Orotarik | 2026ko Otsailaren 19a
Kukumarro
Xarles Videgain
Erleak
Erlea da Euskal Herri guzian erabiltzen den hitz bakarra, eztia bezala, aldiz ezkoa Iparraldean bakarrik eta ez argizagia (kasu, ez da guk argizagi hitzaz deitzen dugun ilargia edo argizeitea). Hitz hori bakarra izateak erran nahi luke erlea eta erlegintza aspaldikoa dela eta etxekotu zaigula duela denbora anitz. Erle gabe erla erran daiteke Bizkaian eta Gipuzkoako herri batzuetan.
Alabainan, erle hitz zaharra da zeren XIII. mendean ezaguna baitzen Sanso Erlea deitzen zen gizona. Beste jende batzu badira, Garçia Erlea 1243an, Domingo Erlea eta leku izenetan izaten zen: Erlategui Çavala 1233an, Erlateguieta 1374an. J.B. Orpustanek ematen duen kasu zaharrena da Arlategi 1111n. Eta pentsatzen du Irisarriko Arrolategi izenean ez dela arroila ikusi behar baina erlea. Mitxelenak ere Erleghi izena aipatzen du 1114koa.
Atsotitzetan agertzen da erlea hala nola 1596ko Refranes y sentencias bilduman, “erle uzatuak abarrik ez” eta Oihenartek gauza bera dio: “erle joan nahiak ez ezti, ez breska”. Breska da eztizko edo ezkozko multzoa kofoinean (orrazea ere deitzen da). Erran nahi du Oihenartek norbait kargu batean balin badago eta alde egin nahi duelarik ez duela hor gehiago lanik egiten. Ez ezti ez breska erle joan nahiak. Badakigu anitzetan egia dela.
Ontsalaz erleak egoiten dira etxea bezalako aterbe batean eta kofoina, kogaña deitzen da edo erletxea. Erlauntz ere ezaguna da. Arno gozoa eta esnea sukrearekin gustukoa dute erleek kofoinaren inguruan. Eta moda zaharreko kofoinak meldo edo beste urrin oneko landare batez emokatzen ziren. Zernahi gisaz lotura ba omen dute erleek iguzkiarekin.
Kofoin edo kofointara erran gabe, entzun dut “erle” soilik erraiten. Larzabalen laborari batek erran zidan etxean erle anitz bazuela: “erle frango badiziu etxen, dozena bat beno gehio”, ulertu nuendozena bat erle, hots dozena bat kofoin edo kofointara bazituela.
Erle-txoria ba omen da, zein den ez dakit, beharbada erleak jaten ditu, erle belarra ere eta erle-mahatsa. Dakienak erran beza zer diren, gure botanikazko hitzetan nahaste handiak baitira.
Ezaguna da erleak egoiten ahal direla kanpoan adar batetik dilindan eta erlekume deitzen da. Kofoinetik joaten omen dira iguzkitako eguerdiz, erran nahi baita goizeko hamar edo hameka orenetan. Entzun dut lehenago bazirela erlekariak. Erlekaria oihanean bazebilen erlekumeen ondotik eta omen frangotan erlerik ez ote zen erreka baten ondoan so egiten zuen eta bati ohartu eta ahalaz haren ondotik bazohan erlekumea bildu artio. Egia ote? Bestenez eta berrikitan Azkarateko Irigaraik erran digun bezala, erlekumea atzemaiten zuenak gurutze bat emaiten zuen arbolaren tronkoan edo enborrean eta erlekari hura zen jabea. Itsusi zen kasu horretan ohoin izatea. Atzeman erlekumea beste norbaiten funtsean balin bazen, erdizka egiten zuten.
Ezaguna da ere nolako errespetua zuten jendeek erleen alde. Lehenik zuka mintzatzen zaio erleari, ez toka edo noka zakurrari bezala. Ez da azantza handirik egin behar haien inguruan ez eta sakrerik aurdiki. Erleen burua andere deitzen da. Eta etxeko jauna, edo etxeko andere zaharra hiltzen delarik erleak abisatu behar dira. Kultura anitzetan, erlea jainkoarena da, eta leizafina, lozerra eta liztorra debruarenak. Haatik jainkoarenak izanik ere ez dute dena libro eta norbait ausikitzen dutelarik, eztena galtzen dute eta hiltzen dira.
Erleek jende zuzena maite dute. Horra Jakes Casaubon zenak erran zidana. Usaia bazuen Baionako ospitalean eri zen Izurako lagun baten ikustera joatea. Berriak aipatzean, lagun honek kondatu zion Izura ondoko herriko ihiztari bat atzemana izan zela bere armarekin Izurako oihanean. Baimenik edo permisik gabe araiz. Tribunaletik igan zen, azkenean ez zen kondenatua izan, akitatua izan zen. Bainan horra zer gertatu zitzaion, izuratarrak Jakes Casauboni erran baitzion: “Ontsauk, gure justiziaren arabera ez dik deus makurrik egin, bena jakizak gauza bat, geroztik etziakok erle bat etxen egoiten”.
Goi mailako justizian erleak zuzen dabiltzala erran nahi zuen.






