen jatorrizko gutunaren paperetik desberdina zen. Azaroaren 2an, “Henry faltsua” Gonse eta de Boisdeffre jeneraleri presentatu zen. Billot gerla ministroari transmititu zuten, bi gutunak beste egiazko dokumentu zenbaitekin nahasiz, faltsua egiaztatzeko. Ministroak ez zuen amarrukeriarik ikusi eta Dreyfusen kulpabilitatea sekula baino seguragoa zela pentsatu zuen.
“Gutun hori Errepublikako Presidenteari eman”
Memento horretan, “dreyfusardek” ez zezaketen pentsa frantses armadako ofizier gorenak halako saldukeriak eraiki zitzaketela. Guti ziren eta haien zintzotasuna soilik zuten borroka eramateko. Egia defendatzen zuten baina nola frogatu? Bernard Lazarek bere 1895eko ekainaren memorioa berriz hartu zuen, dokumentu berri zenbait gehituz (bordereau-ko testua eta informazio zenbait “dosier sekretuari” buruz, Trarieux zenaturrak emanak, justiziako ministroa zena 1895ean). 1896ko azaroaren 6an, Lazarek liburuxka ttipi bat agertu zuen, Egia Dreyfus Aferari buruz tituluarekin. 3.500 pertsonalitateei igorria izan zen, parlamentari guziei bai eta ere idazle eta jakintsuei. Informazioen zuzentasunak Aitzindaritza Gorena harritu zuen eta Gonsek Picquart akusatu zuen. Azaroaren 10ean, Le Matin kazetak bordereau-aren faksimilea agertu zuen. 14an, Picquart gerla ministeriora konbokatua izan zen. Tunisiara igorria izan zen 48 oren barne, misio batentzat (Aitzindaritza gorenak han guduan hiltzen ahal zela pentsatu zuen). Baina Picquart ez zena inozoa, bere testamentuari gehigarri bat barneratu zuen, zeinean Dreyfus aferari buruz zakien guzia idatzi zuen, ohar honekin: “Heriotzaren kasuan, gutun hori Errepublikako Presidenteari eman”.




