Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2026ko Otsailaren 19a

Otsail ostegunak: “Lurdes Iriondo, euskal kanta berriaren aitzindaria”

Leire eta Intza Casamajou Elkegarai (Arg: Guillaume Fauveau)
Leire%20eta%20Intza%20Casamajou%20Elkegarai%20(Arg:%20Guillaume%20Fauveau)

Asisko Urmeneta, Joseba Sarrionandia eta Pauline Guellen ondotik, Leire eta Intza Casamajou Elkegarai ukanen ditugu otsail ostegun huntako mintzalariak. Leire eta Intza Casamajou Elkegarai Sohütako ahizpak, 2026ko udan Sohüta Hokin emanen den Lurdes Iriondo pastoralaren idazleak dira. Gazte izanik, beren ideia, asmo eta irakurketa propioa emanen digute, bai Lurdes Iriondoren ibilbideaz, bai eta pastoralaren nondik norakoaz gaurko egoeran. Huna nola Zabalik, otsail ostegunetako antolatzaileak, aurkezten daukun aste huntako gaia:

“1960. hamarkada euskal kantagintza berriarena izan zen, munduan zehar aldarri sozial eta politiko berriena izan zen bezala. Hego Euskal Herrian erregimen frankistak ezartzen zuen nazio zapalkuntza. Euskararen debeku eta zokoratze giro hortan altxatu ziren boz berriak, herriaren nazio izaera politiko eta kulturala kantuz transmititzen ahalegindu zirenak. Horietakoa izan zen Lurdes Iriondoren boz berritzaile, indartsu eta liluragarria.

Zenbait urtez bakarka ibili zen gitarra besapean, eta sekulako arrakasta bildu zuen kantaldiz kantaldi. Kontatzen denaz, “dei guziei erantzun ezinik”. Ez Dok Amairu kultur mugimenduaren sortzaile eta eramaileetakoa ere izan zen, gaur egun biziki ezagun izaten jarraitzen duten hainbat gizonen artean. Haren figura, haatik, urteekin eskapatu zaigu… Publikoan agertzea utzi ondoan, euskarazko haur eta gazte literatura idazten aritu zen halako lanik batere egiten ez zen garai batean. Hots, aitzindaria izan zen, kantagintzan ez ezik euskararen transmisioari dagozkion beste hainbat arlotan ere.

2026ko udan Sohütako herriari egokituko zaio pastoralaren aurkeztea, eta Lurdes Iriondo zenaren bizitza aipatzera agertuko dira taula gainetara. Zer rol joka lezake pastoral batek historia horren kontaketan? Eta zer rol Lurdes Iriondoren bizia kontatzeak Sohüta bezalako herri batean?”.

Huna besteak beste, zer galderen inguruan ariko zauzkigun aste huntako mintzalariak. Hitzordua, ostegunean, otsailaren 19an, Donapaleuko Touzaa etxean finkatua da (20:30).

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3822. zbk

Gure Hitza | 2026/02/19

Hautesleak duen boterea

Menane Oxandabaratz

Herriko bozak hurbiltzen ari dira. Herriko Etxea bizitza demokratikoan funtsezkoa da. Edozein erakunde publiko izan: Estatua, Eskualdea, Departamendua, Euskal Elkargoa ala Herriko Etxea, garrantzitsuak dira. Haurtzaindegiek, eskolek, arta-etxeek, elkarteek… ongi ibiltzeko diru publiko laguntzak beharrezkoak dituzte eta azpiegitura publikoak ezinbestekoak dira.

Erakunde publikokoetako hautetsiek, izan ingurumenean, lurraren zaintzan, etxebizitzan eta sozial sailean, politika publikoak adostu behar dituzte. Ondoko belaunaldientzat erabaki arduratsuak hartzea beharrezkoa da.

Hartu norabide batzuekin ez delarik ados, erresistentzia mugimenduak sortzen dira. Kontrabotere herritar elkarteek manifestazioak eta desobedientzia ekintzak antolatzen dituzte. Kanboko Marieneko lur espekulazioaren inguruan den gatazka adibide ona da, mugimenduak eta sindikatuak proiektuaren kontra borrokatzen...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016